martes, 1 de febrero de 2022

4. Pazko Domekea


IV. PAZKO DOMEKA

A urtean

(F. Marcos)

I. Irakurgaia

Jaun eta Mesias egin dau Jainkoak Jesus.

Apostoluen Eginak liburutik

Eg 2, 14a. 36-41

    Pentekoste-egunean, Pedrok honan berba egin eutsen judeguei: «Jakin begi ziur Israel herri osoak, Jaun eta Mesias egin dauala Jainkoak zuek kurutzeratu zenduen Jesus hau».
    Hitz honeek bihotza ikutu eutsiela, Pedrori eta gainerako apostoluei esan eutsien: «Anaiok, zer egin behar dogu?»
    Pedrok erantzun eutsen: «Bihotz-barritu zaiteze eta bateatu guztiok Jesus Mesiasen izenean, pekatuak parkatu dakizuezan, eta Espiritu Santua hartuko dozue doan. Izan be, zuentzat eta zuen seme-alabentzat agindu eban Jainkoak dohai hau, baita Jaunak gure Jainkoak deituko dituan atzerritar guztientzat be».
    Beste berba askoren bidez be egiten eutsen Pedrok testigantza, eta erreguka eskatzen eutsen, esanez: «Salbatu egizue zeuen burua gizaldi galdu honengandik».
    Pedroren hitza onartu ebenak bateatu egin ziran, eta egun haretan hirumilaren bat lagun batu jakon taldeari.

Jaunak esana

 

Erantzun salmoa

Sal 23 [22], 1-3. 4. 5. 6 (R/. 1)

R/.   Jauna dot artzain, ez naz ezeren beharrean.

        Edo: Aleluia.

V/.   Jauna dot artzain, ez naz ezeren beharrean;
larre gurietan etzunazoten nau,
ur-bazter nasaira eroaten
eta indarrak deustaz barritzen;
bide segurutik naroa,
bere izenari ohore eginez. R/

V/.   Ibar baltz ilunean banabil be,
ez naz gatxaren bildur,
Zu nigaz zagoz-eta;
zure artzain-makilak nasaitzen nau. R/.

V/.   Mahaia atontzen deustazu
arerioen begi-bistan;
orioz igurzten deustazu burua,
gainezka dot edontzia. R/.

V/.   Zoriona eta maitasuna ditut lagun,
bizitzako egun guztietan,
eta Jaunaren etxean biziko naz
amaibako egunetan. R/.

 

II. Irakurgaia

Zeuen artzain eta zaintzaileagana bihurtu zarie.

San Pedro Apostoluaren lehenengo epistolatik

1 P 2, 20b-25

    Senide maiteok: On egiteagaitik nekeak jasan behar badozuez, hori gauza ederra da Jainkoaren begietan. Horretarako deitu deutsue Jainkoak; izan be, Kristok berak be nekeak jasan ebazan zuekaitik, zuei eredua itziz, haren pausuei jarraitu deiezuen. Harek ez eban pekaturik egin, haren ahoan ez eben aurkitu maltzurkeriarik. Iraintzen ebenean, ez eban irainez erantzuten; nekeak jasatean, ez eban mehatxurik egiten; bestetara, zuzen epaitzen dauanaren eskuetan jartzen eban bere burua.
    Gure pekatuak bere gain hartu eta kurutzera eroan ebazan, gu, pekaturako hilik, zuzen bizi gaitezan; haren zauriek osatu zaituee. Ardi galduak lez zenbiltzen; baina orain zeuen artzain eta zaintzaileagana bihurtu zarie.

Jaunak esana

          

Aleluia

Jn 10, 14

R/.   Aleluia.

V/.   Neu naz artzain ona, dino Jaunak;
        ezagutzen ditut neure ardiak,
        eta neureek ezagutzen nabe Ni. R/.

 

Ebanjelioa

Neu naz ardien atea.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik

Jn 10, 1-10

    Aldi haretan, Jesusek esan eban: «Bene-benetan dinotsuet: Artegian, atetik barik beste nonondik sartzen dana lapurra da eta harrapatzailea. Atetik sartzen dana, barriz, artzaina da. Honi zabaldu egiten deutsa atezainak, eta ardiek entzun egiten dabe haren ahotsa; ardi bakotxari bere izenaz deitzen deutsa, eta kanpora ataratzen ditu. Ardi guztiak atara ostean, aurretik joaten jake eta ardiek jarraitu egiten deutsoe, haren ahotsa ezagutzen dabe-eta. Arrotzari, ostera, ez deutsoe jarraituko; kontrara, ihes egingo deutsoe, arrotzaren ahotsa ez dabe ezagutzen-eta».
    Jesusek parabola hau esan eutsen, baina hareek ez eben ulertu zer esan gura eutsen. Orduan, holan azaldu eutsen barriro Jesusek: «Bene-benetan dinotsuet: Neu naz ardien atea. Nire aurretik etorritako guztiak lapurrak ziran eta harrapatzaileak; horregaitik, ardiek ez eutsien jaramonik egin. Neu naz atea. Ate honetatik sartzen dana salbatu egingo da, nasai sartu eta urtengo dau, eta aurkituko dau jatekoa. Lapurra ez doa artaldera ostu, hil eta hondatzera baino; Ni, barriz, bizia izan dagien etorri naz, eta ugari izan dagien».

