viernes, 11 de febrero de 2022

Pazko-zortziurrena

Pazko-zortziurreneko astelehena

I. Irakurgaia

Jesus hori biztu egin dau Jainkoak,
eta gu guztiok gara horren testigu.

Apostoluen Eginak liburutik

Eg 2, 14. 22-33

    Pentekoste-egunean, Pedrok, Hamaika apostoluen artean zutunik, ahotsa jasoz, honan hitz egin eban: «Judeguok eta Jerusalemen bizi zarien guztiok, entzun arretaz nire hitzak. Danok dakizuenez, zuen aurrean sinisgarri egin eban Jainkoak Nazareteko Jesus, haren bidez egintza ahaltsuak, mirariak eta ezaugarriak eginez. Jainkoak zuen eskura emon eban, bere asmoaren eta aurrez hartutako erabagiaren arabera, eta zuek hil egin zenduen, sinisbakoen eskuz kurutzean josiz; baina Jainkoak biztu egin eban, heriotzaren lokarrietatik askatuz, Heriotzak ezin eban-eta ha bere menpean euki.      

    Izan be, hau dino Davidek haretaz:

"Begi aurrean ikusten neban beti Jauna;
eskuman dodala, ez naiteke dardaratu.
Horregaitik alai dot bihotza, pozik mihina,
eta nire gorputzak be itxaropenean dau atseden.
Ez dozu-eta nire bizia Herio-lezara jaurtiko,
ezta be zeure fededuna hilobian usteltzen itziko.
Bizirako bidea erakutsiko deustazu,
alaitasunez beteko nozu zeure aurrean".

    Senideok, itzi egidazue argi eta garbi esaten gure aita David hil egin zala eta hobiratu egin ebela. Haren hilobia geure artean dogu gaur arte. Baina profeta zan eta baekian Jainkoak zin eginez agindu eutsola, haren odoleko bat jesarriko zala beraren tronuan. Beraz, aurrez ikusi eban Mesias biztuko zala, eta honetaz berba egin eban hau esatean: haren bizia ez ebala Herio-lezara jaurtiko eta ez zala haren gorputza hilobian ustelduko. Jesus hori biztu egin dau Jainkoak, eta gu guztiok gara horren testigu. Jainkoak bere eskumaldera jaso dauala, agindutako Espiritu Santua hartu dau Aitagandik eta guri isuri; hauxe da zuek ikusten eta entzuten diharduzuena».

Jaunak esana

 

Erantzun salmoa

Sal 16 [15], 1-2a eta 5. 7-8. 9-10. 11 (R/. ik. 1)

R/.   Zaindu nagizu, Jauna,
        babes bila nator-eta Zugana.

            Edo: Aleluia.

V/.   Gorde nagizu, Jainko,
Zugan babesten naz-eta.
Hau dinotsat Jaunari: «Zeu zaitut neure Jauna».
Jauna, Zeu zaitut neure ondarea, neure edontzia,
zeure esku dago nire zoria. R/.

V/.   Bedeinkatzen dot Jauna, aholku deust-eta emoten,
gauez be berak dau nire barrua hezten.
Begi aurrean dot Jauna eten barik;
ha eskuman dodala, ez naiteke dardaratu. R/. 

V/.   Horregaitik, alai dot bihotza, pozik erraiak,
atsedenean nasai gorputza.
Ez dozu-eta nire bizia heriotz-lezara jaurtiko,
ezta be zeure fededuna hilobian galtzen itziko. R/.

V/.   Bizirako bidea erakutsiko deustazu;
alaitasunez beteko nozu zeure aurrean,
zorionez betiko zeure ondoan. R/.

          Pazko-eguneko neurtitza esan leiteke.

 

Aleluia

Sal 118 [117], 24

R/.   Aleluia

V/.   Hau da Jaunaren egintza-eguna,
        poztu gaitezan eta alaitu harengan. R/.

 

Ebanjelioa

Esan nire senideei Galileara joateko;
han ikusiko nabe.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 28, 8-15

    Aldi haretan, emakumeak hilobitik arin-arin alde egin eta, ikaraz baina poz-pozik, lasterka joan ziran ikasleei barri emotera.
Horretan, Jesusek urten eutsen bidera eta agur egin eutsen. Emakumeek, hurreraturik, oinak besarkatu eutsoezan eta gurtu egin eben. Orduan, Jesusek esan eutsen: «Ez bildur izan! Zoaze eta esan nire senideei Galileara joateko. Han ikusiko nabe».
    Emakumeak bidean joiazala, guardiako batzuk urira joan eta gertatutako guztiaren barri emon eutsien abadeburuei. Honeek, zaharrakaz batu eta berbatu ondoren, dirutza handia emon eutsien gudariei, hauxe aginduz: «Esaizue, haren ikasleek gauez etorri eta zuek lo zengozela, gorpua lapurtu dabela. Eta Gobernariaren belarrietara ezer heltzen bada, geuk berba egingo deutsagu eta arriskutik atarako zaituegu».
    Hareek dirua hartu eta agindutako moduan egin eben. Eta gaur arte zabaldu da kontu hori judeguen artean.

