Pazkoaldiko VI. astelehena
I. Irakurgaia
Jaunak bihotza
edegi eutson,
Pauloren hitzak
gogoz onartu egizan.
Apostoluen Eginak liburutik
Eg 16, 11-15
Egun hareetan, Troaden ontzia hartu eta
Samotraziara joan ginan zuzenean. Biharamonean, Neapolisera heldu ginan, eta
handik Filipora; Mazedonia eskualdeko uri nagusietako bat da Filipo, erromatar
kolonia.
Uri honetan egun batzuk emon genduzan.
Zapatuan uritik kanpora urten eta ibai ondora joan ginan, han judeguen
otoizleku bat egoala uste genduan-eta. Han jesarri eta batuta egozan emakumeei
berba egiten hasi ginan.
Bazan entzuleen artean Lidia izeneko emakume
bat, purpura-saltzailea, izatez Tiatirakoa; Lidiak Israelen Jainkoa gurtzen
eban. Jaunak bihotza edegi eutson, Pauloren hitzak gogoz onartu egizan. Eta,
bera eta beraren etxekoak bateatu zirala, erregu hau egin euskun: «Jaunagan
benetan sinisten dodala uste badozue, hartu egizue ostatu, arren, nire etxean».
Eta eskeintza onartzera behartu ginduzan.
Jaunak esana
Erantzun salmoa
Sal 149, 1-2. 3-4. 5-6a eta 9a (R/. 4a)
R/. Maite dau Jaunak bere herria.
Edo: Aleluia.
V/. Kanta Jaunari kantu barria,
kanta
haren gorespena fededunen batzarrean.
Poztu
bedi Israel bere Egileaz,
alaitu
siondarrak euren Erregeaz. R/.
V/. Goratu begie haren izena dantza eginez,
jo
begie harentzat danbolina eta zitara.
Maite
dau-eta Jaunak bere herria,
garaipenez
jantziko ditu umilak. R/.
V/. Alaitu beitez fededunak Jainko ospetsuaz,
egin
begie pozez oihu euren etzunlekuetan.
Bego
Jainkoaren gorapena hareen eztarrian
ohorea
da haren fededun guztientzat. R/.
Aleluia
Jn 15, 26b. 27a
R/. Aleluia.
V/. Egiaren Espirituak autormen egingo dau nire
alde,
dino
Jaunak,
eta
zuek be egingo dozue autormen. R/.
Ebanjelioa
Egiaren Espirituak autormen egingo dau nire alde.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik
Jn 15, 26–16, 4a
Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei:
«Nik Laguntzailea, jatorria Aitagan dauan egiaren Espiritua, bialduko deutsuet
Aitagandik. Harek, etortzean, autormen egingo dau nire alde. Eta zeuok be
egingo dozue autormen, ze, hasieratik Neugaz zagoze.
Hau guztiau zuen sinismenak huts egin ez
dagian esan deutsuet. Ze, judegu-alkartetik bota egingo zaituee; gehiago
oraindino, badator ordua, zeinetan zuek hilko zaituen edonork uste izango dauan
Jainkoari kultu emoten deutsala. Eta holan jokatuko dabe ez Aita, ez Ni,
ezagutu ez gaituelako».
Jaunak esana
IRUZKINA
Jesusen ahotan jarria badago ere, Joanen taldekideen bizipenak dirala esan geike hemen agertzen diranak, eta Jesusek berak aurrez esandakoak balira emoten jakuz.
Hortixik dakigu zein aberatsa, sakona eta zorion iturri izan zan Pazko bizipena Jesusen jarraitzaileentzat.
Jesusek bertan behera laga dauzalakoa emoten dau. Estu ibili dira. Baina apurka-apurka, egoerearen gain jarri ahala, halantxe hartzen dabe gero eta uste on handiagoa, eta horren barri emoten.
Aitak bialduko deutsue Poz-emoilea… Neuk bialduko deutsuet… Aita eta biok bat gara… Gatx egiten jake bizipen hori azaltzea.
