lunes, 31 de enero de 2022

2. Pazko Astea

 

Pazkoaldiko II. astelehena

I. Irakurgaia

Otoitza amaitzean,
Espiritu Santuaz beterik gelditu ziran guztiak,
eta ausardiaz iragartzen eben Jainkoaren hitza.

Apostoluen Eginak liburutik

Eg 4, 23-31

    Egun hareetan, Pedro eta Joan askatu ebezanean, senideengana bihurtu ziran, eta abadeburu eta zaharrek esandako guztia azaldu eutsien. Entzutean, danek aho batez Jainkoari otoitz egin eutsoen: «Jauna, Zeuk egin zenduzan zeru-lurrak eta itsasoa, eta horreetan diran gauza guztiak; Zuk esan zenduan Espiritu Santuaren bidez eta gure aita David zeure zerbitzariaren ahoz:

"Zergaitik dabiltz iskanbilan nazinoak,
eta asmo ustelak asmatzen herriak?
Munduko erregeak jagi dira
eta agintedunek alkar hartu dabe
Jaunaren eta harek aukeraturiko Mesiasen aurka".

    Bai, halan alkartu dira uri honetan Herodes eta Pontzio Pilato atzerriko nazinoekin eta Israel herriagaz, Zuk Mesias igurtzi zenduan Jesus zeure zerbitzari santuaren aurka; holan, zure ahalmenak eta nahiak aldez aurretik erabagi ebana bete dabe. Begira orain, Jauna, zelan mehatxatzen gaituen, eta emoiguzu zeure zerbitzarioi zeure hitza ausardia osoz iragartzea, eta luzatu zeure eskua, Jesus zeure zerbitzari santuaren izenean osaketak, ezaugarriak eta mirariak egiteko».
    Otoitza amaitzean, dar-dar egin eban batuta egozan lekuak; Espiritu Santuaz beterik gelditu ziran guztiak, eta ausardiaz iragartzen eben Jainkoaren hitza.

Jaunak esana

Erantzun salmoa

Sal 2, 1-3. 4-5. 6-7. 8-9 (R/. ik. 12d)

R/.       Zorionekoak, Jauna, Zugan babesten diranak!

     Edo: Aleluia.

V/.      Zer dabiltz iskanbilan nazinoak,
eta asmo ustelak hausnartzen herriak?
Altzatzen dira munduko erregeak
eta agintedunek alkar hartzen dabe,
Jaunaren eta harek igurtzitako erregearen aurka:
«Eten dagiguzan hareen lokarriak,
kendu gainetik hareen buztarria». R/.

V/.      Zeruko tronuan dagoanak barre egiten dau,
Jaunak hareen lepotik burla.
Hasarre berba egiten deutse gero,
ikaratu egiten ditu bere suminaz. R/.

V/.       «Neuk sagaratu dot erregea Sionen,
neure mendi santuan».
Jaunaren erabagia iragarriko dot;
berak esan deust: «Nire seme zara zu;
Neuk zaitut gaur sortu. R/.

V/.      Eskatu Niri, eta nazinoak emongo deutsudaz ondare,
lur osoaren jaube zaitut egingo.
Burdinazko makilaz dozuz hausiko,
buztinezko ontzia lez birrinduko». R/.

 

Aleluia

Kol 3, 1

R/.       Aleluia.

V/.      Kristogaz biztu zarien ezkero,
    bilatu egizuez zeruko gauzak,
    han dago-eta Kristo
    Jainkoaren eskumaldean jesarrita. R/.

Egun bakotxerako jarri dan Ebanjelio aurreko txatalaren ordez, beste bat hartu leiteke.