Jaunak esana

 

IRUZKINA

Biztuerea ez da ohiko gauza bat. Jesusen jarraitzaileek somatzen eben barru-barruko gauzea zan; ordura arte somatu bakoa, esan bakoa, eta, gehiago, azaldu bakoa eta azaldu ezina. Baina ezagutzera emon beharrekoa somatzen eben.

Eta berbizkundearen narrazinoek bai hurreratzen gaituela —bildurraren eta itxaropenaren mutur bien artean— egia haretara.

Esan ezinean ere, bizi da hil eben Jesus, bizirik somatzen dabe. Eta horren iragarle lehenengoak emakumeak izango dira; gero bulartsu jarraituko dabe horretan ikasleek ere, eurek, arterago bertan behera laga eta ihes egin ebenek.

Zer jazo da Maisua bertan behera laga eta Galileara ihes egin ondorengo egunetan? Zer jazo da birdurkilik egotetik Jainkoak harengan egindako egintza ausardia osoaz iragartera heltzeko? Zer jazo da mezu horrek hainbesteren bihotzak hunkitzeko eta aldiak aldatzeko?

Horren barri emoteko berbarik aurkitzen ez badabe ere, eurek somatzen dabenaren barri emon beharra dabe: Jainkoak biztu egin dau guk heriotzara emon doguna.

 

Pazko-zortziurreneko martitzena

I. Irakurgaia

Bihotz-barritu zaiteze
eta bateatu guztiok Jesus Mesiasen izenean.

Apostoluen Eginak liburutik

Eg 2, 14a. 36-41

    Pentekoste-egunean, Pedrok honan hitz egin eutsen judeguei: «Jakin begi ziur Israel herri osoak, Jaun eta Mesias egin dauala Jainkoak zuek kurutzeratu zenduen Jesus hau».
    Berba honeek bihotza ikutu eutsiela, Pedrori eta gainerako apostoluei esan eutsien: «Anaiok, zer egin behar dogu?»
    Pedrok erantzun eutsen: «Bihotz-barritu zaiteze eta bateatu guztiok Jesus Mesiasen izenean, pekatuak parkatu dakizuezan, eta Espiritu Santua hartuko dozue doan. Izan be, zuentzat eta zuen seme-alabentzat agindu eban Jainkoak dohai hau, baita Jaunak gure Jainkoak dei egingo deutsen atzerritar guztientzat be».
    Beste berba askoren bidez be egiten eutsen Pedrok testigantza, eta arrenka eskatzen eutsen, esanez: «Salbatu egizue zeuen burua gizaldi galdu honengandik».
    Pedroren hitza onartu ebenak bateatu egin ziran, eta egun haretan hiruren bat mila lagun batu jakon taldeari.

Jaunak esana

 

Erantzun salmoa

Sal 33 [32], 4-5. 18-19. 20 eta 22 (R/. ik. 5b)

R/.   Jaunaren graziaz betea dago lurra.

        Edo: Aleluia.

V/.   Zuzena da Jaunaren hitza,
fidagarria harek egin dauan guztia.
Justizia eta zuzenbidea dau maite,
Jaunaren maitasunaz dago lurra betea. R/.

V/.   Jauna arduratzen da begirune deutsoenez,
haren maitasunean itxaroten dabenez,
hareek heriotzatik libratzeko
eta gosetean bizirik gordetzeko. R/.           

V/.   Guk Jaunagan dogu esperantza,
bera dogu laguntzaile eta babesle.
Betor gugaz, Jauna, zure maitasuna,
Zugan dogu-eta jarria itxaropena. R/.

          Pazko-eguneko neurtitza esan leiteke.

       

Aleluia

Sal 118 [117], 24

R/.   Aleluia

V/.   Hau da Jaunaren egintza-eguna,
        poztu gaitezan eta alaitu harengan. R/.