Guk zera euki behar dogu argi: Jainkoa bakarra dala eta geure hizkera mugatuak behartzen gaitula egitadei begiratuz izen ezbardinak emotera.
Baina bakarra da Jainkoa, eta ez dogu kanpotiko bialdurik itxaron behar. Jainkoaren bizitza daroagu, eta Jesusek berak aurkitu eban lez aurkitu geike geuk ere eta berbiztu lez bizi izan. Horrela gauzatu daitekez gugan Jesusen berbok.
Pazkoaldiko VI. martitzena
I. Irakurgaia
Sinistu Jesus
Jaunagan,
eta salbatuko
zarie zeu eta zure etxekoak.
Apostoluen Eginak liburutik
Eg 16, 22-34
Egun hareetan, Filipoko jentea Pauloren eta
Silasen aurka jaso zan, eta hareei jantziak kendu eta zigortzeko agindu eben
agintariek. Zigorkada asko emon ondoren, kartzelara bota ebezan, kartzelariari
arretaz zaintzeko aginduz. Agindu eutsoen lez, kartzelariak barrueneko gelan
sartu ebazan eta oinak zepoan lotu eutsezan.
Gauerdi inguruan, Paulok eta Silasek
otoitzean ziharduen, Jainkoa kantuz goratzen; beste presoak entzuten egozan.
Bat-batean, hain lurrikara gogorra izan zan, kartzelaren oinarriei be dar-dar
eragiteraino. Eta kolpetik ate guztiak zabaldu ziran eta danen kateak askatu.
Iratzartu zan kartzelaria eta, espetxeko ateak zabalik ikustean, ezpata atara
eban bere burua hiltzeko, presoek ihes egin ebelakoan. Baina Paulok oihu egin
eutson: «Ez egin kalterik zeure buruari, guztiok hemen gagoz-eta».
Kartzelariak argia eskatu eban eta,
arrapaladan barrura sarturik, Pauloren eta Silasen oinetan ahuspeztu zan,
bildurrez dar-dar. Gero, kanpora atara ebazan eta esan: «Jaunak, zer egin behar
dot salbatzeko?» Hareek erantzun eutsoen: «Sinistu Jesus Jaunagan eta salbatuko
zarie zeu eta zeure etxekoak».
Eta Jaunaren hitza iragarri eutsien hari eta
haren etxeko guztiei. Gaueko ordu haretan bertan, kartzelariak beragaz eroan
eta zauriak garbitu eutsezan, eta behingoan bateatu zan beretar guztiekin
batera. Ondoren, bere etxera igonazo eutsen, mahaia jarri eta famili jaia egin
eben, Jainkoagan sinistu ebelako.
Jaunak esana
Erantzun salmoa
Sal 138 [137], 1-2a. 2b-3. 7c-8 (R/. ik. 7c)
R/. Zeure eskumaz salbatzen nozu, Jauna.
Edo: Aleluia.
V/. Eskerrak emoten deutsudaz, Jauna,
bihotz-bihotzez,
nire
hitzak entzun dozuzalako;
kantuz
goratzen zaitut aingeruen aurrean,
eta
zure tenplu santurantz begira ahuspezten naz. R/.
V/. Eskerrak emoten deutsadaz zure izenari,
zure
maitasun eta leialtasunagaitik,
parebakoak
egin dozuz-eta
zeure
izena eta agindutakoa.
Dei
egin neutsunean, erantzun zeustan,
kemena
bizkortu bihotzean. R/.
V/. Eskua luzatu eta salbatzen nozu.
Dana
egingo dau Jaunak nire alde.
Jauna,
zure maitasuna betikoa,
ez
itzi bertan behera zeure eskuen lana! R/.
Aleluia
Ik. Jn 16, 7. 13
R/. Aleluia.
V/. Egiaren Espiritua bialduko deutsuet, dino
Jaunak;
harek
gidatuko zaitue egia beteraino. R/.
