miércoles, 2 de febrero de 2022

Pentekoste


PENTEKOSTE DOMEKA

Bezpera-arratsaldeko nahiz Gaubelako Meza

A B C urteetan

 

I. Irakurgaia

Babel ezarri eutsoen izena,
han nahastu eban-eta Jaunak mundu guztiaren hizkuntza.

Hasiera liburutik

Has 11, 1-9

    Sasoi haretan mundu guztiak hizkuntza eta berba berberak eukazan. Sortaldetik etorrita, gizonek ibar bat aurkitu eben Sinearko lurraldean eta han kokatu ziran. Orduan, hau esan eutsoen alkarri: «Ea, adreiluak egin eta erre dagiguzan sutan». Eta, holan, harriaren ordez adreilua erabili eben, eta kare-orearen ordez bikea.
    Gero, esan eben: «Ea, eraiki dagiguzan uri bat eta zerurainoko torre bat. Ospetsu egingo gara eta ez gara munduan zehar sakabanatuko».
    Jaitsi zan Jauna gizonek eraikitzen ziharduen uria eta torrea ikustera, eta esan eban: «Horra, guztiak herri bat bera dira, hizkuntza bat berekoak. Hau euren lehenengo lana badabe, aurrerantzean ez jake ezinezko jazoko egin nahi izango dabenik ezer. Jaitsi eta nahastu deiegun, bada, hizkuntza, alkar ulertu ez dagien».
    Holan, Jaunak handik bota eta mundu zabalean sakabanatu ebazan; uria eraikitzeari itzi egin behar izan eutsoen. Horregaitik, Babel –hau da, «Nahasketa»– ezarri eutsoen izena, han nahastu eban-eta Jaunak mundu guztiaren hizkuntza, eta handik sakabanatu ebazan mundu zabalean.

Jaunak esana

 

Erantzun salmoa

Sal 33 [32], 10-11. 12-13. 14-15 (R/. ik. 12b)

R/.   Bai dohatsu
        Jaunak bere oinorde aukeratu dauan herria.

V/.   Ezereztu egiten ditu Jaunak nazinoen asmoak,
huts bihurtzen herrien burubideak.
Jaunaren asmoak, barriz, betiko dirau,
haren burubideek gizaldiz gizaldi. R/.

V/.   Zorionekoa, Jauna Jainko dauan nazinoa,
harek bere ondaretzat aukeratu dauan herria.
Jaunak zerutik begiratzen dau,
ikusten dauz gizaki guztiak. R/.

V/.   Bere bizilekutik jarriak ditu begiak
munduko biztanle guztien gainean,
berak egin dau-eta danen bihotza,
eta adi dago hareen egintza guztiei. R/.

 

II. Irakurgaia

Jaitsiko da Jauna Sinai mendira herriaren aurrean.

Urteera liburutik

Ur 19, 3-8a. 16-20b

    Egun hareetan, Moisesek Jainkoagana igon eban. Jaunak menditik dei egin eta esan eutson: «Hitz egin Jakoben ondorengoei, israeldarrei, eta adierazo hau: "Ikusi dozue zer egin deutsedan egiptoarrei, eta zelan eroan zaituedan zuek arrano-hegoetan eta Nigana ekarri. Orain, beraz, nire esana betetzen badozue eta nire ituna gordetzen, zuek izango zaituet herri guztien artean neure jaubetza berezia, neurea da-eta lur osoa; abade-erreinu izango zaituet eta Neuri sagaratutako herria". Hau da israeldarrei esango deutsezuna».
    Joan zan Moises eta, herri-arduradunak baturik, Jaunak agindu eutson guztia adierazo eutsen. Orduan, herri guztiak aho batez erantzun eban: «Jaunak esandako guztia beteko dogu».
    Hirugarren eguna argitzean, trumoiak eta tximistak, hodei itxia eta turuta-hots ozena izan ziran mendi gainean, eta kanpalekuan egoan herri guztia dardara baten jarri zan. Moisesek herriari kanpalekutik urtenazo eutson Jainkoaren aurrera joateko, eta mendiaren oinean gelditu ziran.
    Sinai mendi osoa ketan egoan, Jauna su artean jaitsi zan-eta. Labatik lez igoten eban keak menditik, eta mendi guztia dardara bizian egoan. Gero eta ozenagoa zan turuta-hotsa: Moisesek berba egin eta Jaunak trumoi-hotsez erantzuten eutson. Jauna Sinai mendiaren gailurrera jaitsi zan eta bertara dei egin eutson Moisesi.

