Pazkoaldiko IV. astelehena
I. Irakurgaia
Jentilei be
emon deutse Jainkoak
bizira daroan
bihotz-barritzea.
Apostoluen Eginak liburutik
Eg 11, 1-18
Egun hareetan, apostoluek eta Judeako
senideek jakin eben jentilek be Jainkoaren hitza onartu ebela. Pedro
Jerusalemera bihurtu zanean, zirkuntzisinoaren aldeko senideek aurpegi emon
eutsoen, esanez: «Erdainbakoen etxean sartu eta eurekin jan dozu!»
Orduan, Pedrok dana zehatz-mehatz kontatu
eutsen: «Jafa urian otoitzean niharduala, estasian ikuskari bat izan neban:
oihal handi baten antzeko zeozer ikusi neban, lau muturretatik dingilizka
zerutik jaisten eta nire ondoraino etortzen. Begira jarri nintxakon, eta
lauoinekoak, piztiak, narrastiak eta hegaztiak ikusi nituan barruan.
Orduan, ahotsa entzun neban, niri esaten:
"Ea, Pedro, hil eta jan! " Eta nik erantzun: "Ezelan be ez,
Jauna! Ez dot egundo ezer lohirik edo kutsaturik ahoan sartu". Zerutiko
ahotsak barriro esan eustan: "Jainkoak garbi egin dauana, zuk ez esan
kutsatua danik". Hiru aldiz jazo zan hori, eta ondoren dana zerura jaso
eben.
Une haretan, hain zuzen, hiru gizon agertu
ziran gu gengozan etxean, Zesareatik nigana bialduak. Hareekin kezka barik
joateko esan eustan Espirituak. Sei senide honeek joan ziran nigaz, eta
Kornelioren etxean sartu ginan. Harek kontatu euskun aingeru bat agertu jakola
etxean eta esan eutsala: "Bialdu egizu nonor Jafara, Simonen, Pedro be deituaren,
bila. Harek esango deutsunaren bidez salbatuko zarie, zeu eta zeure etxeko
guztiak".
Berbetan hasi nintzan baizen laster,
Espiritu Santua jaitsi zan hareengana, hasierakoan gugana jaitsi zan lez.
Orduan, Jaunak esandako ha etorri jatan gogora: "Joanek urez bateatu eban,
baina zuek Espiritu Santuaz izango zarie bateatuak". Beraz, Jainkoak guri
Jesu Kristo Jaunagan sinisteagaitik emon euskun dohai bera emon badeutse hareei
be, nor nintzan ni Jainkoari aurka egiteko?»
Hau entzutean, baretu ziran eta Jainkoa
goratu eben, esanez: «Jentilei be emon deutse, beraz, Jainkoak bizira daroan
bihotz-barritzea».
Jaunak esana
Erantzun salmoa
Sal 42 [41], 2-3; 43 [42], 3-4(R/. ik. Sal 42 [41], 3a)
R/. Jainko biziaren egarri naz:
noz helduko ete naz Jainkoaren aurpegia
ikustera?
Edo: Aleluia.
V/. Basahuntza gogo biziz uretara lez,
halantxe
nire gogoa, ene Jainko, Zugana.
Jainkoaren
egarri naz, Jainko biziaren egarri:
noiz
helduko ete naz Jainkoaren aurpegia ikustera? R/.
V/. Bialdu zeure argia eta egia, gidatu nagiela,
eta
eroan zure mendi santura, zure bizilekura.
Eta
helduko naz Jainkoaren altarara,
neure
poz betea dodan Jainkoagana.
Zitaraz
goratuko zaitut, Jainkoa, ene Jainkoa. R/.
Aleluia
Jn 10, 14
R/. Aleluia.
V/. Neu naz artzain ona, dino Jaunak;
ezagutzen
ditut neure ardiak,
eta
neureek ezagutzen nabe Ni. R/.