 

Ebanjelioa

Ezin dau inork Jainkoaren erreinua ikusi,
barriro jaiotzen ez bada.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik

Jn 3, 1-8

    Bazan fariseuen taldean Nikodemo izeneko gizon bat, judeguen buruzagietakoa. Honek gauez Jesusengana etorri eta esan eutson: «Maisu, badakigu Jainkoak geuri irakasteko bialdu zaituana; ze, inork ezin leike egin Zuk egiten dozun mirarizko seinalerik, Jainkoa beragaz ez badauka».
    Jesusek erantzun eutson: «Bene-benetan dinotsut: Ezin dau inork Jainkoaren erreinua ikusi, barriro jaiotzen ez bada».
    Nikodemok itaundu eutson: «Zelan jaio leiteke inor, zaharra izanik? Sartu ete leiteke amaren sabelean eta barriz jaio?»
    Jesusek erantzun eutson: «Bene-benetan dinotsut: Ezin da inor Jainkoaren erreinuan sartu, uretik eta Espiritutik jaiotzen ez bada. Haragitik berez jaioa haragi da, Espiritutik jaioa espiritu. Ez harritu barriro jaio behar dozuela esan deutsudalako. Haizeak edonondik jotzen dau, eta entzuten dozu haren hotsa, baina ez dakizu nondik datorren, ez nora doan. Gauza berbera gertatzen da Espiritutik jaio danarekin».

Jaunak esana

 

Iruzkina

      Jesusek Jauretxean irakasten ziharduala ask0o beragn sinistera heltzen dala azaldu deusku pasarte honen aurretxoan ebanjelariak. Baina Jesusek ez dauzala hareen goralpenak onartzen, bera ez dalako hareek uste daben Mesias.

      Gaurkoan, Farisear talde batek ere (euren izenean Nikodemo agertzen da) Jainkoak bialdutako Mesias lez onartzen dauala agertzen jaku.

      Baina Jesusek ez dau onartzen ere Jainkoaren erreinua kanpotik datorren ezer danik. Eta gitxiago Legea betetetik.

      Guztiz aldatu behar da. Beste bide bat hartu behar da: haragitik haragia baino ez da sortzen. Espiritutik jaio behar da.

      Azalpen asko emongo dauz Jesusek, baina Nikodemok ez dau ulertuko Israelgo Lege Maisu bada be.

      Eta guk? Geu ere geure ahaleginez ibilten gara zer edo ha lortu nahian. Baina Jainkoaren erreinua ez da gizakion ahaleginen ondorio, gure barruan Espirituak eragin daiken zeozer baino.

      Geuk ere, Jesusek lez, bagenki barruan murgiltzen, han Espirituak daragiana azaleratzeko…

 

 

Pazkoaldiko II. martitzena

I. Irakurgaia

Sinistedun guztiak bat ziran bihotzez eta gogoz.

Apostoluen Eginak liburutik

Eg 4, 32-37

    Sinistedun guztiak bat ziran bihotzez eta gogoz, eta inork be ez eban esaten eukana berea ebanik; guztia guztiena eben. Apostoluek aginpide handiz egiten eben Jesus Jaunaren biztueraren autormena, eta jenteak oso estimatuak ebazan guztiak.
    Ez zan behartsurik hareen artean. Izan be, lurrik edo etxerik eukienek saldu egiten eben, eta saltzearen ordaina apostoluen esku jartzen eben; eta bakotxari behar ebana emoten jakon.
    Halan egin eban Josek, apostoluek Bernabe –hau da, Adore-emoilea– deitu eutsoenak; lebitarra zan eta jaiotzaz zipretarra. Solo bat eukan eta, saldurik, dirua ekarri eta apostoluen esku itzi eban.

Jaunak esana

 

Erantzun salmoa

Sal 93 [92], 1ab. 1c-2. 5 (R/. 1a)

R/.       Errege da Jauna, ospez jantzia.

     Edo: Aleluia.

V/.      Errege da Jauna, ospez jantzia,
Jauna indarrez jantzia eta inguratua! R/.

V/.      Sendo ezarria dago mundua,
ez dago kili-kolo.
Zure tronua sendo ezarria dago betidanik,
betikoa zara Zu! R/.

V/.      Zure erabagiak fidagarri dira;
zure etxea santutasunez eder, Jauna,
betiereko egunetan. R/.

 

Aleluia

Jn 3, 14b-15

R/.       Aleluia.