Jaunak esana

 

Erantzun salmoa

Dn 3, 52. 53. 54. 55. 56 (R/. 52b)

V/.   Bedeinkatua Zu, Jauna, gure asaben Jainkoa:

R/.   Aintza eta gorespen Zuri gizaldietan!

V/.   Bedeinkatua zure izen santua eta ospetsua: R/.

V/.   Bedeinkatua Zu zeure tenplu santu eta ospetsuan: R/.

V/.   Bedeinkatua Zu, errege-tronuan jesarrita zagozana: R/.

V/.   Bedeinkatua Zu, kerubinen gainean jesarririk,
        lezak arakatzen dozuzana: R/.

V/.   Bedeinkatua Zu zeru-sabaian: R/.

 

        Edo:     Sal 19 [18], 8. 9. 10. 11

R/.   Zeuk daukazuz, Jauna, betiko biziaren hitzak.

V/.   Jaunaren legea bikain, barrua arnasbarritzen dau;
Jaunaren agindua fidagarri, heldubakoa zuhur egiten dau. R/.

V/.   Jaunaren arauak zuzen, bihotzaren pozgarri;
Jaunaren agindua distiratsu, begien argigarri. R/.

V/.   Jaunaganako begirunea garbi, betiko irauten dau.
Jaunaren erabagiak benetako, dan-danak bidezko. R/.

V/.   Urrea, urre araztua baino desiragarriago,
eztia, ezti barria baino gozoago. R/.

 

III. Irakurgaia

Hazur igartuok, espiritua sartuazoko dot Nik zuengan,

eta biziko zarie.

Ezekielen Profezia liburutik

Ez 37, 1-14

    Egun hareetan, Jaunaren indarra jaubetu zan nitaz, eta haren espirituak hartu eta hazurrez betea egoan haran baten erdian itzi ninduan. Batera eta bestera ibiliazo ninduan hareen artean; hazur-pilo izugarria egoan haranean, zehatz igartuta.
    Jaunak esan eustan: «Gizaseme, bizi ete leitekez hazur honeek barriro?» Erantzun neutsan: «Jauna, Zeuk jakingo dozu».
    Harek, orduan: «Hitz egin nire izenean hazur honeei eta esan: "Hazur igartuok , entzun Jaunaren hitza. Hau esaten deutse Jainko Jaunak hazur igar honeei: espiritua sartuazoko dot Nik zuengan, eta biziko zarie. Zanez inguratuko zaituet, haragia eratuko dot zuen gainean, narruazala zabalduko eta espiritua emongo deutsuet, bizi zaitezen. Eta jakingo dozue Neu nazala Jauna"».
    Hitz egin neban Jaunaren izenean berak agindu eustan lez, eta, nik hitz egin bitartean, zarata bat izan zan: lurrak dardara egin eban eta hazurrak bata besteagaz alkartzen hasi ziran. Gainean zanak eta haragia sortzen jakezala ikusi neban eta narruazalez estaltzen zirala; baina ez eben espiriturik.
    Jaunak, orduan, esan eustan: «Hitz egin nire izenean espirituari, hitz egin, gizaseme. Hau esango deutsazu espirituari: "Horra zer dinoan Jainko Jaunak: Zatoz lau haizeetatik, espiritu, eta haize emon hildako honeei, bizi daitezan"».
    Hitz egin neban Jaunaren izenean berak agindu eustan lez, eta espiritua sartu zan hazurretan, bizira bihurtu ziran eta zutundu; gudaroste izugarria zan.
    Esan eustan Jaunak: «Gizaseme, hazur horreek Israel herri osoa dira. Hor dabiltz esaten: "Gure hazurrak igartuta dagoz, galdu dogu itxaropena; gureak egin dau".
    Hitz egin, beraz, nire izenean eta esan: "Horra zer dinoan Jainko Jaunak: Nik edegiko ditut zuen hilobiak, urtenazoko deutsuet zeuen hilobietatik, ene herri, eta Israelgo lurraldera eroango.
    Eta zuen hilobiak edegi eta horreetatik urtenazoko deutsuedanean, ene herri, orduan jakingo dozue Neu nazala Jauna. Neure espiritua ezarriko dot zuengan, eta bizibarrituko zarie. Zeuen lurraldean ezarriko zaituet, eta jakingo dozue, Nik, Jaun honek, esandakoa bete egiten dodala"». Halan dino Jainko Jaunak.