Ebanjelioa
Neu naz ardien atea.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik
Jn 10, 1-10
Aldi haretan, Jesusek esan eban:
«Bene-benetan dinotsuet: Artegian, atetik barik beste nonondik sartzen dana
lapurra da eta harrapatzailea. Atetik sartzen dana, barriz, artzaina da. Honi
zabaldu egiten deutsa atezainak, eta ardiek entzun egiten dabe haren ahotsa;
ardi bakotxari bere izenaz deitzen deutsa, eta kanpora ataratzen ditu. Ardi
guztiak atara ostean, aurretik joaten jake eta ardiek jarraitu egiten deutsoe,
haren ahotsa ezagutzen dabe-eta. Arrotzari, ostera, ez deutsoe jarraituko;
kontrara, ihes egingo deutsoe, arrotzaren ahotsa ez dabe ezagutzen-eta».
Jesusek parabola hau esan eutsen, baina
hareek ez eben ulertu zer esan gura eutsen. Orduan, holan azaldu eutsen barriro
Jesusek: «Bene-benetan dinotsuet: Neu naz ardien atea. Nire aurretik etorritako
guztiak lapurrak ziran eta harrapatzaileak; horregaitik, ardiek ez eutsien
jaramonik egin. Neu naz atea. Ate honetatik sartzen dana salbatu egingo da,
nasai sartu eta urtengo dau, eta aurkituko dau jatekoa. Lapurra ez doa
artaldera ostu, hil eta hondatzera baino; Ni, barriz, bizia izan dagien etorri
naz, eta ugari izan dagien».
Jaunak esana
Iruzkina
Pasarte hau ulertzeko, izan daigun gogoan Jesusen aldietan etxe bakotxak hiru-lau ardi edo ahuntz eukazala etxekoen probetxurako; artegi baten batzen ebezala hiru-lau etxek euren ardiak, zaintzaile baten ardurapean, eta sarrera estu-estua eukala banan-banan sartu-urten eien eta horrela kontrolatu ardiak. Jabe bakotxak bere deierea eukan ardiek ezagutzen ebena, artzainak bere ardiak ezagutzen ebazala.
Joanek, ba, hauxe azpimarratzen dau Jesusengan: ondo ezagutzen dauzala bere ardiak (artaldean beste artzain batzuen ardiak ere badira), eta ardiek ere ezagutzen dabela bera.
Baina badino gauza gogorrik ere: orain arte etorriak lapurrak eta harrapatzaileak izan dirala. Jesusen egintza azpimarratzeko, behar bada. Jesusen ardurea ez dalako ardien lepotik bizi izatea, hareik lotura guztietatik askatzea baino eta nahinon ibili ahal izan daitezala jateko bila eta aske.
Artegi bakotxak, ba, sarrera estu bat eukan eta zaintzailea: haxe zan atea. Holan ulertu geike Jesus izatea ate hori, eta bere bitartez sartu-urten beharra.
Jesusen eginkizuna bere bizia, Jainko bizia, ardien alde emotea da. Hau da: Jesusen ardiek harexengan aurkituko dabe benetako bizia, jainkozkoa, amaierarik ez daukana, besteak bizi izan daitezan emon egiten dana.
EBANJELIOA
Edo A urtean, Ebanjelio hori aurreko domekan irakurri izan danean:
Artzain onak bere bizia emoten dau ardien alde.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik
Jn 10, 11-18
Aldi haretan, Jesusek esan eban: «Neu naz
artzain ona. Artzain onak bere bizia emoten dau ardien alde. Ez, ostera,
morroiak, artzain ez danak eta ardiak bereak ez dituanak; honek, otsoa
datorrela ikustean, ardiak itzi eta ihes egiten dau; eta otsoak ardiak
harrapatu eta sakabanatu egiten ditu. Izan be, morroiari soldatak deutsa
ardura, eta ez ardiak.
«Neu
naz artzain ona. Ezagutzen dodaz neure ardiak, eta neureek ezagutzen nabe Ni,
Aitak Neu ezagutzen nauan eta Neuk Aita ezagutzen dodan moduan. Nik neure bizia
emoten dot ardien alde. Badodaz artegi honetakoak ez diran beste ardi batzuk;
honeek be erakarri egin behar dodaz; entzungo dabe nire ahotsa eta artalde
bakarra izango dira, ardi-jagole bakarraren gidaritzapean.