Ebanjelioa
Ni joaten ez
banaz,
ez jatzue
etorriko Laguntzailea.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik
Jn 16, 5-11
Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei:
«Orain, bialdu ninduan Aitagana noa, eta zuetariko inork ez deust nora noan
itauntzen, ezpada ze, hori esan deutsuedalako, tristurak bete dau zuen bihotza.
Halan be, egia dinotsuet: hobe da zuentzat
Ni joatea; izan be, joaten ez banaz, ez jatzue etorriko Laguntzailea. Joaten
banaz, ostera, bialdu egingo deutsuet.
Ha etortzean, agirian jarriko dau munduaren
errua pekatuari, zuzentasunari eta epaiari dagokionean: pekatuari dagokionean,
Nigan sinisten ez daualako; zuzentasunari dagokionean, Aitagana noalako, eta ez
nozue gehiago ikusiko; epaiari dagokionean, mundu honetako buruzagia behin
honezkero, txartzat jota dagoalako».
Jaunak esana
IRUZKINA
Joanek Jesusen ahotan jarten dauzan berbotan aurkitu geike zein gatx egin jaken Jesusen heriotzea onartzea. Benetako porrota izan zan eurentzat, heriotzeaz dana amaitzen zala uste ebelako.
Eta Jesusen bizitzaldian ezin joan eitekezan aurrerago, ez ebelako Jesusengan kanpotikoa baino ikusten.
Espirituaren eraginez, Pazko-bizipenaren ondorioz hasiko dira, itsu-mustuan bazan ere, argi izpirik ikusten eta gauzak euren sakontasunean ulertzen.
Agintariek zuzengabekeria gauzatu eben Jesusengan heriotzara eroanez. Baina porrot itxurea eukana, Espirituak argituta, salbagarri bihurtu jake.
Beharrezkoa izan jaken Jesusen heriotza, euren burua bakartadean ikustea, guzti hori ulertzeko. Jainkoak zuzenbidea egin dau Jesusengan, agintariek zuzengabekeriaz heriotzara emondakoagan.
Hauxe da Poz-emoileak euren barruan gauzatzen dauana, eta tristurea poz bihurtuko.
Pazkoaldiko VI. eguaztena
I. Irakurgaia
Zuek ezagutu
barik gurtzen dozuena,
horixe
iragartzen deutsuet nik.
Apostoluen Eginak liburutik
Eg 17, 15. 22–18, 1
Egun hareetan, Paulori laguntzera joan
ziranek Atenasera eroan eben eta, bihurtzean, Silas eta Timoteorentzat mandatu
hau eroan eben: lehenbailehen Paulogaz batu eitezala.
Paulok, Areopago erdian zutunik, honan berba
egin eban: «Atenastarrok, edozelan be guztiz erlijinozale zariela ikusten dot.
Hortik zehar nenbilela zuen jainko-oroitarriei begira, altara bat aurkitu dot
idazkun honegaz: "Jainko ezezagunari". Hara bada, zuek ezagutu barik
gurtzen dozuena, horixe iragartzen deutsuet nik. Mundua eta munduan diran gauza
guztiak egin dituan Jainkoa zeru-lurren Jauna da eta ez da giza eskuz egindako
tenpluetan bizi; ez dabe giza eskuek zerbitzen be, ez dau-eta ezeren
beharrizanik, bera da-eta danei bizia, arnasa eta gainerako guztia emoten
deutsena.
Gizon bakar batengandik sortu ebazan
Jainkoak nazino guztiak, lur zabal osoan bizi eitezan, bakotxari bere sasoia
eta lur-mugak ezarriz. Eta hau guztia, Jainkoa bilatu egien, ea itsumustuka
gitxienez aurkitzen eben; izan be ez dago gutariko bakotxarengandik urrun, izan
be harengan bizi gara-eta, harengan mugitzen eta izan be harengan gara-eta;
hori bera dinoe zuen olerkari batzuek be: "Haren jatorrikoak gara".