Jaunak esana

 

Erantzun salmoa

Sal 107 [106], 2-3. 4-5. 6-7. 8-9 (R/. 1)

R/.   Eskerrak Jaunari,

        haren maitasuna betikoa da-eta.

        Edo: Aleluia.

V/.   Oihukatu begie Jauna askatuek,
zapaltzailearen eskutik askatu
eta herrialde guztietatik, sortalde eta sartaldetik,
iparralde eta hegoaldetik batutakoek. R/.

V/.   Noraezean ebiltzan basamortuan,
bide bakartietan, bizitzeko uririk aurkitu ezinik.
Gose eta egarri ziran,
hilzorian, adorea galdurik. R/.

V/.   Baina larrialdian Jaunari deadar egin eutsoen
eta libratu ebazan estualditik.
Bide zuzenetik eroan ebazan,
bizitzeko urira heldu arte. R/.

V/.   Goratu begie Jauna bere maitasunagaitik,
gizakien alde egiten dituan gauza harrigarriakaitik!
asetu ebazan egarri ziranak,
ondasunez bete gose ziranak. R/.

 

IV. Irakurgaia

Neure morroien eta mirabeen gainera
neure espiritua isuriko dot.

Joelen Profezia liburutik

Jl 3, 1-5

    Honan berba egiten dau Jaunak:
«Neure espiritua isuriko dot gizaki guztien gain.
Zuen seme-alabek profetizatu egingo dabe,
zuen zaharrek amesak egingo dabez,
zuen gazteek ikuskariak izango.
Neure morroien eta mirabeen gainera be
neure espiritua isuriko dot, egun hareetan.
Gauza harrigarriak egingo ditut zeru-lurretan:
odola eta sua eta ke-mordoak.
Eguzkia ilunpe bihurtuko da,
iretargiak odol-itxura hartuko dau,
Jaunaren eguna, egun handia eta ikaragarria,
heldu baino lehen.
Orduan, Jaunaren izenari dei egin deiona salbatuko da.
Sion mendian eta Jerusalemen izango da salbabiderik,
Jaunak esan eban lez;
Jaunak deituak geldituko dira bizirik».

Jaunak esana

 

Erantzun salmoa

Sal 104 [103], 1-2a. 24 eta 35c. 27-28. 29b-30 (R/. ik. 30)

R/.   Zeure arnasa bialdu gugana
        eta lur-azala barritu, Jauna.

        Edo: Aleluia.

V/.   Bedeinkatu begi nire arimak Jauna!
Jauna, ene Jainkoa, bai handia zarala!
Distiraz eta handitasunez zagoz jantzia,
argiz inguratua, soinekoz lez. R/.

V/.   Bai ugariak, Jauna, Zuk eginak!
Danak jakituriaz egin dozuz,
zure sorkariz betea dago lurra.
Bedeinkatu begi nire arimak Jauna! R/.

V/.   Danak zure zain dagoz,
bere sasoian Zuk jaten emoteko zain;
Zuk emon, eta hareek harrapatzen dabe,
Zuk eskua zabaldu, eta ondasunez betetzen dira. R/.

V/.   Zuk arnasa kendu, eta hil egiten dira,
hauts izatera bihurtzen.
Zuk arnasa bialdu, eta barriro sortzen dira,
barritu egiten dozu lurbira. R/.

 

Epistola

Espirituak erregutzen dau gure alde,
ezin esan ahalako aienez.

San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako epistolatik

Erm 8, 22-27

    Senideok: Badakigu izadi osoa erdiminetan aieneka dagoala orain arte. Eta ha ez ezik, gu geu be bai: Espiritua lehen dohai lez hartu dogunok aieneka gagoz geure barruan, Jainkoak noiz askatuko eta bere seme-alaba noiz egingo gaituan zain.
    Salbatuak gagoz, bai, baina itxaropenean bakarrik. Eta itxaroten doguna ikusiko bagendu, hori ez litzateke itxaropen izango. Izan be, zelan itxaron ikusten doguna? Baina ikusten ez doguna itxaroten badogu, iraupenez behar dogu itxaron.
    Era berean, Espiritua datorkigu geure makaltasunean lagun, guk ez dakigu-eta behar dan lez otoitz egiten; baina Espirituak berak erregutzen dau gure alde, ezin esan ahalako aienez. Eta bihotzak aztertzen dituan Jainkoak ezagutzen dau zein dan Espirituaren gogoa, Espirituak Jainkoaren asmoen erara erregutzen dau-eta fededunen alde.

