martes, 10 de mayo de 2022

Gorpuzti


Hirutasun Guztiz Santuaren ondorengo Domeka

KRISTOREN GORPUTZ ETA
ODOL GUZTIZ SANTUAK

Jai Nagusia

A urtean

(Fray Marcos)

I. Irakurgaia

Mana emon eutsun jaten,
ez zuk eta ez zure gurasoek ezagutzen ez zenduen janaria.

Deuteronomioa liburutik

Dt 8, 2-3. 14b-16a

    Moisesek honan berba egin eutson Israel herriari: «Gogoratu Jaunak, zeure Jainkoak, basamortuan berrogei urte honeetan eginarazo deutsun bidea: atsekabetu egin zaitu eta probatu, zure barru-asmoak ezagutzeko eta zuk beraren aginduak beteko zenduzan ala ez jakiteko.
    Beharrizan gorrian jarri zinduzan, gosea pasatuazo eta mana emon eutsun jaten, ez zuk eta ez zure gurasoek ezagutzen ez zenduen janaria, zuri jakinazoteko gizakia ez dala ogiz bakarrik bizi, Jaunaren ahotik urteten dauan hitz guztitik baino.
    Ez ahaztu Jauna zeure Jainkoa. Berak atara zaitu Egiptotik, esklabotza-lurraldetik; berak eroan zaitu suge pozoitsuz eta eskorpioiz betetako basamortu handi eta ikaragarrian zehar, urik bako eremu lehor horretan zehar; berak atara dau sukarritik ura eta edaten emon deutsu; berak emon deutsu jaten basamortuan zure gurasoek ezagutu ez eben mana».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 147, 12-13. 14-15. 19-20 (R/. 12a)


R/.   Jerusalem, ospatu egizu Jauna!

        Edo: Aleluia.

V/.   Jerusalem, ospatu egizu Jauna,
Sion, goratu zeure Jainkoa,
zure ateen sarrailak indartu ditualako
eta seme-alabak zugan bedeinkatu. R/.

V/.   Zure mugetan bakea ezarri dau,
garirik onenaz ase zaitu.
Bialtzen dau lurrera bere mezua,
eta haren hitza bizkor eta arin doa. R/.

V/.   Bere hitza iragarri deutso Jakoben herriari,
bere erabagiak eta aginduak Israeli.
Beste herriei ez deutse holakorik egin,
bere erabagirik ez deutse jakinarazo. R/.

 

II. Irakurgaia

Ogia bat danez,
guztiok gorputz bat gara.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo epistolatik

1 Ko 10, 16-17

    Senideok: Jainkoa bedeinkatuz hartzen dogun esker onezko kalizak ez ete gaitu Kristogaz bat egiten haren odolean? Eta zatitzen dogun ogiak ez ete gaitu Kristogaz bat egiten haren gorputzean? Ogia bat danez, guztiok gorputz bat gara, ogi bakarretik hartzen dogu-eta danok.

Jaunak esana.

 

NEURTITZA

          Neurtitz hau esan daiteke, nahi izan ezkero, osorik nahiz laburtua.

[Sion, goratu egizu Jauna,
Salbatzaile ta artzaina,
gorazarre kantutan.
Ahalegindu zaitez indar guztiz,
motz geldituko zara-eta
haren gorespenetan.

Ogi bizi biztugarria,
abestigai berezia
gaur eskeintzen jaku.
Azken Afari santuan
Hamabiei emona
sendo sinisten dogu.

Aho betez, gogo betez,
barruko pozetan gainez,
goratu daigula.
Urtebetetzea da-eta
mahai santu hau lehenik
Kristok sortu euskula.

Errege-mahai barrian
Pazko barriagaz da
Pazko zaharra galtzen.
Egunak gaua lez,
Pazko barriak kerizpea
argiz dau gaineztatzen.

Kristok Azken Afarian
Berak egina barritzeko
haren oroiz, inoan.
Harek agindu lez,
ogi-ardaoak ditugu
Gorputz Odol egiten.

Kristauok dogu sinisgai:
ogia Gorputz, ardaoa
Odol, dala bihurtzen.
Ez ikusiz, ez ulertuz,
baina bero sinistuz,
zalantza dogu gaintzen.