V/.      Jasoa izan behar dau Gizonaren Semeak,
    harengan sinisten daben guztiek
    betiko bizia izan dagien. R/.

 

Ebanjelioa

Ez dau inork zerura igon
zerutik jaitsi zanak baino, Gizonaren Semeak.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik

Jn 3, 7b-15

    Aldi haretan, Jesusek esan eutson Nikodemori: «Ez harritu barriro jaio behar dozuela esan deutsudalako. Haizeak edonondik jotzen dau, eta entzuten dozu haren hotsa, baina ez dakizu nondik datorren, ez nora doan. Gauza berbera gertatzen da Espiritutik jaio danarekin».
    Nikodemok itaundu eutson: «Zelan gertatu leiteke hori?»
    Jesusek erantzun: «Zu maisu zara Israelen eta ez dakizu hori? Bene-benetan dinotsut: Guk dakiguna esaten dogu eta ikusi doguna autortzen; baina zuek ez dozue gure autormena onartzen. Nik lurreko gauzak esatean sinisten ez badozue, zelan sinistuko deustazue zerukoak esatean? Ez dau inork zerura igon zerutik jatsi zanak baino, Gizonaren Semeak. Eta Moisesek basamortuan brontzezko sugea jaso eban lez, halantxe izan behar dau jasoa Gizonaren Semeak, harengan sinisten daben guztiek betiko bizitza izan dagien.

Jaunak esana 

 

Iruzkina

      Nikodemok, farisearra izanik, Jesusengan Jainkoak bialdutako Lege beteazotzailea ikusten dau. Ezin dau ulertu Jainkoaren gogoko izatea Legea beteteaz izan ezik.

      Baina Jesusek ez dau Legerik behar Jainkoaren nahia egiteko, Legeak morroi egiten gaitulako, Espiritutik bizibarritzea baino.

      Zein gatx egiten jakon hori ulertzea Nikodemori, Legea baino beste biderik ikusten ez daualako Jainkoaren nahia egiteko.

      Egoera bardinean egon geintekez geu ere, horixe ikasi dogulako: Jainkoaren Legeko Hamar aginduak eta Eleizearen bost aginduak betetea…

      Noiz ulertuko ete dogu Jesusek Nikodemori azaltzen deutsona? Jainkoa ezin geike maitatu, zerbitzatu, ikusi, besarkatu… gizakiengan ez bada. Ez daukagu Jainkoaganako beste biderik Jesus bera baino.

      Eta Jesus aintzat hartzeak barru bizitzara garoaz, ez azalekoak zaintzera. Ez garoaz ahaleginak egitera, gure barruan lan egiten Espirituari lagatera baino. Jainkoa maitatzea ez da gure ahaleginen ondorio, Espirituaren lorpen baino. Jesus Espirituak darabilan gizona da…

 

 

Pazkoaldiko II. eguaztena

I. Irakurgaia

Kartzelan sartu zenduezan gizonak tenpluan dagoz
eta herriari irakasten dihardue.

Apostoluen Eginak liburutik

Eg 5, 17-26

    Egun hareetan, abade nagusiak eta haren alderdikoek, hau da, saduzearrek, bekaitzez beterik, apostoluak atxilotu eta herriko kartzelan sartuazo ebezan.
    Baina gauez Jainkoaren aingeru batek kartzelako ateak zabaldu eta kanpora atara ebazan, esanez: «Zoaze tenplura eta azaldu herriari bizibide honi dagokion guztia». Agindua betez, egunsentian tenplura joan eta irakasten hasi ziran.
    Bitartean, abade nagusiak eta haren alderdikoek israeldar agintarien Batzar Nagusia batu eben eta apostoluak kartzelatik ekartzeko agindu. Joan ziran guardiak, baina ez ebezan kartzelan aurkitu, eta barri emotera bihurtu ziran: «Kartzela arreta guztiz itxita aurkitu dogu eta zaintzaileak ateetan zuhur; baina edegitean ez dogu barruan inor aurkitu».
    Barria entzunik, tenpluko guardiaburua eta abadeburuak zer jazo ete zan asmatu ezinik ebiltzan. Haretan, bat etorri zan barri honegaz: «Kartzelan sartu zenduezan gizonak tenpluan dagoz eta herriari irakasten dihardue». Joan zan orduan guardiaburua bere laguntzaileekin eta ekarri ebazan, baina indarrik erabili barik, herriak harrika egingo ete eutsen bildur ziran-eta.