Jaunak esana

 

Aleluia

R/.   Aleluia.

V/.   Zatoz, Espiritu Santu,
        bete egizu zeure fededunen bihotza
        eta biztu hareengan zeure maite-sua! R/.

 

Ebanjelioa

Ur biziko ibaiak jarioko dira.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik

Jn 7, 37-39

    Jaietako azken egunean, egunik handienean, Jesusek zutunik jarri eta oihu egin eban, esanez: «Egarri dana betor Neugana, eta edan begi Nigan sinisten dauanak. Liburu Santuak dinoan moduan, ur biziko ibaiak jarioko jakoz barru-barrutik».
    Beragan sinistuko ebenek hartuko eben Espirituagaitik esan eban hori; izan be, ez zan oraindino Espiriturik, ze, Jesusen aintza ez zan oraindino azaldu.

Jaunak esana

 

 Pentekoste-eguneko Meza

A B C urteetan

(Fray MARCOS)

Badira aukerako II. irakurgai eta Ebanjelio bereziak, B urterako eta C urterako.

I. Irakurgaia

Guztiak Espiritu Santuaz bete ziran
eta berbetan hasi.

Apostoluen Eginak liburutik

Eg 2, 1-11

    Pentekoste-eguna heldu zanean, leku berean baturik egozan ikasle guztiak. Bat-batean, haize-bolada indartsu batena lako burrundara etorri zan zerutik eta ikasleak egozan etxe guztia bete eban. Orduan, suzko mihinak lako batzuk agertu jakezan, eta, banatuz, bakotxaren gainean kokatu ziran. Danak Espiritu Santuaz bete ziran eta hizkuntza arrotzez hitz egiten hasi, bakotxa Espirituak eragiten eutson lez.
    Bazan egun hareetan Jerusalemen judegu jainkozalerik asko, zerupean diran herri guztietakoak. Burrundara ha entzutean, jentetza handia batu zan eta harrituta gelditu ziran, nork bere hizkuntzan hitz egiten entzuten eutsen-eta.
    Harri eta zur, honan inoen: «Berba egiten dabenok, ez ete dira guztiak galilearrak? Zelan entzuten deutsegu, bada, bakotxak geure jatorriko hizkuntzan? Gure artean badira partiarrak, mediarrak eta elamdarrak; baita Mesopotamian, Judean, Kapadozian, Ponton eta Asian bizi diranak be; badira Frigiakoak eta Panfiliakoak, Egiptokoak eta Zirene inguruko Libiakoak, baita erromatarrak be; eta danok, judegu nahiz judegu barri, kretar nahiz arabiar, geure hizkuntzan entzuten deutsegu Jainkoaren egintza harrigarriak adierazoten».

Jaunak esana

Erantzun salmoa

Sal 104 [103], 1ab eta 24ac. 29b-30. 31 eta 34 (R/. ik. 30)

R/.   Zeure arnasa bialdu gugana
        eta lur-azala barritu, Jauna.

        Edo: Aleluia.

V/.   Bedeinkatu begi nire arimak Jauna!
Jauna, ene Jainkoa, bai handia zarala!
Bai ugariak, Jauna, Zuk eginak!
Danak jakituriaz egin dozuz,
zure sorkariz betea dago lurra. R/.

V/.   Zuk arnasa kendu, eta hil egiten dira,
hauts izatera bihurtzen.
Zuk arnasa bialdu, eta barriro sortzen dira,
barritu egiten dozu lurbira. R/.

V/.   Izan bedi betiko Jaunaren ospea!
Poztu bedi Jauna bere eginetan!
Atsegin bekio nire kanta,
Jaunagan izango dot neure poza. R/.

 

II. Irakurgaia

Gu guztiok Espiritu bat berarengan izan gara bateatuak,
gorputz bat bakarra egiteko.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo epistolatik

1 Ko 12, 3b-7. 12-13

    Senideok: Ezin dau inork esan «Jesus da Jauna!» Espiritu Santuak eraginda ez bada. Era askotakoak dira dohaiak, baina bat bakarra Espiritua; era askotakoak zerbitzuak, baina bat bakarra Jauna; era askotakoak eginbideak, baina bat bakarra Jainkoa, guztiengan guztia egiten dauana. Bakotxari danen onerako emoten deutsaz Jainkoak Espirituaren dohaiak.
    Gorputzak, bat izanik be, atal asko ditu; baina atal guztiek, asko izanik be, gorputz bat bakarra osotzen dabe. Gauza bera jazotzen da Kristogaz be. Gu guztiok, judegu nahiz greziar, esklabo nahiz libre, Espiritu bat berarengan izan gara bateatuak, gorputz bat bakarra egiteko. Eta guztiok Espiritu bat beretik edan dogu.