Jaunak esana

 

(Fray Marcos)
IV. PAZKO DOMEKA

B urtean

I. Irakurgaia

Ez dogu beste inor salbatu gaikezanik.

Apostoluen Eginak liburutik

Eg 4, 8-12

    Aldi haretan, Pedrok, Espiritu Santuaz beterik, esan eban: «Herriko agintari eta zaharrok, gaur, gaixo bati eginiko mesedea dala-eta, noren eskuz osatu dan itauntzen deuskuzue; bego, beraz, argi zuentzat guztiontzat eta Israel herri osoarentzat, zuek kurutzeratu eta Jainkoak hilen artetik biztu eban Jesu Kristo Nazaretarraren izenean dozuela gizon hau zeuen aurrean osaturik. Jesus hauxe da zuek, "etxegileok, baztertutako harria, giltzarri bihurtua". Honengan bakarrik dogu salbazinoa, ez deusku-eta Jainkoak gizon-emakumeoi beste inor emon eguzkipean, gu salbatu gaikezanik».

Jaunak esana

 

Erantzun salmoa

Sal 118 [117], 1 eta 8-9. 21-23. 26 eta 28-29 (R/. ik. 22)


R/.
  Etxegileek baztertutako harria,
        berori bihurtu da giltzarria.

        Edo: Aleluia.

V/.   Eskerrak Jaunari, ona da-eta,
haren maitasuna betikoa da-eta.
Hobe da Jaunagan babestea
gizakiaz fidatzea baino;
hobe Jaunagan babestea
handikiez fidatzea baino. R/.

V/.   Eskerrak Zuri erantzun deustazulako,
nire salbatzaile izan zaralako.
Etxegileek baztertutako harria
giltzarri bihurtu da.
Jaunak egin dau hori,
gure begien harrigarri. R/.

V/.   Bedeinkatua Jaunaren izenean datorrena!
Jaunaren etxetik bedeinkatzen zaituegu.
Zeu zara nire Jainko, eskerrak Zuri!
Gora Zu, ene Jainko hori!
Eskerrak Jaunari, ona da-eta,
haren maitasuna betikoa da-eta. R/.

 

II. Irakurgaia

Dan lakoa ikusiko dogu Jainkoa.

San Joan Apostoluaren lehenengo epistolatik

1 Jn 3, 1-2

    Seme-alaba maiteok: Begira zenbaterainoko maitasuna agertu deuskun Aitak, Jainkoaren seme-alaba izena daroagu-eta, baita izana be. Hona zergaitik munduak ez gaituan ezagutzen: Aita be ezagutu ez ebalako. Ene maiteok, orain Jainkoaren seme-alaba gara; gero izango garana oraindino ez da agertu. Badakigu, Kristo agertuko danean, haren antzeko izango garala, dan lakoa ikusiko dogu-eta.

Jaunak esana

 

Aleluia

Jn 10, 14

R/.   Aleluia.

V/.   Neu naz artzain ona, dino Jaunak;
        ezagutzen ditut neure ardiak,
        eta neureek ezagutzen nabe Ni. R/.

 

Ebanjelioa

Artzain onak bere bizia emoten dau ardien alde.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik

Jn 10, 11-18

    Aldi haretan, Jesusek esan eban: «Neu naz artzain ona. Artzain onak bere bizia emoten dau ardien alde. Ez, ostera, morroiak, artzain ez danak eta ardiak bereak ez dituanak; honek, otsoa datorrela ikustean, ardiak itzi eta ihes egiten dau; eta otsoak ardiak harrapatu eta sakabanatu egiten ditu. Izan be, morroiari soldatak deutsa ardura, eta ez ardiak.
    Neu naz artzain ona. Ezagutzen dodaz neure ardiak, eta neureek ezagutzen nabe Ni, Aitak Neu ezagutzen nauan eta Neuk Aita ezagutzen dodan moduan. Nik neure bizia emoten dot ardien alde. Badodaz artegi honetakoak ez diran beste ardi batzuk; honeek be erakarri egin behar dodaz; entzungo dabe nire ahotsa eta artalde bakarra izango dira, ardi-jagole bakarraren gidaritzapean.
    Horregaitik maite nau Aitak: neure bizia emoten dodalako, barriro eskuratzeko. Ez deust bizia inork kentzen, Neuk emoten dot neure gogoz. Neure esku dot emotea eta neure esku barriro eskuratzea. Horixe da nire Aitagandik hartu dodan agindua».