«Horregaitik
maite nau Aitak: neure bizia emoten dodalako, barriro eskuratzeko. Ez deust
bizia inork kentzen, Neuk emoten dot neure gogoz. Neure esku dot emotea eta
neure esku barriro eskuratzea. Horixe da nire Aitagandik hartu dodan agindua».
Jaunak esana
Pazkoaldiko IV. martitzena
I. Irakurgaia
Jentilei be
Jesus Jaunaren Barri Ona
iragartzen hasi
ziran.
Apostoluen Eginak liburutik
Eg 11, 19-26
Egun hareetan, Esteban hil ebenean sortutako
erasoaldikoan sakabanatu ziranak Fenizia, Zipre eta Antiokiaraino heldu ziran;
judeguei baino ez eutsien, ostera, iragartzen Jainkoaren hitza. Baina hareetako
batzuk, zipretarrak eta zirenearrak, Antiokiara heldu ziranean, jentilei be
Jesus Jaunaren Barri Ona iragartzen hasi ziran. Jauna lagun eben-eta, asko
bihurtu ziran Jaunagana eta fededun egin.
Jerusalemgo eleiz alkarteak honen guztiaren
barri jakin ebala, Bernabe bialdu eban Antiokiara. Poztu zan hara heldu eta
Jainkoak bere onginahiaz hareen artean egina ikusi ebanean, eta bihotz-bihotzez
Jaunagaz leial irauteko adore emoten eutsen guztiei; Bernabe gizon ona zalako,
eta Espiritu Santuaz eta sinismenez betea, jentetza handia alkartu jakon
Jaunari.
Handik Tarsora joan zan Bernabe Sauloren
bila eta, aurkitu ebanean, Antiokiara eroan eban. Urtebete osoa emon eben
alkarregaz lanean eleiz alkarte haretan, jente askori irakasten. Hain zuzen,
Antiokian emon eutsien ikasleei lehenengoz «kristau» izena.
Jaunak esana
Erantzun salmoa
Sal 87 [86], 1-3. 4-5. 6-7(R/. Sal 117 [116], 1a)
R/. Goratu egizue Jauna, nazino guztiok.
Edo: Aleluia.
V/. Horra, mendi santuaren gainean oinarritutako
uria!
Jaunak
Sion uria maiteago,
Israelgo
beste bizitoki guztiak baino.
Bai
ospetsu berba egiten dabela zutaz,
Jainkoaren
uri! R/.
V/. «Neure
sinisleen arteko
autortuko
ditut Egipto eta Babilonia;
Filistea,
Tiro eta Etiopiako biztanleak
han
jaioak dira danak»;
Sion
uriaz esango da:
«Han jaioak dira guztiak;
Goi-goikoak
dau ha ezarri». R/.
V/. Hona, Jaunak herrien zerrendan idatzi:
«Han jaioak dira honeek guztiak».
Eta
dantzan eginez kantatuko dabe:
«Guztiek, Sion, zugan bizilekua». R/.
Aleluia
Jn 10, 27
R/. Aleluia.
V/. Nire ardiek entzuten dabe nire ahotsa, dino
Jaunak;
Nik
ezagutzen ditut,
eta
hareek jarraitu egiten deuste. R/.
Ebanjelioa
Aita eta biok bat gara.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik
Jn 10, 22-30
Aldi haretan, Tenpluaren garbikuntza-jaia
ospatzen zan Jerusalemen. Negua zan. Jesus tenpluan ebilen, Salomonen aterpean.
Inguratu eben judeguek eta esan eutsoen: «Noiz arte euki behar gozuz ezbaitan?
Zeu bazara Mesias, esaiguzu argi eta garbi».
Jesusek erantzun eutsen: «Esan deutsuet, eta
ez dozue sinisten. Nik neure Aitaren izenean egiten dodazan egintzek emoten
dabe nire alde testigantza; zuek, ostera, ez dozue sinisten, nire ardietarikoak
ez zarielako.
Nire ardiek entzuten dabe nire ahotsa; Nik
ezagutzen dodaz, hareek jarraitu egiten deuste, eta Nik betiko bizitza emoten
deutset; ez dira betiko galduko, ez deustaz inork be eskutik kenduko. Hareek
emon deustazan nire Aita beste guztiak baino handiagoa da, eta ezin ditu inork
be kendu nire Aitaren eskutik. Aita eta biok bat gara».