 

Ebanjelioa

Jauna ikusi dot, eta hau eta hau esan deust.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik

Jn 20, 11-18

    Aldi haretan, Maria hilobi ondoan egoan, kanpoan negarrez. Eta, negarrez egoala, hilobirantz makurtu zan eta aingeru bi ikusi zituan, zuriz jantzita, Jesusen gorpua egon zan lekuan jesarrita, bata burualdean eta bestea oinetan. Aingeruek esan eutsoen: «Zeri negar, emakume?» Mariak erantzun eutsen: «Nire Jauna eroan dabe, eta ez dakit non ipini daben».
    Hau esan eta berehala, atzera bihurtu eta Jesus ikusi eban zutunik, baina ez zan konturatu Jesus zanik. Jesusek esan eutson: «Zeri negar, emakume? Noren bila zabiltz?» Mariak, ortuzaina zalakoan, esan eutson: «Jauna, zuk eroan badozu, esaidazu non ipini dozun, eta neuk hartuko dot».
    Jesusek esan eutson: «Maria!» Honek, hurreratuz, esan eutson hebreeraz: «Rabbuni!» (hau da, «Maisu!» ). Jesusek esan eutson: «Itzi nagizu, ze, oraindino ez dot Aitagana igon. Zoaz nire senideakana eta esaiezu: “Neure Aitagana eta zuen Aitagana noa, neure Jainkoagana eta zuen Jainkoagana”».

    Joan zan Maria Magdalena, eta barri hau emon eutsen ikasleei: «Jauna ikusi dot, eta hauxe eta hauxe esan deust».

Jaunak esana

 

Iruzkina

Behin eta barriro esan behar da heriotzarainokoa hemengoxe gauzea dala, baina biztuerea… ez da aldi batekoa, edo zentzumenez hartu daitekeana, edo demostratu. Haragoko gauzea da.

Haren barri emoteko irudiak eta parekotasunak erabilten dira. Arriskua? Irudiotan gelditzea, eta hareen esangurara ez heltzea.

Jesus Berbiztua bizi dala esaten danean ez dinogu lehengo bizikereaz bizi danik, bizitzaren betean dala baino.

Mariak ez dau ezagutzen Berbiztua; baina bai bere izena esateko haren erea. Ezin izango dau besarkatu, baina bai haren agindua bete: apostolu, bialdua izatea, eta beste ikasleekaz batera barriro hastea: Galileara abiatuz.

Lehengo ibilbidea egin behar izango dabe; baina beste era batera. Lehengo ulerkereak ez deutse balio; lehengo ikuspegia eta ohiturak baztertu egin behar izango dabez; abadeburuek eta gudariek ez lez (honeik guzurretan dabilz) egiaren bideetan abiatu behar izango dabe. Espirituaren esanetara. Hauxe da benetako bizitza egiteko era bakarra.

 

 

Pazko-zortziurreneko eguaztena

I. Irakurgaia

Daukadana emongo deutsut:
Jesu Kristoren izenean, jagi zaitez eta ibili.

Apostoluen Eginak liburutik

Eg 3, 1-10

    Egun hareetan, Pedro eta Joan tenplura joiazan, arratsalde erdiko otoitzera. Tenpluko «Ate Ederra» esaten eutsoenaren sarreran, jaiotzatik herrena zan gizon bat egoan. Egunero ipintzen eben han, tenplura sartzen ziranei limosna eskatzeko. Pedro eta Joan tenplura sartzen ikusirik, limosna eskatu eutsen.
    Pedro eta Joan begira gelditu jakozan, eta Pedrok esan eutson: «Begira guri». Ha begira jarri jaken, hareengandik zeozer hartuko ebalakoan. Pedrok esan eutson: «Ez dot zidarrik, ez urrerik, baina daukadana emongo deutsut: Jesu Kristo Nazaretarraren izenean, jagi eta ibili zaitez». Eta, eskumako eskutik heldurik, jagiazo egin eban. Bat-batean gizonaren oinak eta orpoak sendotu ziran; salto batez zutundu eta ibiltzen hasi zan. Eta bere oinez sartu zan tenplura apostoluekin batera, saltoka eta Jainkoari goraka.
    Herri guztiak ikusi eban ibiltzen eta Jainkoa goratzen, eta, Ate Ederraren ondoan jesarrita limosna eske egoten zana bera zala oharturik, harri eta zur gelditu ziran jazotakoagaitik.

Jaunak esana

 

Erantzun salmoa

Sal 105 [104], 1-2. 3-4. 6-7. 8-9 (R/. 3b)

R/.   Poztu zaiteze
        bihotzez Jaunaren bila zabiltzenok.

        Edo: Aleluia.

V/.   Goratu egizue Jauna, dei egin haren izenari,
ezagutuazo herrien artean haren egintza bikainak.
Kantatu egiozue, jo soinua harentzat,
kontatu haren mirari guztiak. R/.

V/.   Harrotu zaiteze haren izen santuaz,
poztu, bihotzez Jaunaren bila zabiltzenok.
Jo egizue indartzen dauan Jaunagana,
bilatu eten barik haren aurpegia. R/.          

V/.   Zuek, Jaunaren morroi Abrahamen jatorrikook,
Jakoben seme-alabok, haren aukeratuok.
Jauna da gure Jainkoa,
lur osoaren gain haren aginpidea. R/.

V/.   Gogoan dau eten barik bere ituna,
mila gizalditarako agindua;
Abrahamegaz eginiko ituna,
Isaaki egindako zina. R/.