Beraz, Jainkoaren jatorrikoak bagara, ezin
geinke pentsatu Jainkoa giza trebetasunak eta irudimenak landutako urre, zidar
edo harrizko irudien antzekoa danik.
Jainkoak ez dau kontuan hartu nahi izan
gizakien igaroaldia, ezjakinean bizi izan ziraneko sasoia, eta
bihotz-barritzeko agintzen deutse orain guztiei edonon. Izan be, erabagia dau
mundua justiziaz epaituko dauan eguna, eta horretarako ezarri dauan gizonaren
bidez epaituko dau, hau hilen artetik biztuz, danei ziur erakutsi deutsen lez».
Hilen
biztuera aitatzen entzutean, batzuek barre egin eutsoen; beste batzuek, barriz,
esan eutsoen: «Hurrengo baten entzungo deutsugu horretaz». Paulok, orduan, alde
egin eban hareen artetik.
Halan be, batzuk alkartu jakozan eta sinistu
egin eben; hareen artean ziran Dionisio Areopagokoa, Damaris izeneko emakume
bat eta beste batzuk. Ondoren, Atenas itzi eta Korintora joan zan Paulo.
Jaunak esana
Erantzun salmoa
Sal 148, 1-2. 11-13. 14
R/. Zeru-lurrak beterik daukaz zure distirak.
Edo: Aleluia.
V/. Goratu egizue Jauna zerutik,
goratu
zeru-goienetik.
Goratu
egizue, haren aingeru guztiok,
goratu,
haren gudari-talde guztiok. R/.
V/. Goratu egizue, munduko errege eta herri
guztiok,
buruzagi
eta munduko gobernari guztiok;
mutil
eta neska, agure eta umeok.
Goratu
begie Jaunaren izena,
izen
goren bakarra;
haren
ospea zeru-lurren gainetik garai. R/.
V/. Garaipena emoten deutsa bere herriari;
gorespena
zor deutsoe fededun guztiek,
gorespena
Israelek, bere-berea dauan herriak. R/.
Aleluia
Jn 14, 16
R/. Aleluia.
V/. Nik Aitari eskatuko deutsat,
eta
beste Laguntzaile bat emongo deutsue,
beti
zuekin egon dadin. R/.
Ebanjelioa
Egiaren
Espirituak gidatuko zaitue
egia beteraino.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik
Jn 16, 12-15
Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei:
«Gauza asko dot oraindino zuei esateko, baina oraingoz ez zarie gauza
ulertzeko. Halanda guzti, egiaren Espiritua etortzean, harek gidatuko zaitue
egia osoraino. Ez dau berak beragandik berba egingo, ezpada ze, entzungo dauana
esango deutsue eta etorkizuna iragarriko. Harek nire aintza azalduko dau, ze
adierazoko deutsuena niretik hartuko dau.
Aitak daukan guztia neurea da; horregaitik
esan deutsuet Espirituak niretik hartuko dauala adierazoko deutsuena».
Jaunak esana
IRUZKINA
Ba ete dabe garrantzirik Joanek Jesusen ahotan jarten dauzan berbok? Ezer argitzen deuskue, ala lehengotan lagaten gaitue? Zer da ulertu behar doguna, edo Espirituak argitu edo azaldu behar deuskuna?
Jesusegaz beragaz bizi izan eta hizkuntza berbera badarabile, eta ulertzen ez badabe, eta oraindino gauza asko gehiago badaukatsez esateko… non sartzen gara?
Neuretik emongo deutsue edo ez dau bere kabuz berba egingo (bere bostin), lehen ere agertu izan jaku, Aitak neuretik emongo deutsue inoanean, edo ez dot nik neurez hitz egiten¸ Aitagandik hartutakoa emoten deutsuet esaten euskunean.