Ogi-ardao itxuretan,
ez ogi-ardao benetan,
badogu zertaz harritu!
Gorputz Odol banaetan
osorik dago bietan
Kristo gure janari.

Hartzen dauanak ez hausten,
ez apurtzen, ez bereizten,
osorik dau jaten.
Batek hartu, milak hartu,
milak adina batek jan dau,
janez ez da amaitzen.

On-gaiztoek bardin hartzen;
ez frutu bardinagaz:
hari gozo, honi min.
Bata hil, bestea biztu,
janari bera jan, eta
zer azken banarekin!

Ogia apurtzean,
osoan adina zatian
badala, sinistu egizu.
Itxura zati eginez,
Kristorik ez da zatitzen,
neurri berean dozu.]

Hona aingeruen ogia,
bidaztientzat janari:
semeen ogi garbia,
ez txakurrentzat janari.

Isaaken oparian,
Pazkoako bildotsean,
manaren irudipean
jaku adierazoten.

Artzain on, egiazko ogi,
Jesus, erruki zakiguz;
jan honetaz bizkortu gagizuz,
ta betiko atsedena
zeruan emoiguzu.

Lurrean bizi garala,
Zeuk janaritzen gaituzu,
Ahaltsu-jakintsu horrek,
zeruan etxeko eta
mahai-lagun egin gu.

Amen. Aleluia.

Aleluia

Jn 6, 51

R/.   Aleluia.

V/.   Neu naz zerutik jatsi dan ogi bizia, dino Jaunak;
        ogi honetatik jaten dauana betiko biziko da. R/.

 

Ebanjelioa

Nire haragia egiazko janari da
eta nire odola egiazko edari.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik

Jn 6, 51-58

    Aldi haretan, Jesusek esan eutson jenteari: «Neu naz zerutik jatsia dan ogi bizia; ogi honetatik jaten dauana betiko biziko da. Eta Nik emongo dodan ogia neure haragia da, mundua bizi dadin emona».
    Judeguek eztabaidan ziharduen euren artean: «Zelan emon ahal deusku honek bere haragia jaten?» Jesusek esan eutsen: «Bene-benetan dinotsuet: Gizonaren Semearen haragia jaten eta haren odola edaten ez badozue, ez dozue bizirik izango zeuongan. Nire haragia jaten eta nire odola edaten dauanak betiko bizitza dauka, eta Neuk biztuko dot hori azken egunean. Izan be, nire haragia benetako janaria da eta nire odola benetako edaria. Nire haragia jaten eta nire odola edaten dauana Neugan dago eta Ni harengan.

    Bizia dan Aitak bialdu nau eta Ni Aitari esker bizi naz; era berean, Ni jaten nauana Neuri esker biziko da. Hauxe da zerutik jatsi dan ogia; ez da zuen gurasoek jan ebena lakoa, ze, hareek hil egin ziran. Ogi honetatik jaten dauana betiko biziko da».

Jaunak esana.

 

 

Hirutasun Guztiz Santuaren ondorengo Domeka

KRISTOREN GORPUTZ ETA ODOL GUZTIZ SANTUAK

Jai Nagusia

B urtean

(Fray Marcos)

I. Irakurgaia

Jaunak zuekin burutu dauan itunaren ezaugarria da odol hau.

Urteera liburutik

Ur 24, 3-8

    Egun hareetan, Moisesek Jaunaren hitz eta erabagi guztiak jakinarazo eutsozan herriari, eta herri osoak, aho batez, erantzun eutson: «Jaunak esandako guztia egingo dogu».
    Jaunak esandako guztia idatzi eutsen Moisesek. Biharamonean, goizean goiz jagirik, altarea eraiki eban mendi-oinean, eta hamabi zutarri ipini ebazan Israelgo hamabi leinuen izenean. Ondoren, zekorrak hil eta Jaunari erre-oparitzat eta alkartasun-oparitzat eskeintzeko agindu eutsen israeldar gazte batzuri. Odolaren erdia hartu eta ontzietan ipini eban Moisesek, eta beste erdia altara gainean isuri.
   