Jaunak esana

 

Erantzun salmoa

Sal 34 [33], 2-3. 4-5. 6-7. 8-9 (R/. 7a)

R/.       Dohakabeak oihu egin eban, eta Jaunak entzun.

     Edo: Aleluia.

V/.      Bedeinkatuko dot aldi oro Jauna,
nire ahoan beti haren gorespena.
Harro nago Jaunagaz,
entzun begie apalek eta poztu beitez. R/.

V/.      Handietsi nigaz batera Jauna,
goratu dagigun alkarregaz haren izena.
Jaunagana jo neban, eta harek erantzun,
bildur guztietatik ninduan libratu. R/.

V/.      Begiratzen deutsoenak distiratsu egongo dira,
ez jake aurpegia lotsaz gorrituko.
Dohakabeak dei egin eban, eta Jaunak entzun,
eta estualdi guztietatik eban salbatu. R/.

V/.      Kanpaturik dago Jaunaren aingerua
hari begirune deutsoenen inguruan,
eta libratzen ditu.
Dastatu egizue eta ikusi zein ona dan Jauna;
zorionekoa harengan babesten dana. R/.

 

Aleluia

Jn 3, 16

R/.       Aleluia.

V/.      Hain maite izan eban Jainkoak mundua,
    bere Seme bakarra emon eutson;
    harengan sinisten dauanak betiko bizia dau. R/.

 

Ebanjelioa

Jainkoak bere Semea bialdu dau

mundua salbatzera.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik

Jn 3, 16-21

    Aldi haretan, Jesusek esan eutson Nikodemori: «Hain maite izan eban Jainkoak mundua ze, bere Seme bakarra emon eutson, beragan sinisten dauan inor galdu ez dadin, ezpada ze betiko bizia izan dagian.
    Izan be, Jainkoak ez eban bere Semea mundura bialdu mundua kondenatzera, beraren bitartez mundua salbatzera baino. Harengan sinisten dauana ez dago kondenatuta; sinisten ez dauana, barriz, kondenatuta dago daborduko, Jainkoaren Seme bakarraren izenean sinistu ez daualako. Hauxe da kondenazinoaren arrazoia: argia mundura etorria dala, eta gizakiek ilunpea gurago izan dabela argia baino, euren egiteak gaiztoak ziralako. Izan be, txarra egiten dauanak gorroto deutso argiari, eta ez dator argitara, beraren egiteak agirian gelditu ez daitezan. Egiaren erara dabilena, barriz, argitara dator, beraren egiteak Jainkoak nahi bezala eginak dirala agertu dadin».

Jaunak esana 

 

Iruzkina

      Nikodemo Legezaleari Jesusek maitasuna jarten deutso aurrean. Legeak salatu eta gaitzetsi (kondenau) egiten dau; maitasunak askatu eta gizakia bere betetasunera eroan.

      Jesus Jaunaren egintza, ba, ez da kondenatzea, askatzea baino, argitara ekartea eta egi-bidean jartea.

      Baina badago ilunpea nahiago dauanaik, egintza txarretan murgiltzen dalako. Honek argia gorrotatu egiten dau, ilunpea maite dau… Egintzetan agertzen da, ba, maitasunaren seme-alaba zaran ala ilunpearena.

      Gure izakerea landu gura badogu, ba, ez deutsagu Legeari begitu behar, Kurutzean jasoari baino. Haxe da maite gaituana, eta gure bizitza argiz beteten dauana. Bera da aske egiten gaituana, eta maitatzeko gauza egiten gaituana.

      Bere Semeagan, maite gaitula agertzen deuskun Jainkoak, gugandik maitasun erantzuna itxaroten dau, ez betekizun erantzuna, azalekoa, itxurazkoa…

 

 

Pazkoaldiko II. eguena

I. Irakurgaia

Geu gara gauza honeen testigu,
baita Espiritu Santua be.