          Pazko-eguneko neurtitza esan leiteke.

 

Aleluia

Sal 118 [117], 24

R/.   Aleluia.

V/.   Hau da Jaunaren egintza-eguna,
        poztu gaitezan eta alaitu harengan. R/.

 

Ebanjelioa

Ogia zatitzean ezagutu eben.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 24, 13-35

    Egun haretan bertan, astearen lehen-egunean, Jesusen ikasle bi Emaus izeneko herritxura joiazan, Jerusalemdik hamaika kilometrora. Jerusalemen gertatutako guztiez berbetan ziharduen alkarregaz. Eta, berbaz eta eztabaidan ziharduela, Jesus berbera inguratu jaken eta eurekaz joian; hareen begiak, ostera, itsurik egozan eta ez eben ezagutu.
    Jesusek esan eutsen: «Zertaz diharduzue berbetan bidean alkarrekin?» Hareek gelditu egin ziran, aurpegia ilun, eta bietariko batek, Kleofas eritxonak, erantzun eutson: «Zeu izango zara Jerusalemen egunotan gertatu dana jakin ez dauan kanpotar bakarra!» Jesusek itaundu eutsen: «Zer gertatu da, ba?»
    Hareek erantzun eutsoen: «Nazareteko Jesusi gertatua; profeta ahaltsua zan egitez eta berbaz Jainkoaren eta herri guztiaren aurrean; baina gure abadeburuek eta agintariek heriotzara kondenatu dabe eta kurutzean josi. Guk uste genduan harek askatuko ebala Israel; baina badira hiru egun hori gertatu dala. Egia da gure arteko emakume batzuek harrituta itzi gaituela; goizean goiz joan dira hilobira eta ez ei dabe gorpua aurkitu; gainera, Jesus bizi dala esan deutsien aingeruak agertu jakezala esanez etorri jakuz. Gutar batzuk be izan dira hilobian, eta emakumeek esan bezala aurkitu dabe; baina bera ez dabe ikusi».
    Orduan, Jesusek esan eutsen: «Bai zentzunbakoak zariela, bai motelak profetek esana sinisteko! Ez ete eban, bada, Mesiasek hori guztia sufridu behar, bere aintzan sartzeko?» Eta, Moisesengandik hasi eta profetaz profeta, Liburu Santuek beraren gainean inoen guztia azaldu eutsen.
    Joiazan herritxura hurreratu ziranean, Jesusek aurrera jarraitzeko keinua egin eban. Baina hareek mesedez eta faborez eskatu eutsoen: «Gelditu zaitez geugaz, ze, berandu da eta iluna gainean dogu». Eta herrian sartu zan hareekin gelditzeko.
    Hareekin mahaian egoala, Jesusek, ogia harturik, bedeinkapen-otoitza esan, zatitu eta emon eutsen. Orduan, begiak zabaldu jakezan eta ezagutu eben; baina Jesus desagertu egin jaken.
    Hareek alkarri esan eutsoen: «Ez ete genduan bihotza sutan, bidean berba egiten euskunean eta Liburu Santuak azaltzen euskuzanean?» Eta behingoan jagi eta Jerusalemera bihurtu ziran. Han Hamaikak eta honeen lagunak baturik aurkitu zituen, hauxe inoela: «Biztu da benetan Jauna eta Simoni agertu jako».
    Ikasle biek bidean gertatua kontatu eutsien eta zelan ezagutu eben ogia zatitzean.

Jaunak esana

Iruzkina

Zein argi erakusten deuskun pasarte honek Jesus ezagutzen dauan batentzat ha barik bizi izateak ez dauala zentzurik.

Eta Jesus bidean aurkitzen dala, idaztietan, alkartean. Eta, batez ere, ogia zatitzeko haren eran. Orduantxe zabaltzen jakez begiak!

Luzaroan doaz haregaz bidean. Baina ez dabe ezagutzen. Bai somatzen dabela haren berbearen berotasuna Idaztien azalpenetan, baina…

Errezagoa da Jesus profeta lez ezagutzea edo onartzea. Gatxago egiten da bizi dala onartzea: berbiztu lez, bizitzaren betean ezagutzea.

Jesusekin topo egin gura badogu, pasarte hau jazoeren kontakizun lez hartzetik harago joan behar dogu, eta ikusi ez dala erreza haregaz topo egitea bidean ez bada, edo alkartetik kanpo, edo ogi zatitzetik kanpo.

Berbiztuagaz topo egiteko, garrantzi handia dabe, ba, ibilbidea egiteak, haren hitza hausnartzeak eta besteekaz batera haren mahaian ogi zatitzeak.

 

 

Pazko-zortziurreneko eguena

I. Irakurgaia

Biziaren sorburua hil zenduen,

baina Jainkoak biztu egin dau hilen artetik.