Gero, itun-liburua hartu eta herriari irakurri eutson. Herriak erantzun eban: «Obediduko dogu eta beteko Jaunak esandako guztia». Odola hartu eta herriaren gain txipriztindu eban Moisesek, esanez: «Lege honeen guztien arabera Jaunak zuekin burutu dauan itunaren ezaugarria da odol hau».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 116 [115], 12-13. 15 eta 16bc. 17-18 (R/. ik. 13)

R/.   Salbamen-edontzia dot hartuko
        eta Jaunaren izenari dei egingo.

        Edo: Aleluia.

V/.   Zelan ordainduko deutsat Jaunari
egin deustan on guztia?
Salbazino-edontzia dot jasoko
eta Jaunaren izenari dei egingo. R/.

V/.   Mingarri jako Jaunari
bere fededunen heriotza.
Zure zerbitzari ezereza naz, Jauna,
askatu dozuz nire kateak. R/.

V/.   Gorespen-oparia deutsut eskeiniko
eta Jaunaren izenari dei egingo.
Beteko deutsadaz Jaunari promesak,
herri guztiaren aurrean.  R/.

 

II. Irakurgaia

Kristoren odolak garbituko dau gure barrua.

Hebrearrei egindako epistolatik

Heb 9, 11-15

    Senideok: Kristo datozen ondasunen abade nagusi lez agertu da. Bera sartu dan santutegia lehengoa baino handiagoa eta bikainagoa da, ez giza eskuz egina, hau da, ez mundu honetakoa. Kristo behin betiko sartu da santutegian, ez akerren eta zezenen odola eskeiniz, berea baino, holan betiko askatasuna lortu deuskula.
    Beraz, akerren eta zezenen odolak eta erretako behi baten errautsek, kutsatuta dagozanen gain txipriztinduz, pertsona horreek sagaratzeko indarra badabe, kanpotik garbi eginez, zenbatez gehiago Kristoren odolak –betiko Espirituaren bidez bere burua Jainkoari opari garbi eskeini eutson harenak– ez dau garbituko gure barrua heriotzara daroen egintzetatik, guk Jainko bizia gurtzeko!
    Horregaitik, Kristo itun barri baten bitarteko da, heriotzaren bidez, lehengo itunaren sasoian egindako hutsegiteak parkatzeko; holan, agindutako betiko ondarea jaso leikie Jainkoak deitutakoek.

Jaunak esana.

 

        Neurtitza esan daiteke, osorik nahiz laburtuta.

Aleluia

Jn 6, 51

R/.   Aleluia.

V/.   Neu naz zerutik jatsi dan ogi bizia, dino Jaunak;
        ogi honetatik jaten dauana betiko biziko da. R/.

 

Ebanjelioa

Hau neure gorputza da. Hau neure odola da.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik

Mk 14, 12-16. 22-26

    Legamin bako Ogien Jaietako lehen-eguna zan, pazko-bildotsa hiltzen eben eguna. Ikasleek itaundu eutsoen Jesusi: «Non gura dozu pazko-afarirako prestaketak egitea?»
    Harek ikasleetariko bi bialdu zituan, esanez: «Zoaze urira, eta ur-errada daroan gizon bat aurkituko dozue; jarraitu egiozue, eta sartuko dan etxeko nagusiari esan: “Maisuak itauntzen dau non daukan ikasleekin Pazko Bildotsa jateko lekua”. Harek gela handi bat erakutsiko deutsue goian, jantzirik eta atonduta. Prestatu hantxe behar doguzanak». Joan ziran ikasleak eta, urira heltzean, Jesusek esaneko moduan aurkitu eben dana, eta pazko-afaria prestatu eben.
    Afaltzen ziharduela, Jesusek ogia hartu eban eta, bedeinkapen-otoitza eginez, zatitu eta emon eutsen, esanez: «Hartu egizue: hau neure Gorputza da». Gero, edalontzi bat hartu eta esker onezko otoitza esanez, emon eutsen, eta guztiek edan eben bertatik. Eta esan eutsen: «Hau neure Odola da, itunaren Odola, askoren alde isuriko dana. Benetan dinotsuet: Ez dot gehiago ardao honetatik edango, Jainkoaren erreinuan ardao barria edango dodan egunera arte».
    Gorazarreak abestu ostean, Oliamendirantz urten eben.