Apostoluen Eginak liburutik

Eg 5, 27-33

    Egun hareetan, Batzar Nagusiaren aurrera ekarri ebezan apostoluak, eta abade nagusiak esan eutsen: «Ez geuntsuen zorrotz agindu ez irakasteko Jesusen izenean? Zuek, barriz, Jerusalem osoa bete dozue zeuen irakaspenez; gainera, gizon horren heriotzaren erantzukizuna geuri leporatu nahi deuskuzue».
    Pedrok eta beste apostoluek erantzun eben: «Jainkoaren esana egin behar da lehenengo, ez gizakiena. Gure asaben Jainkoak biztu egin dau zuek egur batetik dingilizka hil zenduen Jesus. Jainkoak goratu egin dau bere eskumaz, Buruzagi eta Salbatzaile eginez, Israeli bihotz-barritzea eta pekatuen parkamena emoteko. Geu gara gauza honeen testigu, geu eta esaneko jakozanei Jainkoak emoten deutsen Espiritu Santua».
    Erantzun honek euren onetik atara ebazan batzarkideak, eta hil egin nahi izan ebezan apostoluak.

Jaunak esana

 

Erantzun salmoa

Sal 34 [33], 2 eta 9. 17-18. 19-20 (R/. 7a)

R/.       Dohakabeak oihu egin eban, eta Jaunak entzun.

     Edo: Aleluia.

V/.      Bedeinkatuko dot aldi oro Jauna,
nire ahoan beti haren gorespena.
Dastatu egizue eta ikusi zein ona dan Jauna;
zorionekoa harengan babesten dana. R/.

V/.      Gaizkileen aurka Jaunaren aurpegia,
lurretik ezabatzeko hareen gogorapena.
Deadar egiten dabe zintzoek, eta Jaunak entzun,
larrialdi guztietatik libratzen ditu. R/.

V/.      Gertuan jake Jauna bihotz-hausiei,
salbatzen ditu barru-jausiak.
Zoritxar asko izaten dau zintzoak,
baina guztietatik libratzen dau Jaunak. R/.

    

Aleluia

Jn 20, 29

R/.       Aleluia.

V/.      Ikusi nozulako sinistu dozu, Tomas?,
    dino Jaunak;
    zorionekoak ikusi barik sinisten dabenak. R/.

 

Ebanjelioa

Aitak Semea maite dau,
eta haren esku jarri dau dana.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik

Jn 3, 31-36

    Aldi haretan, Jesusek esan eutson Nikodemori: «Goitik datorrena danen gainetik dago. Lurretik sortua lurrekoa da eta lurrekoaz egiten dau berba. Zerutik datorrena danen gainetik dago; ikusi eta entzun dauana autortzen dau; baina haren autormena ez dau inork onartzen. Haren autormena onartzen dauanak Jainkoak egia dinoala baieztatzen dau. Izan be, Jainkoak bialdu ebanak Jainkoaren berbak esaten ditu, ze, neurririk barik emoten deutso bere Espiritua.
    Aitak Semea maite dau, eta beraren esku jarri dau dana. Semeagan sinisten dauanak betiko bizitza dauka; baina Semeagan sinisten ez dauanak ez dau bizitza ikusiko, ezpada ze, Jainkoaren hasarrea izango dau gainean».

Jaunak esana

 

Iruzkina

      Joanen ebanjelioak Itun Zaharraren eta Itun Barriaren arteko burrukearen barri emoten deusku. Hau da: bere taldeak zelan bizi dauan tentsino hori, eta ze ibilbide egiten dauan Legearen loturetatik askatzeko.

      Farisearrak (judeguak orokorrean) Legearen aldeko agertzen dira, eta Moises da goren dagoana, Jainkoagandik zuzenean hartu daualako Legea.