Jesusek ez deusku, ba, ezer bialdu behar: Aita, Jesus bera eta Espiritua bat bera diralako.
Baina kanpotiko Jainko bat bilatzen dogunok hori ezin ulertu geike. Eta azalpen teorikoetatik gitxiago. Eta, tamalez, hortxe gabilz: Jesus azalpenetatik ulertu nahian.
Jesus ezagutzeko era bakarra, honen arabera, barruko esperientzia sakona da; argi eukita, gainera, berea lango Jainko esperientzia sakonera inoiz ere helduko ez garana.
Jainko esperientzia egitera behartuta gagoz Jesus ezagutu gura badogu eta maitatu: ezagutza espirituala.
Pazkoaldiko VI. eguena
Jaunaren Igokundeko irakurgaiak ik. Pazkoaldiko VII. domekan.
I. Irakurgaia
Hareekin
gelditu zan bizitzen eta lanean,
eta sinagogan
eztabaidan jarduten eban.
Apostoluen Eginak liburutik
Eg 18, 1-8
Egun hareetan, Atenas itzi eta Korintora
joan zan Paulo. Han, Akila izeneko judegu bat, Pontokoa izatez, eta Priszila,
haren emaztea, aurkitu ebazan. Italiatik etorri barriak ziran, judegu guztiek
Erromatik alde egiteko agindu eban-eta Klaudio enperadoreak. Paulo hareekin
hartuemonetan jarri zan eta, ogibide bera ebenez –oihal-txabolagileak ziran–,
hareekin gelditu zan bizitzen eta lanean. Zapatuero sinagogan eztabaidan
jarduten eban eta bai judeguak, bai greziarrak, sinismenera erakartzen
ahalegintzen zan.
Silas eta Timoteo Mazedoniatik etorri
ziranean, Paulo hitzaren predikazinoari dedikatua bizi zan, Jesus Mesias zala
autortuz judeguen aurrean. Baina judeguek kontra egiten eutsoelako eta irainka
erantzuten, Paulok, jantziak astinduz, esan eutsen: «Zeuek zarie jazo ahal
jatzuenaren erantzule; nik ez dot errurik. Aurrerantzean jentilengana joango
naz».
Sinagogatik alde egin eta Israelen Jainkoa
gurtzen eban jentil baten etxera joan zan; Tizio Zuzena eritxon eta sinagoga
ondoan eban etxea. Krispok, sinagogako buruzagiak, eta haren etxeko guztiek
Jaunagan sinistu eben; beste korintiar askok be, Paulori entzunda, sinistu eta
Bateoa hartu eban.
Jaunak esana
Erantzun salmoa
Sal 98 [97], 1. 2-3b. 3c-4 (R/. ik. 2b)
R/. Agertu dau Jaunak nazinoen aurrean
beragandiko garaipena.
Edo: Aleluia.
V/. Kanta Jaunari kantu barria,
egintza
harrigarriak egin ditu-eta;
garaipena
emon deutsa bere eskumak,
bere
beso santuak. R/.
V/. Bere garaipena ezagutuazo dau Jaunak,
bere
salbazino-egintza agertu nazinoen aurrean.
Ez
da ahaztu bere maitasunaz,
Israel
herriari deutson leialtasunaz. R/.
V/. Munduko bazter guztiek ikusi dabe
gure
Jainkoaren garaipena.
Egin
irrintzi Jaunari, lur osoa,
egin
poz-oihu eta kantu, jo soinua. R/.
Aleluia
Ik. Jn 14, 18; 16, 22
R/. Aleluia.
V/. Ez zaituet umezurtz itziko, dino Jaunak;
banoa,
baina bihurtuko naz zuengana,
eta
poztuko zarie. R/.
Ebanjelioa
Zuek triste
egongo zarie;
baina, zuen
tristura poz bihurtuko da.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik
Jn 16, 16-20
Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei:
«Denpora gitxi barru ez nozue ikusiko, baina handik gitxira ikusiko nozue
barriro».