Apostoluen Eginak liburutik

Eg 3, 11-26

    Egun hareetan, osatutako elbarria oraindino Pedrori eta Joani helduta egoala, jente guztia, harriturik, hareengana batu zan lasterka, Salomonen aterpera.
    Pedrok hori ikusi eta honan berba egin eutson herriari: «Israeldarrok, zergaitik harritzen zaitue jazo dan honek? Zergaitik zagoze guri begira, gizon hau geure ahalmenaz edo jainkozaletasunaz ibilazo bagendu lez? Abrahamen, Isaaken eta Jakoben Jainkoak, gure arbasoen Jainkoak, aintzaz bete dau Jesus bere zerbitzaria, zuek agintarien eskuetara emon eta Pilatoren aurrean ukatu zenduena, honek askatzea erabagi eban arren. Santua eta Zuzena ukatu zenduen zuek, eta hiltzailea askatzeko eskatu; biziaren sorburua hil zenduen, baina Jainkoak biztu egin dau hilen artetik; geu gara horren testigu.
    Eta Jesuseganako sinesmenari esker, haren izenak osatu dau hemen ikusten eta zuek ezagutzen dozuen gizon hau; Jesusek emoten dauan sinesmenak ekarri deutso osasun betea, zuen guztion aurrean.
    Badakit, senideok, ezjakinean jokatu zenduela zuek, baita zuen agintariek ere. Baina holan bete eban Jainkoak profeta guztien ahoz aurrez iragarritakoa, hau da, haren Mesiasek sufridu egin behar ebala. Bihozbarritu zaiteze, beraz, eta bihurtu Jainkoagana, pekatuak kendu dakizuezan. Holan helduko jatzue Jaunaren kontsolamendu-sasoia, eta barriro bialduko deutsue Jesus, zuentzat izendatu eban Mesias. Honek zeruan egon behar dau oraindino, harik eta gauza guztiak erabarritzeko sasoia, Jainkoak antxinatik profeta santuen ahoz adierazoa, heldu arte.
    Moisesek, hain zuzen, esan eban: "Ni lako profeta sortuazoko deutsue Jaunak, zeuen Jainkoak, herritarren artetik; entzun harek esango deutsuen guztia. Profeta honi entzungo ez deutsona bota egingo dabe herritik". Eta Samuelegandik aurrera berba egin daben profeta guztiek iragarri dabez egun honeek.
    Zuentzako dozuez profeten agintzariak, baita Jainkoak zuen arbasoekin egin eban ituna ere, honan berba egin eutson-eta Abrahami: "Zure ondorengoen bidez lurreko herri guztiak bedeinkatuko ditut". Lehenengo zuentzat biztu dau Jainkoak Jesus bere zerbitzaria eta zuei bedeinkazinoa emotera bialdu dau, baldin eta zuetako bakoitza bere gaiztakerietatik aldentzen bada».

Jaunak esana

 

Erantzun salmoa

Sal 8, 2ab eta 5. 6-7. 8-9 (R/. 2ab)

R/.   Jauna, gure Jauna,
        bai miragarria zure izena lurbira osoan!

        Edo: Aleluia.

V/.   Jauna, gure Jauna,
bai miragarria zure izena lurbira osoan!
Zer da gizakia, Zu haretaz gogoratzeko?
Zer gizasemea, Zu haretaz arduratzeko? R/.

V/.   Ia jainko baten pareko egin dozu,
aintzaz eta distiraz koroatu;
zeure eskulan guztien buru ipini dozu,
danak haren menpe jarri dozuz. R/.

V/.   Ardi eta behi-taldeak,
baita basapiztiak be,
zeruko hegaztiak eta itsasoko arrainak,
itsasoan dabiltzan guztiak. R/.

          Pazko-eguneko neurtitza esan leiteke.

 

Aleluia

Sal 118 [117], 24

R/.   Aleluia.

V/.   Hau da Jaunaren egintza-eguna,
        poztu gaitezan eta alaitu harengan. R/.

 

Ebanjelioa

Mesiasek sufridu egin behar eban
eta hirugarren egunean hilen artetik biztu.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 24, 35-48