      Baina Jesusen inguruan bizi izan ziranek beste zeozer aurkitu dabe honengan: Jesus ez da etorri Legearen indarraz txarra gaitzestera, gizakienganako Jainkoaren maitasunaren barri emotera baino. Eta Jesus bera da Legea.

      Jesus Espirituaren esanetara dabil; berez urteten deutso onak, argitasunak, maitasunak, bakeak…, ez dau ezelango ahaleginik egin behar horretarako. Jesusen ahalegina Jainkoaren (Aitaren) nahia ezagutzea da. Horrexek erakusten deutso zertan dan haren antzeko.

      Hauxe da gu guztiontzat eskeintzen deuskuna Jesusek. Zabaldu deioguzan ateak Espirituari.

 

 

Pazkoaldiko II. barikua

I. Irakurgaia

Apostoluek pozez urten eben Batzarretik,
Jesusen izenagaitik irainak jasateko Jainkoak duin aurkitu ebazalako.

Apostoluen Eginak liburutik

Eg 5, 34-42

    Egun hareetan, bazan Batzar Nagusian Gamaliel eritxon fariseu bat, herri osoan begirune handia eban lege-irakaslea; apostoluak apur baterako kanpora ataratzeko agindu ondoren, Batzarrean zutunik, honan hitz egin eban: «Israeldarrok, begira ondo zer egitera zoazen gizon honeekin. Denpora asko ez dala, urten eban Teudasek be, nonor bazalako ustean, eta laurehunen bat gizon batu jakozan. Baina hil egin eben, eta haren jarraitzaile guztiak sakabanatu ziran, eta dana hutsean gelditu zan. Haren ondoren, errolda egin zan sasoian, Judas galilearrak urten eban eta hainbat jente berenganatu eban; baina galdu zan ha be, eta jarraitzaile guztiak sakabanatu ziran.
    Beraz, hona nire aholkua: ez egin ezer gizon honeei; doazala. Horreen asmoa eta jarduera gizakiengandikoa bada, berez-berez desegingo da; Jainkoagandikoa bada, barriz, ezin izango dozue desegin. Ez dakizuela jazo Jainkoaren kontra burrukan jardutea».
    Onartu egin eben haren eretxia. Eta, apostoluak deitu eta zigortu ondoren, Jesusen izenean hitz egitea zorrotz galarazo eutsien. Ondoren, askatu egin ebezan. Apostoluek pozez urten eben Batzarretik, Jesusen izenagaitik irainak jasateko Jainkoak duin aurkitu ebazalako.
    Eta, tenpluan nahiz etxerik etxe, eten barik irakasten eta iragartzen eben Jesus Mesias dalako Barri Ona.

Jaunak esana

 

Erantzun salmoa

Sal 27 [26], 1. 4. 13-14 (R/. ik. 4ab)

R/.       Gauza bat eskatzen deutsat Jaunari:
     bizi nadila Jaunaren etxean.

     Edo: Aleluia.

V/.      Jauna dot argi eta salbazino,
nork ni bildurtu?
Jauna biziaren babes,
nork ni ikaratu? R/.

V/.      Gauza bat eskatzen deutsat Jaunari,
horren bila nabil ni:
bizi nadila Jaunaren etxean
neure bizitzako egun guztietan,
Jaunaren edertasuna miretsiz
eta haren tenplua zainduz. R/.

V/.      Ziur dakit Jaunaren ontasuna gozatuko dodala
bizidunen lurrean.
Itxaron Jaunagan!
Eutsi gogor, izan bihotz!
Itxaron Jaunagan! R/.

 

Aleluia

Mt 4, 4b

R/.       Aleluia.

V/.      Gizakia ez da ogiz bakarrik bizi,
    Jainkoaren ahotik urteten dauan hitz guztitik baino. R/.