Ikasleetariko
batzuek hau inoen alkarren artean: «Zer ete da dinoskun hau: “Denpora gitxi
barru ez nozue ikusiko, baina handik gitxira ikusiko nozue barriro”, eta
“Aitagana noa”? Zer esan gura ete dau “gitxi barru” dalako horregaz? Ez
deutsagu antzik be emoten zertaz diharduan».
Konturatu zan Jesus itaundu egin gura eutsoela,
eta esan eutsen: «Eztabaidan diharduzue zeuon artean esan deutsuedan honetaz:
“Denpora gitxi barru ez nozue ikusiko, baina handik gitxira ikusiko nozue
barriro”. Bene-benetan dinotsuet: Negar egingo dozue eta aieneka egongo zarie;
mundua, barriz, poztu egingo da. Zuek triste egongo zarie; baina zuen tristura
poz bihurtuko da».
Jaunak esana
IRUZKINA
Joanek bere ebanjelioan ikasleen egoerea eta bizipenak garantzen dauz, Jesusen ahotan jarriz despedidako afariko hitzaldi lez, zati honetan lez, haren ikasleen bildurrak, ulertezinak eta etsipen egoerea bera ere.
Gogorra eta hondagarria izan behar eban ikasleentzat Jesusen aldentzea, ha ezin ikusi ahal izatea, haren hutsunea somatzea. Inondik inora ere ez eben uste izango holangorik.
Baina Jesusen atxilotzeaz, haren jarraitzaileen taldea sakabanatu egiten da; zein baino zein bizkorrago bihurtuko zan euren lurralde Galileara eta han ezkutatu, atxilotua izatearen bildurrez.
Denporea behar izan eben guzti ha irunsteko eta, apurka-apurka, Pazko esperientzian sartzeko, eta Jesusen berbea bizi-emoile lez somatzeko euren barruan.
Bizi da! Eta bizia damosku! Bildurretatik askatu eta era barri baten biziazoten gaitu.
Beharrezkoa zan Jesusen aldentzea, haren hutsunea somatzea, bizipen honetaraino heltzeko.
Pazkoaldiko VI. barikua
I. Irakurgaia
Nire herri
izango dan jente asko
dot Nik uri
honetan.
Apostoluen Eginak liburutik
Eg 18, 9-18
Paulo Korinton egoala, gau baten hau esan
eutson Jaunak ikuskari baten: «Ez bildurrik izan; jarraitu hitz egiten isildu
barik. Ni zeugaz nago eta ez deutsu inork kalterik egingo. Nire herri izango
dan jente asko dot Nik uri honetan». Urte eta erdi egin eban Paulok Korinton, Jainkoaren
hitza irakasten.
Galion Akaiako kontsulorde zala, judegu
guztiak batera jagi ziran Pauloren aurka; auzitara eroan eta honan salatu eben:
«Jainkoari gure legearen kontrako kultua emotera bultzatzen dau honek jentea».
Paulo berba egiten hastera joiala, esan
eutsen Galionek judeguei: «Judeguok, bidebakokeria edo delitu handia balitz,
jaramon egingo neuskizue behar dan lez; baina, zuen gorabeherak berba eta izen
batzuri buruzkoak eta zuen lege horri buruzkoak diran ezkero, hor konpon zeuek.
Nik ez dot holako arazoetan epaile izan nahi». Eta auzitegitik kanpora bota
ebazan.
Orduan, Sostenes sinagogako buruzagiari
heldu eta jipoi ederra emon eutsoen greziarrek auzitegi aurrean bertan.
Galionek ez eutsen jaramonik egin.
Oraindino alditxu batez Korinton gelditu zan
Paulo. Gero, senideei agur egin eta Siriarantz urten eban ontziz Priszila eta
Akilagaz. Zenkreas urian ulea motz-motz egin eban, egina eban botoa betetzeko.