    Aldi haretan, Emausko ikasleek bidean jazotakoa kontatu eben eta zelan ezagutu eben ogia zatitzean.
Horretan ziharduela, Jesus bera agertu zan ikasleen erdian eta esan eutsen: «Bakea zuoi».
    Hareek, bildur-ikaraz beterik, mamua ikusten ziharduela uste eben. Baina Jesusek esan eutsen: «Zergaitik bildurtu zarie? Zergaitik sortzen jatzuez zalantza horreek barruan? Ikusi nire esku-oinak: Neu naz. Ikutu nagizue eta begiratu: mamuak ez dauka hazur-haragirik, eta Nik bai, ikusten dozuenez». Eta hori esatean, esku-oinak erakutsi eutsezan.
    Hareek, ostera, pozaren pozez oraindino be ezin sinisturik eta harrituta egozanez, Jesusek esan eutsen: «Badaukazue hemen jatekorik?» Arrain erre zati bat eskeini eutsoen.
    Jesusek hartu eta euren aurrean jan eban. Gero, esan eutsen: «Hauxe da, oraindino zuekaz nengoala, esan neutsuena: Moisesen legean, profetetan eta salmoetan Nitaz idatzitako guztia bete beharrekoa zala».
    Orduan, adimena argitu jaken, Liburu Santuak ulertu egiezan. Eta esan eutsen: «Idatzita egoan, Mesiasek sufridu egin behar ebala eta hirugarren egunean hilen artetik biztu, eta, Jerusalemdik hasita, bihotz-barritzea iragarri behar jakela haren izenean herri guztiei, pekatuak parkatu dakiezan. Zeuok zarie gauza honeen testigu».

Jaunak esana 

 

Iruzkina

      Zelan emon aditzera beste aldekoa dan zeozer, hil dana bizi dala, eta ez dala barriro hilgo? Ze bizitzaz dihardue, ze heriotzaz?

      Ez jaken errez egingo ikasleei —Jesus bertan behera laga eta ihes egin ebenei— hil ebena euren artean bizirik agertzen dala iragartea.

      Baina, profeten esanetara jota bada ere, horixe da iragarten dabena: euren artean dana ez dala mamua, kurutzean hil eben berbera baino. Eta ez dakarrela handiko mandatu barriren bat, lehengo-lehengoa baino.

      Bizitza, ba, ez da jaiotzatik heriotzarako tartea; hori baino gehiago da: Jainkoaren dohaia. Jainkoak sortzen dauana eta berak (eta ez beste inork edo ezerk) burutzen dauana: bere eskoi aldean.

      Hauxe da gure itxaropena, eta sinisten doguna.

 

Pazko-zortziurreneko barikua

I. Irakurgaia

Ez dogu beste inor salbatu gaikezanik.

Apostoluen Eginak liburutik

Eg 4, 1-12

    Egun hareetan, Pedrok eta Joanek, elbarria osatu ondoren, herriari berba egiten ziharduela, abadeak eta tenpluko guardiaburua eta saduzearrak etorri jakezan. Oso hasarre egozan, herriari irakasten eutsoelako eta Jesusengan hilen biztuera jazotakoa zala iragartzen ebelako. Atxilotu eta kartzelan sartu ebezan biharamona arte, ilunabarra zan-eta. Baina hitzaldia entzun ebenetako askok sinistu eban, eta gizonezko fededunak bosten bat mila izatera heldu ziran.
    Biharamonean, herriko agintari, zahar eta lege-maisuak Jerusalemen batu ziran; han ziran Anas abade nagusia, Kaifas, Joan, Alexandro eta abadeburuen familietako guztiak. Pedro eta Joan euren aurrera ekarriazo eta itaundu eutsien: «Zein aginpidez edo noren izenean egin dozue hori?»
    Orduan, Pedrok, Espiritu Santuaz beterik, esan eban: «Herriko agintari eta zaharrok, gaur, gaixo bati eginiko mesedea dala-eta, noren eskuz osatu dan itauntzen deuskuzue; bego, beraz, argi zuentzat guztiontzat eta Israel herri osoarentzat, zuek kurutzeratu eta Jainkoak hilen artetik biztu eban Jesu Kristo Nazaretarraren izenean dozuela gizon hau zeuen aurrean osaturik. Jesus hauxe da zuek, "etxegileok, baztertutako harria, giltzarri bihurtua". Honengan bakarrik dogu salbazinoa, ez deusku-eta Jainkoak gizon-emakumeoi beste inor emon eguzkipean, gu salbatu gaikezanik».

Jaunak esana

 

Erantzun salmoa

Sal 118 [117], 1-2 eta 4. 22-24. 25-27a (R/. ik. 22)

R/.   Etxegileek baztertutako harria,
        berori bihurtu da giltzarria.

        Edo: Aleluia.

V/.   Eskerrak Jaunari, ona da-eta,
haren maitasuna betikoa da-eta.
Esan begie israeldarrek:
haren maitasuna betikoa.
Esan begie Jaunari begirune deutsoenek:
haren maitasuna betikoa. R/.

V/.   Etxegileek baztertutako harria
giltzarri bihurtu da.
Jaunak egin dau hori,
gure begien harrigarri.
Hau da Jaunaren egintza-eguna,
poztu gaitezan eta alaitu harengan. R/.

V/.   Emon, Jauna, salbazinoa,
emon, Jauna, zoriona!
Bedeinkatua Jaunaren izenean datorrena!
Jaunaren etxetik bedeinkatzen zaituegu.
Jainko da Jauna, berak egiten deusku argi. R/.