Jaunak esana

 

Neurtitza

 

Zatoz, bai, Gogo Guren
eta bialdu zerutik
zeure argi-izpia.
Zatoz, gaixoen aita,
zatoz, dohai-emoile,
zatoz, bihotzen argi.

Poz-emoile bikaina,
etxelagun atsegin,
sargorian haize fin.
Lan artean atseden,
nekean aringarri,
malkoetan pozgarri.

Bete, argi dohatsu,
zintzoen bihotzeko
zirrikiturik barrukoena.
Zure laguntza barik,
ez dau gizonak ezer,
ez dau ezer on danik.

Garbitu zikin dagoana,
busti lehor dagoana,
zauri guztiak osatu.
Gogor dana bigundu,
oker dana zuzendu,
hotz dagoana berotu.

Zugan uste on daben
zintzoei isuri
zazpi dohai zerutik.
Zintzo-saria emon,
osasun hil artean,
poza betierean.

Amen. Aleluia.

Aleluia

R/.   Aleluia.

V/.   Zatoz, Espiritu Santu,
        bete egizu zeure fededunen bihotza,
        eta biztu eurakan zeure maite-sua! R/.

 

Ebanjelioa

Aitak Ni bialdu nauan lez,
Nik zuek bialtzen zaituet.
Hartu egizue Espiritu Santua.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik

Jn 20, 19-23

    Astearen lehen-egunean, ilunabarrean, etxe baten batuta egozan ikasleak, ateak itxita, judeguen bildurrez. Sartu zan Jesus eta, erdian jarrita, esan eutsen: «Bakea zuoi». Hori esanda, eskuak eta saihetsa erakutsi eutsezan. Ikasleak pozez bete ziran, Jauna ikustean.
    Jesusek barriro esan eutsen: «Bakea zuoi. Aitak Ni bialdu nauan lez, bialtzen zaituet Neuk be zuok». Eta hareen gainera arnasa botata, esan eutsen: «Hartu egizue Espiritu Santua. Zuek pekatuak parkatzen deutsezuezanei, parkatu egingo deutsez Jainkoak be; zuek parkamena ukatzen deutsezuenei, ukatu egingo deutse».

Jaunak esana

 

Aukerako irakurgaiak

PENTEKOSTE DOMEKA

B urtean

(Fray MARCOS)

II. Irakurgaia

Espirituaren frutuak.

San Paulo Apostoluak Galaziarrei egindako epistolatik

Ga 5, 16-25

    Senideok: Bizi zaiteze Espirituari dagokionez, eta ez grina txarrei jarraituz. Giza grinak Espirituaren aurkakoak dira eta Espiritua giza grinen aurkakoa. Indar bi horreek alkarren aurka dabiltz; holan, ez dozue nahi zeunkiena egiten. Espirituak gidatzen bazaitue, ez zagoze legearen menpe.
    Giza grinetatik sortzen diran egintzak ezagunak dira: lizunkeria, zikinkeria, nasaikeria, idolatria, sorginkeria, areriotza, hasarrea, bekaizkeria, gorrotoa, norgehiagokeria, alderdikeria, zatiketak, ikusiezina, mozkorkeria, sabelkeria eta holakoak. Eta lehen esan neutsuena dinotsuet barriro be: holan jokatzen dabenek ez dabe Jainkoaren erreinua ondare jasoko.
    Espirituaren frutua, barriz, hau da: maitasuna, poza, bakea, pazientzia, bihotz ona, onginahia, leialtasuna, otzantasuna, bere buruaren jaube izatea. Ez da legerik holakoak gatxetsiko dituanik. Eta Kristo Jesusenak diranek kurutzean hilazo dabe pekatuzko euren giza izaera, bere gurari eta grinekin. Bizia Espirituak emoten badeusku, jokatu be jokatu dagigun Espirituaren arabera.

Jaunak esana

 

Aleluia

R/.   Aleluia.