Jaunak esana
Iruzkina
Esaiguzu…, ez gaizuz ezbaitan euki… Esan deutsuet baina ez dozue sinisten…
Bere aldikoek aparteko zeozer ikusten/aurkitzen eben Jesusengan… Baina, zer? Eta egiten deutsoen itaunari erantzun egiten ete eutson Jesusek, ala beste gauzaren bat dinotse?
Hareek ezin dabe sinistu, Jainkoaz uste dabena, edo Mesiasez, Jesusek bere bizitzan agertzen dauanetik urrun-be-urrun dagoalako.
Jesusi min emoten deutso bere egintzetatik ere ez sinisteak. Jesusenak maitasun-egintzak dira; ez dira hareek itxaroten ebezanak. Hareek erromatarren menpetik askatzea itxaroten eben Misiasengandik, eta ahalegintzen ziran Legea beteten.
Jesusek, ostera, baeukan ardura handiagorik: gaisoak, emakumeak, pekatariak, bazterreratuak, Tenplutik alboratuak… Horreexek ziran bere artaldekoak; horreexek entzuten eben bera ahotsa eta onartzen eben.
Zein gatxa dan Jesus onartzea, harengan sinistea, baztertuetarikoa izan ezik!
Pazkoaldiko IV. eguaztena
I. Irakurgaia
Bereizi Niretzat Bernabe eta Saulo.
Apostoluen Eginak liburutik
Eg 12, 24–13, 5a
Egun hareetan, Jainkoaren hitza haziz eta
zabalduz joian. Bernabe eta Saulo, Jerusalemen euren egitekoa bete ondoren,
Antiokiara bihurtu ziran, Joan Markos eurakaz harturik.
Baziran Antiokiako eleiz alkartean profeta
eta irakasle batzuk: Bernabe, Simeon –izengoitiz Baltza–, Luzio zirenearra,
Manaen –umetan Herodes erregeagaz batera hazia– eta Saulo. Behin, barau egunez,
Jaunaren kultu-ospakizun baten egozala, Espiritu Santuak esan eutsen: «Banandu
Niretzat Bernabe eta Saulo, Nik dei egin deutsedan egitekorako». Orduan, barau
eta otoitz egin ondoren, hareei eskuak buruan ezarri eta bialdu egin ebezan.
Bernabe eta Saulo, beraz, Espiritu Santuak
bialduta, Seleuziara jaitsi ziran, eta handik Ziprera jo eben itsasoz.
Salaminara heldurik, judeguen sinagogetan Jainkoaren hitza iragartzen hasi
ziran.
Jaunak esana
Erantzun salmoa
Sal 67 [66], 2-3. 5. 6 eta 8 (R/. 4)
R/. Ene Jainko, aitatu zagiezala herriek,
aitatu zagiezala herri guztiek.
Edo: Aleluia.
V/. Erruki bekigu Jainkoa eta bedeinkatu gagizala,
agertu
deigula aurpegi argia,
ezagutu
dagien munduan zure bidea,
nazino
guztietan Zugandiko salbazinoa. R/.
V/. Poztu beitez kantari nazinoak,
zuzentasunez
dozuz-eta gobernatzen herriak
eta
gidatzen munduan nazinoak. R/.
V/. Ene Jainko, aitatu zagiezala herriek,
Aitatu
zagiezala herri guztiek.
Bedeinkatu
gagizala Jainkoak,
izan
deiola begirune mundu osoak. R/.
Aleluia
Ik. Jn 8, 12
R/. Aleluia.
V/. Neu naz munduaren argia, dino Jaunak;
Niri
jarraitzen deustanak izango dau bizirako argia. R/.
Ebanjelioa
Ni argi izateko etorri naz mundura.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik
Jn 12, 44-50
Aldi haretan, Jesusek oihu eginez esan eban:
«Nigan sinisten dauanak ez dau Nigan sinisten, Ni bialdu nauanagan baino. Eta
Ni ikusten nauanak Ni bialdu nauana be ikusten dau.