Jaunak esana.

 


Hirutasun Guztiz Santuaren ondorengo Domeka

KRISTOREN GORPUTZ ETA ODOL GUZTIZ SANTUAK

Jai Nagusia

(Fray MARCOS)

C urtean

I. Irakurgaia

Melkisedekek ogi-ardaoak  atara ebazan.

Hasiera liburutik

Has 14, 18-20

    Egun hareetan, Melkisedekek, Xalemgo erregeak, ogi-ardaoak atara ebazan, Goi-goiko Jainkoaren abadea zalako, eta Abram bedeinkatu eban, esanez:

«Goi-goiko Jainkoak, zeru-lurren egileak,
bedeinkatu dagiala Abram.
Eta bedeinkatua izan bedi Goi-goiko Jainkoa,
zeure arerioen garaile egin zaitualako».

    Abramek harrapakin guztien hamarrenak emon eutsozan Melkisedeki.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 110 [109], 1. 2. 3. 4 (R/. 4b)

R/.   Abade zara Zu, Melkisedek bezala, betiko.

V/.   Hona Jaunak nire jaunari esana:
«Jesarri nire eskuman,
zeure arerioak oinazpian jartzen deutsudazan bitartean». R/.

V/.   Siondik zabaltzen dau Jaunak
zure errege-makilaren aginpidea;
menperatu egizuz guduan arerioak. R/.

V/.   Zu nagusi garaipen-egunean
santutasun-distiraz;
gaztetasun-iruntza datorkizu egunsentiaren altzotik. R/.

V/.   Zin egin dau Jaunak eta ez da damutuko:
«Abade zara Zu, Melkisedek bezala, betiko». R/.

 

II. Irakurgaia

Ogi honetatik jaten
eta kaliza honetatik edaten dozuen bakotxean,
Jaunaren heriotza iragartzen dozue.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo epistolatik

1 Ko 11, 23-26

    Senideok: Jaunagandik hartu neban nik, neure aldetik zuei emon deutsuedan hau: Jesus Jaunak, saldu eben gauean, ogia hartu eta, esker onezko otoitza eginez, zatitu ebala eta esan: «Hau neure Gorputza da, zuentzat emona. Egizue hau neure oroigarri».
    Afal ondoan gauza bera egin eban kalizagaz, esanez: «Kaliza hau itun barria da, neure Odolaz sinatua; egizue hau, edaten dozuen bakotxean, neure oroigarri».
    Beraz, ogi honetatik jaten eta kaliza honetatik edaten dozuen bakotxean, Jaunaren heriotza iragartzen dozue, bera etorri arte.

Jaunak esana.

 

          Neurtitza esan daiteke, osorik nahiz laburtuta.

Aleluia

Jn 6, 51

R/.   Aleluia.

V/.   Neu naz zerutik jatsi dan ogi bizia, dino Jaunak;
        ogi honetatik jaten dauana betiko biziko da. R/.

 

Ebanjelioa

Asetzeraino jan eben danek.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 9, 11b-17

    Aldi haretan, Jesusek Jainkoaren erreinuaz hitz egin eutson jenteari, eta premina eben guztiak osatu zituan. Eguna iluntzen hasia zan. Hamabiak hurreratu eta esan eutsoen Jesusi: Bialdu egizu jentea inguruko auzo eta baserrietara, ostatu eta janari bila joan daitezan, ze, hemen oso aparte gagoz. Baina harek erantzun eutsen: Emon zeuok jaten. Hareek, orduan: Ez daukagu bost ogi eta arrain bi besterik, jente honentzat guztiarentzat jatekoa erostera geu joaten ez bagara behintzat. Bosten bat mila gizon ziran.
    Jesusek esan eutsen ikasleei: Jesarri eragin berrogeita hamarnaka. Halan, danak jesarriazo zituen.
    Hartu zituan Jesusek bost ogiak eta arrain biak, eta, begiak zerura jasorik, bedeinkapen-otoitza esan, ogiak zatitu eta ikasleei emon eutsezan, jenteari eskeintzeko. Asetzeraino jan eben danek, eta gelditutako hondarrez hamabi otzara bete zituen.

Jaunak esana.