          Pazko-eguneko neurtitza esan leiteke.

       

Aleluia

Sal 118 [117], 24

R/.   Aleluia.

V/.   Hau da Jaunaren egintza-eguna,
        poztu gaitezan eta alaitu harengan. R/.

 

Ebanjelioa

Jesusek, hurreraturik, ogia hartu eta emon eutsen,

baita arraina be.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik

Jn 21, 1-14

    Aldi haretan, barriro agertu jaken Jesus ikasleei Tiberiades itsasertzean. Holan gertatu zan agerpena. Alkarrekin egozan Simon Pedro, Bikotxa eritxon Tomas, Natanael Galileako Kanakoa, Zebedeoren semeak eta beste ikasle bi. Simon Pedrok esan eutsen: «Arrantzara noa». Erantzun eutsoen: «Zeugaz goaz geu be». Urten eta ontzira igon eben. Baina gau haretan ez eben ezer harrapatu.
    Eguna argitu ebanean, ur-ertzean agertu zan Jesus; baina ikasleak ez ziran konturatu Jesus zanik. Jesusek esan eutsen: «Mutilok, badaukazue jatekorik?» Hareek erantzun: «Ez». Jesusek orduan: «Bota sarea txaluparen eskumaldera eta aurkituko dozue». Bota eben, bada, eta, hainbeste arrain harrapatu ebenez, ez ziran sarea ataratzeko gauza.
    Orduan, Jesusek maite eban ikasle harek esan eutson Pedrori: «Jauna da». Simon Pedrok, Jauna zala entzunaz batera, soinekoa jantzi (erantzita eukan-eta) eta salto egin eban uretara. Beste ikasleak txalupan etorri ziran, sarea arrainakaz arrastaka ekarrela, ze, lehorretik gertu egozan, ehunen bat metrora.
    Lehorrera jatsi ziranean, su-txingarrak ikusi ebezan eta arrain bat gainean, eta ogia. Jesusek esan eutsen: «Ekarri harrapatu barri dozuezan arrainetariko batzuk». Igon eban Simon Pedrok ontzira eta lehorrera atara eban sarea, ehun eta berrogeita hamahiru arrain handiz beteta. Eta, hainbeste izan arren, ez zan sarea urratu. Jesusek esan eutsen: «Zatoze armozua jatera». Ikasleetariko inor ez zan ausartzen nor zan itauntzen, baekien Jauna zana-eta. Orduan, Jesusek, hurreraturik, ogia hartu eta emon egin eutsen, baita arraina be.
    Hirugarren aldia izan zan hau, Jesus, hilen artetik biztu ostean, ikasleei agertu jakena.

Jaunak esana

Iruzkina

      Ingurura adiago egotea eskatzen deuskun pasarteetariko bat dogu irakurri doguna.

      Tiberiades (pagano izena) emoten deutso lakuari. Holan gertatu zan agerpena (ez besteetan lez). Ikasleak 5 + 2 dira (=7). Une honetan ez dira Israel osoaren ordezkari (12), herrialde guztiena baino: ezagunena eta ez ezagunena (eta beste bi: izen bakoak).

      Euren eguneroko lanean dihardue: lehengora bihurturik dagoz, ba. Eta gaua da (Jesus barik), eta ez dabe ezer arrapatu…

      Jesusek argitasuna dakar beragaz; eta, lur jota dagozan arren, haren hitzari jaramon eginez, arrakastea ziurra da.

      Ezagutu… Pedrok ez dau ezagutzen, ez beste inork, maite eban ikasle harek baino. Berbiztua ezagutzeko era bakarra da maitasuna.

      Jesus euren ondotik eroana eta hila izan ondoren, ikasleak, dana bertan behera laga eta lehengora bihurtzen dirala esan daiteke.

      Baina ezin dabe lehengoan gelditu. Hiladakoak (Berbiztuak) eragin handiegia dau eurengan. Eta, alkar berotuz, haren hitzak gogoratu Idaztien argipean (Katekesia), eta, mahai inguruan alkartuz (Ekarri arrapatu dozuezan… = Eukaristia), bizibarrituko dira haren barri emoteko (misinoa) ezeren bildur barik, alaitasunean blai. 

 

 

Pazko-zortziurreneko zapatua

I. Irakurgaia

Guk ezin dogu ezelan be
entzun eta ikusi doguna isilean gorde.