Ni argi izateko etorri naz mundura, Nigan
sinisten dauan inor ilunpetan gelditu ez dadin. Nire berbak entzun bai, baina
betetzen ez dituana, ez dot Nik epaitzen, ze, ez naz mundua epaitzera etorri,
mundua salbatzera baino.
Ni ukatu eta nire berbak onartzen ez
dituanak badauka nork epaitu; Nik adierazotako hitzak berak epaituko dau azken
egunean; Ze, nik ez dot neure izenean berba egin, ezpada ze, bialdu nauan Aitak
agindu deust zer esan eta zer irakatsi. Eta badakit haren aginduak betiko bizitza
emoten dauana. Holan, bada, Nik esaten dodana, Aitak agindu modura esaten dot».
Jaunak esana
Pazkoaldiko IV. eguena
I. Irakurgaia
Daviden hazitik
atara eutson Jainkoak
Israeli
Salbatzailea, hau da, Jesus.
Apostoluen Eginak liburutik
Eg 13, 13-25
Egun hareetan, Paulo eta haren lagunak,
Pafosen itsasoratu eta Panfiliako Pergera heldu ziran. Han Joanek alde egin
eutsen eta Jerusalemera bihurtu zan.
Besteak, barriz, Pergetik Pisidiako
Antiokiara joan ziran. Eta zapatuan sinagogan sartu ziran eta han jesarri.
Legearen eta Profeten irakurgaiak aldarrikatu ondoren, sinagogako buruzagiek
ohar hau bialdu eutsien: «Anaiok, herriari adore emoteko zeozer esan nahi
badeutsazue, berba egizue».
Zutundu eta isiltzeko keinu eginda, hitz
egin eutsen: «Israeldarrok eta Israelen Jainkoa gurtzen dozuen guztiok, entzun:
Israel herri honen Jainkoak gure aurrekoak aukeratu ebazan eta herria ugaritu
eban, Egipton arrotz zirala, eta bere besoaren indar handiaz atara ebazan handik.
Berrogeiren bat urtez eroapenez gidatu ebazan basamortuan zehar eta, Kanaango
lurraldean zazpi nazino hondatu ondoren, honeen lurra emon eutsen ondare.
Horretan guztian laurehun eta berrogeita hamarren bat urte igaro ziran.
Gero, buruzagiak emon eutsezan, Samuel
profetaren sasoia heldu arte. Orduan, israeldarrek erregea eskatu eben, eta
Jainkoak Saul emon eutsen, Kixen semea, Benjaminen leinukoa, eta berrogei urtez
izan zan errege. Gero, Saul kendu eta David emon eutsen errege, honetaz
autormen hau eginez: "Aurkitu dot David, Jeseren semea, nire gogoko
gizona, nik nahi dodan guztia beteko dauana".
Aginduta eukanez, honen hazitik atara eutson
Jainkoak Israeli Salbatzailea: Jesus. Hau etorri baino lehen, Joan
Bateatzaileak bihotz-barritzeko bateoa iragarri eutson Israel osoari. Eta bere
bizitza amaitzera joianean, honan inoan Joanek: "Ez naz ni zuek uste
dozuena; badator nire ondoren beste bat, eta ni ez naz inor haren oinetakoak
askatzeko be"».
Jaunak esana
Erantzun salmoa
Sal 89 [88], 2-3. 21-22. 25 eta 27 (R/. ik. 2a)
R/. Jauna, zure maitasuna abestuko dot betiren beti.
Edo: Aleluia.
V/. Jauna, zure maitasun-egintzak kantatuko ditut
beti,
zure
leialtasuna iragarriko gizaldiz gizaldi.
Bai,
autortzen dot:
«Betiko eraikia dago zeruan zure maitasuna,
sendo
ezarria zure leialtasuna». R/.
V/. David neure zerbitzaria aurkitu dot
eta
neure orio santuaz igurtzi.
Nire
eskuak sendo deutsa eutsiko,
nire
besoak indartsu dau egingo. R/.
V/. Beragaz izango ditu nire leialtasuna
eta maitasuna,
garaile
urtengo dau nire izenean.
Harek
dei egingo deust: «Zu nire aita,
nire
Jainkoa, nire harri salbatzailea». R/.