Jaunak esana
Erantzun salmoa
Sal 47 [46], 2-3. 4-5. 6-7 (R/. 8a)
R/. Jainkoa da mundu osoaren errege.
Edo: Aleluia.
V/. Herri guztiok, jo egizue txalo,
egin
pozez oihu eta irrintzi Jainkoari,
izugarria
da-eta Jauna, Goi-goikoa,
mundu
osoaren errege handia. R/.
V/. Menpean ipintzen deuskuz herriak,
oinpean
jartzen nazinoak.
Ondarea
aukeratu dau guretzat,
maite
dauan Jakoben harrotasun bide. R/.
V/. Irrintzi
artean igon dau Jainkoak,
turuta-soinuz
Jaunak.
Kanta
Jainkoari, kanta,
kanta
gure erregeari, kanta. R/.
Aleluia
Ik. Lk 24, 46. 26
R/. Aleluia.
V/. Beharrezkoa zan Mesiasek sufritzea
eta
hilen artetik biztea;
holan
sartu behar eban bere aintzan. R/.
Ebanjelioa
Zuen poza ez deutsue inork kenduko.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik
Jn 16, 20-23a
Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei:
«Bene-benetan dinotsuet: Negar egingo dozue eta aieneka egongo zarie; mundua,
barriz, poztu egingo da. Zuek triste egongo zarie; baina zuen tristura poz
bihurtuko da».
Emakumea, umea izatean, triste egon ohi da, ordua
etorri jakolako; seina izan ondoren, ostera, ahaztu egiten da larrialdiaz,
munduari gizaki bat jaio jakolako pozik.
Zuek be triste zagoze orain; baina agertuko
naiatzue barriro, eta poztuko zarie, eta zuen poza ez deutsue inork kenduko.
Egun haretan ez deustazue ezer itaunduko».
Jaunak esana
IRUZKINA
Itxura baten, Jesusen heriotzan mundua agertzen da garaile: harek eta bere ikasleek porrot egin dabe. Itxura hau, gainera, ez zan epe labur baten amaituko: denporatxoa behar izango eben jazoerea irunsteko, barneratzeko eta, ezbai askoren artean, biztuerearen argi izpiak ikusten hasteko.
Ezin dau porrota izan maitasunez emondako bizitzaren azkena. Haren azkena ezin dau izan heriotzaren ilunpeak eta ezerezean gelditzeak.
Onartezina egiten jaken hau gero eta esanguratsuago agertzen izan jake Maisuaren berbak eta bizikerea bera gogoratuz, hausnartuz eta alkarbanatuz.
Joanek darabilan erditze irudiak emon leigu aditzera heriotzearen beharra daukagula birsortzeko, bizitzaren betera heltzeko: galgaraua lurrean jausi eta hilten ez bada… gogoratuko dabe.
Maitasuna ezin da hil; iraun dirau. Eta maitasunez emondako biziak heriotzatik igaro beharra dauka bere osotasunera heltzeko.
Pazkoaldiko VI. zapatua
I. Irakurgaia
Liburu Santuen
bidez
Jesus zala
Mesias erakutsi Apolok.
Apostoluen Eginak liburutik
Eg 18, 23-28
Antiokian denporaldi bat egin ondoren,
handik urten eta Galazian eta Frigian zehar ibili zan Paulo, ikasle guztiak
gogo-berotuz.
Apolo izeneko judegu bat heldu zan sasoi
haretan Efesora; izatez Alexandriakoa zan, hizlari bikaina eta Liburu Santuetan
oso aditua. Jaunaren bideari buruz ondo eskolatuta egoan; gartsu hitz egiten
eban eta Jesusi egokiona zehatz irakasten, Joanena baino beste bateorik ezagutu
ez arren. Apolo, bada, sinagogan adoretsu hitz egiten hasi zan. Priszilak eta
Akilak entzun eutsoenean, eurakaz hartu eben eta ondino zehatzago azaldu
eutsoen Jainkoaren bidea.