 

Ebanjelioa

Jesarritakoen artean banatu ebazan ogiak,
nahi adina.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik

Jn 6, 1-15

    Aldi haretan, Galilea edo Tiberiadesko itsasoaz beste aldera joan zan Jesus. Jentetza handia joiakon ondorik, ze, ikusten eben zelako ezaugarriak egiten zituan gaixoengan.
    Jesus, orduan, mendira igon eta bertan jesarri zan ikasleekin. Hurrean zan Pazkoa, judeguen jai nagusia. Jesusek, jente asko etorkiola ikusirik, esan eutson Feliperi: «Non erosiko dogu ogia honeei jaten emoteko? (Zirikatzeko esan eutson hori, ze, ondo ekian zer egin behar eban). Felipek erantzun eutson: «Berrehun denarioren ogia ez litzateke nahiko izango, bakotxak zati bat izateko».
    Ikasleetariko batek, Simon Pedroren anaia Andresek, esan eutson: «Bada hemen bost garagar-ogi eta arrain bi dituan mutiko bat; baina zer da hori horrenbesterentzat?» Jesusek jentea jesarriazotzeko agindu eutsen ikasleei. Bedar ederra zan leku haretan eta danak jesarri ziran. Bosten bat mila gizonezko ziran.
   
Jesusek ogiak hartu eta, esker oneko otoitza esan ostean, jarritakoen artean banatu zituan, eta bardin arrainak be, nahi beste. Ase ziranean, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Batu egizuez geratu diran zatiak, ezer galdu ez dadin». Batu zituen, bada, eta hamabi otzara bete ebezan bost garagar-ogietatik jan ebenek itzitako hondakinez.
    Jenteak, orduan, Jesusek egindako ezaugarria ikusirik, zera inoan: «Hauxe da, benetan, mundura etortzekoa zan profeta». Jesusek, ostera, errege egiteko, indarrez eroan gura ebela oharturik, mendira alde egin eban barriro, berak bakarrik.

Jaunak esana

 

Iruzkina

      Jesusek egiten dauana baino esanguratsuagoa da pasarte honetan ebanjelariak deskribatzen dauan ingurua: emoten deuskuzan izpiez Jainkoaren Herri barri bat sortuazoten doala ete dinosku? Hainbat dira Itun Zaharrera garoezan izpiak: Itsasoa igarotea, jendetza handia, mendia, Pazkoa, ogia… Esan daiteke Joanek Jesusengan Moises barria eta Mesiasen benetako aldiak autortu nahi dauzala.

      Gero garatuko ditun gaiak azaltzen dira hemen: Jesusek dakarren salbamena unibertsala da; haren inguruan sortzen doan Jainkoaren Herri barria edonongo jentez osotzen da; Maisua da Jesus eta Moises barria eta Legea: berak emoten da bizirako ogia… Ugaritasunak, ogia soberan izateak eta ezer ez galtzeko aginduak Mesiasen aldietan jarten gaitu.

      Eta jenteak errege (buruzagi) izentatu nahi dau… Jesus haserretzeraino: iges egin behar dau. Ez dabe ulertu! Jesus ez da judeguek uste daben Mesias. Ez dator Herria inoren eskutik ez azaleko ezertatik askatzera, gizakia bere lotura guztietatik askatzera baino: Jainkoak herrialde guztiak eta gizaki guztiak maite dauzala iragartera baino.

 

 

Pazkoaldiko II. zapatua

I. Irakurgaia

Zazpi gizon aukeratu ebezan,
Espiritu Santuaz beteak.

Apostoluen Eginak liburutik

Eg 6, 1-7

    Egun hareetan, ikasleak ugaritu zirala, marmarra sortu zan greko hizkuntzakoen artean hebreera hizkuntzakoen aurka, hareen andra alargunak eguneroko janari-banaketan bazterrera izten ebezelako.
    Hamabiek, ikasleen batzar orokorra baturik, esan eben: «Ez da bidezko guk Jainkoaren hitzaren predikua alde batera iztea, janari-banaketaz arduratzeko. Beraz, senideok, aukeratu egizuez zeuen artean izen oneko zazpi gizon, Espiritu Santuaz eta jakituriaz beteak, eta eurei emongo deutsegu egiteko hori; guk, holan, otoitzean eta hitzaren zerbitzuan jardungo dogu».
    Batzar osoak ontzat emon eban proposamena, eta honeek aukeratu ebezan: Esteban –sinismenez eta Espiritu Santuaz betea–, Felipe, Prokoro, Nikanor, Timon, Parmenas eta Nikolas, Antiokiako judegu barria; aurkeztu eutsiezan apostoluei, eta honeek, otoitz eginez, eskuak ezarri eutsiezan buruan.
    Jainkoaren hitza zabalduz joian; ikasleen taldea franku ugaritu zan Jerusalemen, eta abade asko be sinistedun egiten zan.