Aleluia
Ik. Ap 1, 5ab
R/. Aleluia.
V/. Jesu Kristo, testigu leiala,
hilen
arteko lehenengo biztua,
Zuk
maite izan gaituzu
eta
zeure odolaz geure pekatuetatik askatu. R/.
Ebanjelioa
Nik bialdua onartzen dauanak Neu onartzen nau.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik
Jn 13, 16-20
Jesusek, bere ikasleei oinak garbitu
ondoren, esan eutsen: «Bene-benetan dinotsuet: Morroia ez da nagusia baino
handiago, ezta bialdua be bialtzailea baino handiago. Horretaz jaubeturik,
zorionekoak izango zarie, hori egiten badozue.
Ez dinot zuek guztiokaitik; badakit, bai,
zeintzuk aukeratu dodazan; baina bete beharrekoa da Liburu Santuak dinoan hau:
“Nire ogitik jaten dauana nire kontra jarri da”. Aurrez, gertatu baino lehen,
dinotsuet, gertatu daitenean, “Neu nazala” sinistu dagizuen.
Bene-benetan dinotsuet: Nik bialdua onartzen
dauanak Neu onartzen nau, eta Ni onartzen nauanak bialdu ninduana onartzen
dau».
Jaunak esana
Iruzkina
Joanen komunidadeak holantxe bizi eban Jesus Jaunaren agurra. Ona litzateke aurkitzea hemen Jesusengandik zer ikasi eben, eta zer ahalegintzen ziran eskualdatzen eta iragarten.
Jesusen ardurea agertzen da lehenengo ta behin; eta, horregaz batera, Haren atsekabea ere bai: hain maite dauzan ikasleetako batek saldu egingo dau, eta besteek bertan-behera laga eta ihes egingo dabe.
Baina zenbateraino maite dauzan grabatuta geratu dakien, ezohiko leinua egingo dau. Joanentzat holantxe azaldu daiteke Eukaristia zer da: Jesus ikasleen oinetara makurtuta eta hareik garbitzen.
Joanek keinu horretan Jainkoa bera agertzen dala emongo deusku ulertzera: Ni banazala gogoratuko dozue… dinonean: Jainkoaren deieretako bat zan-eta Ni banaz.
Eukaristia, ba, seriotasunez hartzeko keinua da. Jesus geure oinetara eta honeik garbitzen ikusiz, harengandik hartutako keinua geuk ere egiteko, maitasunaren adierazgarri.
Pazkoaldiko IV. barikua
I. Irakurgaia
Agintzaria
geuri bete deusku Jainkoak,
Jesus
berbiztuz.
Apostoluen Eginak liburutik
Eg 13, 26-33
Egun hareetan, honan berba egin eban Paulok
Pisidiako Antiokiako sinagogan: «Senideok, Abrahamen ondorengo zarienok, eta
zuek, Israelen Jainkoa gurtzen dozuenok, geuri bialdu jaku salbazino-hitz hau.
Jerusalemdarrek eta hareen agintariek ez eben Jesus aintzat hartu eta, ha
kondenatuz, zapatuero sinagogan irakurtzen dabezan profeziak bete ebezan.
Heriotza merezi ebanik ezertxu be aurkitu ez eutsoen arren, ha hiltzeko eskatu
eutsoen Pilatori. Eta Liburu Santuak haretaz dinoen guztia bete ebenean,
habetik eratsi eta hilobian ezarri eben.
Baina Jainkoak biztu egin eban hilen
artetik. Egun askotan zehar agertu jaken Galileatik Jerusalemera beragaz igon
ebenei, eta horreek ditu orain bere testigu herriaren aurrean.
Guk be Barri On hau iragartzen deutsuegu:
gure asabei egindako agintzaria, geuri, hareen ondorengooi, bete deuskula
Jainkoak, Jesus berbiztuz. Halan dago idatzita bigarren salmoan:
"Nire
seme zara zu;
Neuk
zaitut gaur sortu"».
Jaunak esana
Erantzun salmoa
Sal 2, 6-7. 8-9. 10-11 (R/. 7)
R/. Nire seme zara zu; Neuk zaitut gaur sortu.