Apolok Akaiara joateko asmoa ebala, senideek
animatu egin eben, eta hango ikasleei idatzi eutsien harrera ona egin egioen.
Hara heldu zanean, Jainkoaren graziagaz oso lagungarri egin jaken fededunei.
Izan be, gartsu egiten eutsen aurre judeguei danen aurrean, Liburu Santuen
bidez Jesus zala Mesias erakutsiz.
Jaunak esana
Erantzun salmoa
Sal 47 [46], 2-3. 8-9. 10 (R/. 8a)
R/. Jauna da mundu osoaren errege.
Edo: Aleluia.
V/. Herri guztiok, jo egizue txalo,
egin
pozez oihu eta irrintzi Jainkoari,
izugarria
da-eta Jauna, Goi-goikoa,
mundu
osoaren errege handia. R/.
V/. Jainkoa da mundu osoaren errege,
kanta
trebetasunez hari.
Jainkoa
nazinoen errege da,
Jainkoa
bere tronu santuan dago jesarrita. R/.
V/. Herrietako buruzagiak alkartu jakoz
Abrahamen
Jainkoaren herriari,
Jainkoarenak
dira-eta munduko ahaltsuak,
ha
guztien gainetik garai. R/.
Aleluia
Jn 16, 28
R/. Aleluia.
V/. Aitagandik urten eta mundura etorri nintzan;
orain
mundua itzi eta Aitagana noa barriro. R/.
Ebanjelioa
Aitak maite
zaitue,
zuek Ni maite
izan nozuelako eta sinistu dozuelako.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik
Jn 16, 23b-28
Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei:
«Bene-benetan dinotsuet: Aitari zeozer nire izenean eskatzen badeutsazue,
emongo deutsue. Orain arte ez deutsazue ezer eskatu nire izenean. Eskatu eta
hartuko dozue, zuen poza bete-betea izan daiten.
Orain arte irudi bidez berba egin deutsuet;
baina badator ordua irudi bidez berba egingo ez deutsuedana, ezpada ze, argi
eta garbi emongo deutsuet Aitaren barri. Egun haretan nire izenean eskatuko
dozue, eta ez dinotsuet Nik Aitari zuen alde eskatuko deutsadanik; ze, Aitak
berak maite zaitue, zuek Ni maite izan nozuelako eta Jainkoagandik etorri
nazala sinistu dozuelako.
Aitagandik urten eta mundura etorri nintzan;
orain mundua itzi eta Aitagana noa barriro».
Jaunak esana
IRUZKINA
Joanen alkarte harek eginahalak egiten dihardu Jesus ezagutzeko/maitatzeko eta haregaz bat egiteko. Horrelaxe baino ezin leikela Jainkoagana jo uste dau. Gero eta argiago (kostata bada ere) ikusten dau Aitagazko Jesusen bardintasuna: Jesus eta Aita bat dirala.
Ez dauke, ba, ezelango azalpenen beharrik. Argi dauke eskatzen dabena Jesusengan eskatu behar dabena, haren ikuspegitik eta nahieratik. Eta harek eskuratzen eban lez (maite ebalako Aitak) eskuratu leikeela eurek ere, eurak ere maite dauzalako Jainkoak.
Laburpen ederra emoten deusku, ba, Joanen ebanjelio txatal honek.
Aita eta Jesus eta Espiritua (maitasuna) bat bera dira. Harengandik urteteak eta harengana bihurtzeak maite gaitula Jainkoak iragarten dau (ez da fisikoki ulertu behar), eta beti dala geure hondoan (sakonean), eta hantxe aurkitu geikela.
Jesusen ikuspegitik jokatu ezkero ez daukagula eskatzerik ere, Jainkoaren maitasunean jardungo dogulako, eta betetasuna (bizitza berbiztua) oraindixik bizi izango dogulako.
Jesus dogu, ba, Jainkoaganako bide bakarra, eta beragan somatu geike Jainkoaren presentzia gugan.