V/.   Zatoz, Espiritu Santu,
        bete egizu zeure fededunen bihotza,
        eta biztu eurakan zeure maite-sua! R/.

 

Ebanjelioa

Egiaren Espirituak gidatuko zaitue
egia osoraino.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik

Jn 15, 26-27; 16, 12-15

    Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Nik Laguntzailea, jatorria Aitagan dauan egiaren Espiritua, bialduko deutsuet Aitagandik. Harek, etortzean, autormen egingo dau nire alde. Eta zeuok be egingo dozue autormen, ze, hasieratik Neugaz zagoze.
     «Gauza asko dot oraindino zuei esateko, baina oraingoz ez zarie gauza ulertzeko. Halanda guzti, egiaren Espiritua etortzean, harek gidatuko zaitue egia osoraino. Ez dau berak beragandik berba egingo, ezpada ze, entzungo dauana esango deutsue eta etorkizuna iragarriko. Harek nire aintza azalduko dau, ze adierazoko deutsuena niretik hartuko dau. Aitak daukan guztia neurea da; horregaitik esan deutsuet Espirituak niretik hartuko dauala adierazoko deutsuena».

Jaunak esana

 

Aukerako Irakurgaiak

PENTEKOSTE DOMEKA

C urtean

 

II. Irakurgaia

Jainkoaren Espirituak gidatzen dituanak,
Jainkoaren seme-alaba dira.

San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako epistolatik

Erm 8, 8-17

    Senideok: Grina txarren menpean bizi diranak ezin izan gogoko Jainkoari. Zuek, ostera, ez zarie grina txarren menpean bizi, Espirituaren menpean baino, Jainkoaren Espiritua zuengan bizi da-eta.
    Norbaitek Kristoren Espiritua ez badau, hori ez da Kristorena. Kristo zuengan badago, barriz, gorputza pekatuagaitik hilik egon arren, espirituak badau bizia Jainkoaren salbazino-indarrari esker. Jesus hilen artetik biztu eban Jainkoaren Espiritua zuengan bizi bada, Kristo hilen artetik biztu ebanak berak biziazoko dau zuen gorputz hilkorra be, zuengan bizi dan Espirituaren bitartez.
    Zorretan gagoz, baina ez grina txarrekin, horreen arabera bizitzeko. Holan bizi bazarie, hil egingo zarie; baina Espirituaren bidez giza egintza gaiztoei uko egiten badeutsezue, biziko zarie.
    Jainkoaren Espirituak gidatzen dituanak, horreetxek dira Jainkoaren seme-alaba. Zuek ez dozue hartu esklabo egiten zaituen espiritua, barriro be bildurpean bizitzera eroango zaituen espiritua; seme-alaba egiten zaituen Espiritua hartu dozue zuek, eta Espirituaren bidez «Abba!», hau da, «Aita!» dei egiten deutsazue Jainkoari.
    Espiritu berberak gure espirituagaz bat egiten dau Jainkoaren seme-alaba garala autortzeko; eta, seme-alaba bagara, baita oinordeko be, Jainkoaren oinordeko eta Kristoren oinordekide; izan be, nekeetan Kristoren kideko bagara, aintzan be haren kideko izango gara-eta.

Jaunak esana

 

Aleluia

R/.   Aleluia.

V/.   Zatoz, Espiritu Santu,
        bete egizu zeure fededunen bihotza,
        eta biztu eurakan zeure maite-sua! R/.

 

Ebanjelioa

Espiritu Santuak irakatsiko deutsue guztia.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik

Jn 14, 15-16. 23b-26

    Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Maite banozue, beteko dozuez nire aginduak. Nik Aitari eskatuko deutsat, eta beste Laguntzaile bat emongo deutsue, beti zeuekin egon dadin, egiaren Espiritua. «Ni maite nauanak gordeko dau nire berbea; nire Aitak maiteko dau, eta Aita eta biok harengana etorriko gara eta harengan egingo dogu bizilekua. Ni maite ez nauanak, ostera, ez ditu gordetzen nire berbak. Eta entzuten dozuen berbea ez da nirea, bialdu nauan Aitarena baino.
    Zuekin nazan artean esan deutsuet hau. Baina Aitak Laguntzailea, Espiritu Santua, bialduko deutsue nire izenean; harek irakatsiko deutsue dana eta gogora ekarriko Nik esan deutsuedan guztia».

Jaunak esana