Edo: Aleluia.
V/. «Nik
sagaratu dot erregea Sionen,
neure
mendi santuan».
Jaunaren
erabagia iragarriko dot;
berak
esan deust: «Nire seme zara zu;
Neuk
zaitut gaur sortu. R/.
V/. Eskatu Niri, eta nazinoak emongo deutsudaz
ondare,
lur
osoaren jaube zaitut egingo.
Burdinazko
makilaz dozuz hausiko,
buztinezko
ontzia lez birrinduko». R/.
V/. Holan, bada, egin gogoeta, erregeok,
ikasi
behingoz, munduko buruzagiok.
Zerbidu
egizue Jauna begirunez,
egiozue
agur ahuspez eta ikaraz. R/.
Aleluia
Jn 14, 6
R/. Aleluia.
V/. Neu naz bidea, egia eta bizia, dino Jaunak;
ezin
da inor Aitagana joan,
nire
bidez izan ezik. R/.
Ebanjelioa
Neu naz bidea, egia eta bizia.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik
Jn 14, 1-6
Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei:
«Ez izan kezkarik; sinistu Jainkoagan eta sinistu Neugan be. Nire Aitarenean
bizileku asko dago; holan izan ez balitz, esango neuskizuen. Orain zuentzat
lekua prestatzera noa. Joan eta lekua prestatu ostean, barriro etorri eta
Neurekin eroango zaituet, Ni nagoan lekuan zuek be egon zaitezen. Zuek
badakizue Ni noan lekurako bidea».
Tomasek esan eutson: «Jauna, ez dakigu nora
zoazen, eta zelan jakin bidea?» Jesusek erantzun: «Neu naz bidea, egia eta
bizia. Ezin da inor Aitagana joan, nire bidez izan ezik».
Jaunak esana
Iruzkina
Jesusentzat argi dagozan gauza asko eta asko bere lagunenenak ere ez dabez argi ikusten edo ulertzen.
Zer da zuentzat leku atontzea? Zer da Aitagana igotea? Zer da leku asko? Ze lekuz dihardu? Eta zer da bera izatea Aitaganako bidea?
Guk sarri entzun/erabili izan doguz berbok. Baina jakin bai zer esan gura daben? Ebanjelioan agertzen dirala-eta, halantxe izan behar dabela-eta… Baina?
Zein era ezbardinean bizi dogun gure izakerea Jesusek eta guk! Ha Aitagan da, eta oraindixik. Guk Jainkoa urrun somatzen dogu eta kanpoan.
Esango deusku Jesusek bera ikusten dauanak Aita ikusten dauala, edo bera dala Aitaganako bidea, baina…
Tomasen antzera egin behar izango geuke geuk be, ezelango bildur edo lotsa barik galdetu, eta Jesusengan uste on osoa izan, berak dinoskunari jarraitzeko eta horren arabera bizi izateko, Jainkoaren bihotzean.
Pazkoaldiko IV. zapatua
I. Irakurgaia
Jentilengana joko dogu.
Apostoluen Eginak liburutik
Eg 13, 44-52
Hurrengo zapatuan, ia herri osoa batu zan
Jaunaren hitza entzuteko. Jentetza ha ikusirik, judeguak bekaitzez bete ziran
eta irainka egiten eutsoen kontra Paulok esaten ebanari. Orduan, Paulok eta
Bernabek adoretsu esan eben: «Zuei adierazo behar geuntsuen lehenengo
Jainkoaren hitza; baina hitza baztertu eta zeuen buruak betiko bizitzarako gai
ikusten ez dozuezan ezkero, jentilengana joko dogu. Hauxe agindu deusku-eta
Jaunak: "Nazinoen argitzat ezarri zaitut, salbazinoa lurraren
bazterreraino eroan dagizun"».
Hau entzutean, jentilak poztu egin ziran eta
Jaunaren berbea goresten eben. Eta betiko bizitzarako ziranek sinistu egin
eben.