Jaunak esana

 

Erantzun salmoa

Sal 33 [32], 1-2. 4-5. 18-19 (R/. 22)

R/.       Betor gugana, Jauna, zure maitasuna,
     Zeugan dogu-eta geure uste ona.

     Edo: Aleluia.

V/.      Egin poz-oihu, zintzook, Jaunari,
zuzenei dagokie, izan be, ha gorestea.
Ospatu Jauna zitaraz,
jo harentzat hamar hariko harpa. R/.

V/.      Zuzena da-eta Jaunaren hitza,
fidagarria harek egin dauan guztia.
Justizia eta zuzenbidea dau maite,
Jaunaren maitasunaz dago lurra betea. R/.

V/.      Jauna arduratzen da begirune deutsoenez,
haren maitasunean itxaroten dabenez,
hareek heriotzatik libratzeko
eta gosetean bizirik gordetzeko. R/.

 

Aleluia

R/.       Aleluia.

V/.      Biztu da Kristo, gauza guztiak egin ebazana
    eta gizadiaz erruki izan dauana. R/.

 

Ebanjelioa

Itsasoko ur gainean oinez ikusi eben Jesus.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik

Jn 6, 16-21

    Iluntzean, Jesusen ikasleak itsasora jatsi eta, txalupara igonda, itsasoaz beste aldera abiatu ziran, Kafarnaum aldera. Iluna zan ordurako, eta oraindik Jesus ez zan hareengana heldu. Haize zakarra ebilen, eta itsasoa harrotzen hasi zan.
    Bost edo sei kilometro arraunean egitean, Jesus ikusi eben ur gainean oinez eta txalupara hurreratzen, eta bildurrak hartu zituan. Baina harek esan eutsen: «Neu naz; ez bildurrik izan!» Hareek txalupan hartu gura izan eben, baina txalupa behingoan heldu zan joiazan lekura.

Jaunak esana

 

Iruzkina

      Zer da Jesusek bere jarrerez eta jokabideaz agertzen deuskuna, edo ebanjelariak hari buruz esan nahi deuskuna?

      Ebanjelioak ez dira historia-egiak, teologia- edo fede-egiak  baino. Hau da, haren lehenengo ikasle eta jarraitzaileek emoten deuskuen euren esperientzia. Ez daigun galdu ikuspegi hau.

      Jesusek ezaugarri handi bat egin dau. Zein da jentearen (eta ikasleen) eta bere jokabidea? Keinu batzuk egin dauz: hondakinak batzeko agindu, ezer alperrik galdu ez daiten.

      Ezaugarri horretan, jenteak Jesus Jainkoaren bialdua (Mesias) dala ikusten dau, eta errege egin gura dau. Ziurtasuna bilatzen dau.

      Jesusek argi izten dau ez dala eurek uste daben Mesias, eta ihes egiten dau, mendira, otoitzera, Jainkoaren hurtasunaren bila. Eta ikasleek ere ez dabe ulertu eta bertan-behera lagaten dabe, gauaren ilunetan itsasoratuz…

      Jesusek ez dauz bertan-behera laga. Honena ez da interes-erantzuna, maitasun erantzuna baino. Eta eurengana abiatzen da. Eta hareen bildur guztiak uxatzen ditu eta helburua lortuazoten: heldu dira lehorrera.

      Jesusek jenteagandik eta ikasleen eurengandik hartuko dauan ulertezina garatuko dau Joanek bere ebanjelioan.

      Jesusen Neu naz (Jainkoa) ezin onartu ahal izango dabe eta asko sufridu behar izango dau. Horregaitik sarri jotea otoitzera.