Jaunak esana

 


IV. PAZKO DOMEKA

C urtean

(Fray MARCOS)

I. Irakurgaia

Jentilengana joko dogu.

Apostoluen Eginak liburutik

Eg 13, 14. 43-52

    Egun hareetan, Paulo eta Bernabe Pergetik Pisidiako Antiokiara joan ziran. Eta zapatuan sinagogan sartu ziran eta han jesarri.
    Judegu askok eta Jainkoa gurtzen eben judegu barri askok Paulori eta Bernaberi jarraitu eutsien; honeek, euren hitzez, Jainkoaren graziari loturik irauteko adore emoten eutsien.
    Hurrengo zapatuan, ia herri osoa batu zan Jaunaren hitza entzuteko. Jentetza ha ikusirik, judeguak bekaitzez bete ziran eta irainka egiten eutsoen kontra Paulok esaten ebanari. Orduan, Paulok eta Bernabek ausartsu esan eben: «Zuei adierazo behar geuntsuen lehenengo Jainkoaren hitza; baina hitza baztertu eta zeuen buruak betiko bizitzarako gai ikusten ez dozuezan ezkero, jentilengana joko dogu. Hauxe agindu deusku-eta Jaunak: "Nazinoen argitzat ezarri zaitut, salbazinoa lurraren bazterreraino eroan dagizun"».
    Hau entzutean, jentilak poztu egin ziran eta Jaunaren hitza goratzen eben. Eta betiko bizitzarako ziranek sinistu egin eben.
    Jaunaren hitza zabalduz joian herrialde haretan guztian. Baina judeguek andra handiki jainkozale batzuk eta herriko jauntxuak berotu ebezan, Pauloren eta Bernaberen kontra erasoaldia sortu eben eta euren lurraldetik bota ebezan. Paulo eta Bernabe, protesta antzera euren oinetako hautsa hareen aurka astindu eta Ikoniora joan ziran. Ikasleak, barriz, pozez eta Espiritu Santuaz beterik gelditu ziran.

Jaunak esana

 

Erantzun salmoa

Sal 100 [99], 2. 3. 5 (R/. 3c)

R/.   Jaunaren herri gara eta haren larreko artalde.

        Edo: Aleluia.

V/.   Lurtar guztiok, egin irrintzi Jaunari,
zerbidu egizue Jauna pozaren pozez,
sartu zaiteze oihu alaiz haren aurrera. R/.  

V/.   Jakizue Jauna dala Jainkoa,
harek egin gaitu, harenak gara,
beraren herri eta beraren larreko artalde. R/.

V/.    «Ona da-eta Jauna,
haren maitasuna betikoa,
haren leialtasuna gizaldiz gizaldikoa». R/.

 

II. Irakurgaia

Bildotsak janarituko ditu
eta ur biziko iturrietara eroango.

Apokalipsia liburutik

Ap 7, 9. 14b-17

    Nik, Joanek, gizatalde handi bat ikusi neban, inork ezin konta ahalakoa, nazino eta arraza, herri eta hizkuntza guztietako jentez osotua, tronuaren eta Bildotsaren aurrean zutunik, soineko zuriz jantzita eta palma-adarrak eskuetan.
    Zaharretako batek esan eustan: «Honeek larrialdi handitik datozenak dira. Bildotsaren odolean garbitu dabez euren soinekoak, eta zuritu. Horregaitik dagoz Jainkoaren tronu aurrean, gau eta egun hari gurtza emoten bere tenpluan, eta tronuan jesarrita dagoana eurekin biziko da. Ez dira gehiago gose, ez egarri izango, eta ez ditu eguzkiak, ez sargoriak joko, tronuaren erdian dagoan Bildotsak janarituko ditualako eta ur biziko iturrietara eroango. Eta Jainkoak begietako negar-anpulu guztiak sikatuko deutsez».

Jaunak esana

          

Aleluia

Jn 10, 14

R/.   Aleluia.

V/.   Neu naz artzain ona, dino Jaunak;
        ezagutzen ditut neure ardiak,
        eta neureek ezagutzen nabe Ni. R/.  

 

Ebanjelioa

Betiko bizia emoten deutset Nik neure ardiei.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik

Jn 10, 27-30

    Aldi haretan, Jesusek esan eban: «Nire ardiek entzuten dabe nire ahotsa; Nik ezagutzen dodaz, hareek jarraitu egiten deuste, eta Nik betiko bizitza emoten deutset; ez dira betiko galduko, ez deustaz inork be eskutik kenduko.
    Hareek emon deustazan nire Aita beste guztiak baino handiagoa da, eta ezin ditu inork be kendu nire Aitaren eskutik. Aita eta biok bat gara».

Jaunak esana