Jaunaren hitza zabalduz joian herrialde
haretan guztian. Baina judeguek andra handiki jainkozale batzuk eta herriko
jauntxuak berotu ebezan, Pauloren eta Bernaberen kontra erasoaldia sortu eben
eta euren lurraldetik bota ebezan. Paulo eta Bernabe, protesta antzera euren
oinetako hautsa hareen aurka astindu eta Ikoniora joan ziran. Ikasleak, barriz,
pozez eta Espiritu Santuaz beterik gelditu ziran.
Jaunak esana
Erantzun salmoa
Sal 98 [97], 1. 2-3b. 3c-4 (R/. ik. 3cd)
R/. Ikusi dabe lur-muga danek
gure Jainkoagandiko garaipena.
Edo: Aleluia.
V/. Kanta Jaunari kantu barria,
egintza
harrigarriak egin ditu-eta;
garaipena
emon deutsa bere eskumak,
bere
beso santuak. R/.
V/. Bere garaipena ezagutuazo dau Jaunak,
bere
salbazino-egintza agertu nazinoen aurrean.
Ez
da ahaztu bere maitasunaz,
Israel
herriari deutson leialtasunaz. R/.
V/. Munduko bazter guztiek ikusi dabe
gure
Jainkoaren garaipena.
Egin
irrintzi Jaunari, lur osoa,
egin
poz-oihu eta kantu, jo soinua. R/.
Aleluia
Jn 8, 31-32
R/. Aleluia.
V/. Nire hitzean irauten badozue,
benetan
nire ikasle izango zarie
eta
ezagutuko dozue egia, dino Jaunak. R/.
Ebanjelioa
Ni ikusten nauanak Aita be ikusten dau.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik
Jn 14, 7-14
Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei:
«Ni benetan ezagutuko baninduzue, nire Aita be ezagutuko zeunkie. Gehiago
oraindino, ezagutzen dozue dagoeneko, eta ikusi be ikusi dozue». Orduan,
Felipek esan eutson: «Jauna, erakutsi eiguzu Aita, eta nahikoa dogu».
Jesusek erantzun: «Hainbeste denpora zuokaz,
eta ez nozu ezagutzen, Felipe? Ni ikusten nauanak Aita be ikusten dau. Zelan
dinozu: “Erakutsi eiguzu Aita”? Ez ete dozu sinisten Ni Aitagan nagoana eta
Aita Nigan? Nik dinotsuedana ez dinotsuet neuk neutara. Nigan bizi dan Aita da
bere egintzak burutzen diharduana. Sinistu eidazue: Ni Aitagan nago eta Aita
Nigan. Besterik ez bada be, sinistu egintzakaitik.
Bene-benetan dinotsuet: Nigan sinisten
dauanak Neuk egiten dodazan egintzak burutuko ditu berak be, eta oraindino
handiagoak, Ni Aitagana noa-eta. Nire izenean eskatu dagizuen guztia emongo
deutsuet, Aitaren aintza Semeagan agertu dadin. Nire izenean zeozer eskatzen
badozue, emongo deutsuet Nik».
Jaunak esana
IRUZKINA
Gauza bi mahairatzen deuskuz ebanjelariak gaurkoan: Jesus maitatzea eta haren egitadak ikustea. Eta Jesusek hauxe galdetzen deuskula esan geike: ea maite dogun, eta ea zer ikusten dogun beragan.
Arinegi ez ete dogu esaten maite dogula? Maite dauanak azala baino ez ete dau ikusten? Ala maitatzeak maitea sakonetik ezagutzea emoten dau?
Hauxe da Jesus: Aita maite-maite dauana, eta haren maitasuna sakon-sakonean somatzen dauana. Horrexegaitik urteten dabe Jesusengandik, ez egitada harrigarriek, maitasun-egintzek baino.
Hauxe da benetan harrigarria: maitasuna isurtea merezi dauanari, edo ez dauanari: edonori, guztiei. Maitasunak norberagandik urteten daualako.
Jesus maite badogu maite izango dogu gizakia; harengan Jainkoaren maitasuna isuriko dogu, eta —Aitagan dalako, hemen ezin dau Jesusek egintzarik gauzatu— harek baino egintza harrigarriagok gauzatuko doguz.
Sinisten dogu? Maite dogu Jesus, ala haren azaleko egintzetan gelditzen gara?