Apostoluen Eginak liburutik

Eg 4, 13-21

    Egun hareetan, herriko agintari, zahar eta lege-maisuak, Pedroren eta Joanen ausardia ikusi eta gizon eskolabako eta ezjakinak zirala jaubeturik, harrituta egozan. Baekien, alde batetik, Jesusegaz ibiliak zirala eta, bestetik, han ikusten eben, euren aurrean zutunik, osatutako gizona. Ez eben, beraz, aurka egiterik.
    Halan, batzarretik kanpora ataratzeko agindu eutsien eta honan hasi ziran euren artean esaten: «Zer egin gizon honeekin? Izan be, agiri-agiriko miraria egin dabe; ondo dakie hori Jerusalemgo guztiek, eta ezin dogu ukatu. Halan be, herrian hori gehiago zabaldu ez dadin, mehatxatu egingo doguz, gaurtik Jesusen izena inori aitatu ez deioen».
    Deitu eutsien, bada, eta zorrotz galarazo eutsien Jesusen izenean hitz egitea edo irakastea. Orduan, Pedrok eta Joanek erantzun eben: «Zeuek ikusi Jainkoarentzat zuzena ete dan zuen esana egitea, harena egin ordez. Guk ezin dogu ezelan be, entzun eta ikusi doguna isilean gorde».
    Barriro mehatxatu ondoren, askatu egin ebezan. Ez eben aurkitzen hareek zigortzeko erarik, herriaren bildurrez, guztiek Jainkoa goresten eben-eta jazo zanagaitik.

Jaunak esana

 

Erantzun salmoa

Sal 118 [117], 1 eta 14-15b. 15c-16a eta 17-18. 19-21 (R/. 21a)

R/.   Eskerrak zuri, Jauna, erantzun deustazulako.

        Edo: Aleluia.

V/.   Eskerrak Jaunari, ona da-eta,
haren maitasuna betikoa da-eta.
Jauna dot indar eta kantu,
bera dot salbazino.
Poz eta garaipen-oihuak
zintzoen txaboletan. R/.

V/.    «Jaunaren eskumak indarrez jokatu dau,
Jaunaren eskuma guztiz garaia da».
Ez naz hilko, ez, bizi baino,
Jaunaren egintzak kontatzeko.
Gogor zigortu nau Jaunak,
baina ez nau heriotzara eroan. R/.

V/.   Edegi niri garaipenaren ateak,
Jaunari eskerrak emotera sartu nadin.
Hona Jaunaren atea,
sartu beitez bertatik garaileak.
Eskerrak Zuri erantzun deustazulako,
nire salbatzaile izan zaralako. R/.

          Pazko-eguneko neurtitza esan leiteke.

 

Aleluia

Sal 118 [117], 24

R/.   Aleluia.

V/.   Hau da Jaunaren egintza-eguna,
       
poztu gaitezan eta alaitu harengan. R/. 

 

Ebanjelioa

Zoaze mundu guztira
eta iragarri Barri Ona izaki guztiei.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik

Mk 16, 9-15

    Astearen lehen-egunean, goizean goiz, biztuta, Jesus Maria Magdalenari, zazpi deabru atara eutsozanari, agertu jakon lehenengo. Ha Jesusegaz bizi izan ziranei barri emotera joan zan, ze, triste eta negarrez egozan. Baina hareek, bizi zala eta berak ikusi ebala entzutean, ez eutsoen sinistu.
    Ondoren, ikasleetariko biri agertu jaken, beste itxura baten, auzo batera bidean joiazala. Honeek be besteei barri emotera joan ziran; baina honeei be ez eutsien sinistu.
    Azkenik, Hamaikei agertu jaken, mahaian egozala, eta aurpegira bota eutsen euren sinisterik eza eta burugogorkeria, bera biztuta ikusi ebenei sinistu ez eutsielako. Eta esan eutsen: «Zoaze mundu guztira eta iragarri Barri Ona izaki guztiei».

Jaunak esana

 

 

Iruzkina 

      Markos ebanjelariak ere, bere ebanjelioa amaitzerakoan, ulertezinak egiten jakuzan esaldiak jarten deuskuz, bere alkartean egiten ziran hausnarketen ondorio liratekenak.

      Harritzekoa dan gauzea, inori baino lehenago, Maria Magdalenari eta izen bako beste ikasle biri agertzea litzateke, eta gero hamaikei euren sinisgabekeria aurpegiratzea…

      Baina biztuerea sinistea ez dala hain erreza argi laga ondoren, beste ondorio batzutara ere eroan geinkez testuak.

      Lehen eguna, lehen orduak, oraindino ilun… aitatzeak, Sorkuntza hizkerara bialtzen gaitu, eta, Jesusen biztuereak, Kreazino barri bati emoten deutsola hasierea ulertu geike.

      Maria Magdalenaren zazpi deabruak aitatzen dira. Sorkuntza barri hau salbatzailea da, ba. Eta danentzat: gizonezkoentzat, emakumeentzat, herritar edo atzerritzarrentzat, izendunentzat, izenbakoentzat… danentzat.

      Eta ez da kolkoan gordeteko jazoerea: haren barri emon behar da lau haizeetara. Berbiztuak bere Apostolu egiten gaitu harengan sinisten dogun guziok.