martes, 1 de febrero de 2022

Pazko 5. Astea

Pazkoaldiko V. astelehena

I. Irakurgaia

Barri on hau adierazoten deutsuegu:
itzi dagizuezala idolo gauzeztanak eta bihurtu zaitezela Jainko biziagana.

Apostoluen Eginak liburutik

Eg 14, 5-18

    Egun hareetan, jentilak eta judeguak, euren agintariekin batera, Paulo eta Bernabe iraindu eta harrikatzeko asmotan ebiltzan Ikonion; baina, horretaz jaubeturik, Likaoniako Listra eta Derbeko herritxu eta inguruetara ihes egin eben Paulok eta Bernabek, eta han be Barri Ona zabaltzen jardun eben.
    Bazan Listran oinak elbarri ebazan gizon bat; sekula oinez ibili bakoa zan, jaiotzatik egoan-eta elbarri. Paulori entzuten egoan baten, Paulo begira-begira jarri jakon eta, osatzeko adinako sinismena baebala ikusirik, oihu handiz esan eutson: «Jarri zutunik oinen gainean». Salto baten zutundu eta ibiltzen hasi zan.
    Paulok egindakoa ikustean, jentetza oihuka hasi zan Likaoniako hizkuntzan: «Jainkoak jaitsi jakuz geure artera giza irudian!» Bernaberi «Zeus» esaten eutsoen, eta Paulori «Hermes», honek hitz egiten eban-eta. Herriko sarreran egoan Zeusen tenpluko abadeak zezenak ekarriazo ebazan, lore-sortaz apaindurik, uriko ateetara, eta jenteagaz batera oparitzat hil nahi ebazan apostoluen omenez.
    Ohartu ziranean, Bernabe eta Paulo apostoluak euren soingainekoak urratu eta jentearen artera sartu ziran oihuka: «Lagunok, zetan diharduzue? Gu be gizakiak gara zuek lez, eta barri on hau adierazoten deutsuegu, hain zuzen: itzi dagizuezala idolo gauzeztanak eta bihurtu zaitezela Jainko biziagana, zeru-lurrak, itsasoa eta horreetan dagoan guztia egin dituanagana. Joandako gizaldietan Jainkoak herri bakotxari bere bidetik joaten itzi deutsa; baina ez bere burua ezagutzera emon barik, egiten dituan mesedeen bidez: euria eta urtaro aberatsak bialdu deutsuez zerutik, eta janariz eta pozez bete zaitue».
    Berba honeekin, nekez bada be, kendu eutsoen burutik jenteari oparia eskeintzeko asmoa.

Jaunak esana

 

Erantzun salmoa

Sal 115 [113 B], 1-2. 3-4. 15-16 (R/. 1)

R/.   Ez gugaitik, Jauna,
        zeure izenaren ohoreagaitik baino
        erakutsi zeure ospea.

        Edo: Aleluia.

V/.   Ez gugaitik, Jauna, ez gugaitik,
zeure izenaren ohoreagaitik baino
erakutsi zeure ospea,
zeure maitasun eta leialtasunagaitik.
Zergaitik dinoe jentil-herriek:
«Non dabe Jainkoa?» R/.

V/.   Gure Jainkoa zeruan dago
eta nahi dauan guztia egiten dau.
Hareen idoloak, barriz, zidar eta urre dira,
gizakien eskulan. R/.

V/.   Bedeinkatu zagiezala Jaunak,
zeru-lurrak egin dituanak.
Jaunarena da zerua,
gizakien esku itzi dau lurra. R/.

 

Aleluia

Jn 14, 26

R/.   Aleluia.

V/.   Espiritu Santuak irakatsiko deutsue dana
        eta gogoratuazoko Nik esan deutsuedan guztia. R/.

 

Ebanjelioa

Aitak Laguntzailea bialduko deutsue;
harek irakatsiko deutsue dana.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik

Jn 14, 21-26

    Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Nire aginduak onartu eta betetzen dituanak, horrexek nau maite, eta Ni maite nauana nire Aitak maiteko dau, eta Neuk be maite izango dot eta agertuko naiako».
    Esan eutson Judasek, ez Iskariotek, besteak baino: «Jauna, zer dala-eta agertuko zaiakuz guri eta ez munduari?»
   
Jesusek erantzun eutson: «Ni maite nauanak gordeko dau nire berbea; nire Aitak maiteko dau, eta Aita eta biok harengana etorriko gara eta harengan egingo dogu bizilekua. Ni maite ez nauanak, ostera, ez ditu gordetzen nire berbak. Eta entzuten dozuen berbea ez da nirea, bialdu nauan Aitarena baino.
    Zuekin nazan artean esan deutsuet hau. Baina Aitak Laguntzailea, Espiritu Santua, bialduko deutsue nire izenean; harek irakatsiko deutsue dana eta gogora ekarriko Nik esan deutsuedan guztia».

Jaunak esana

 

Iruzkina

      Zenbat eta zenbat Jesusegazko bizikizun ete dagozan ebanjelioak hemen agertzen dauanaren ostean. Emoten dau bat-batean dinozala Jesusek berbok; baina egia besterik da: haregazko bizitzaldian han-hor-hemen entzun deutsoezan Jesusen hausnarketak dira.

      Ez daigun begi bistatik galdu: Jesus aintzatuaren (berbizkunde ondoren, ba) argitara irakurrita dagoz berbok, baina aurretiko bizikizunak dira, eta denpora luzean emonak.

      Berbizkunde ondoren konturatuko dira, eta hasten dira ulertzen, Aita eta Jesus, eta Jesus eta Espiritua, eta Espiritua eta Aita bat dirala; ezin daitekezala banazean hartu edo ulertu.

      Eta Jainkoa, Semeagan eta Espiritu Santuagan, beti dago geure artean, gu biziazoten, adoretzen, maitatzen…; eta maite dogunean, ezelango baldintza eta bereizketa barik, konturatzen gara Jesusen agindu bakarra (maitasun agindua) beteten dihardugula.

      Ez da, ba, gure gurarien eta ahaleginen ondorio maitatzea; Jainkoak gugan diharduana da. Konturatu gaitezala baino ez dogu behar.

 

 

Pazkoaldiko V. martitzena

I. Irakurgaia

Jainkoak euren bidez egindako guztia
azaldu eutsoen alkarteari.

Apostoluen Eginak liburutik

Eg 14, 19-28

    Egun hareetan, judegu batzuk etorri ziran Antiokiatik eta Ikoniotik eta, jentea eurenganaturik, Paulori harrika egin eutsoen, eta uritik kanpora atara eben arrastaka, hilda egoalakoan. Baina ikasleak ondora batu jakozanean, Paulo jagi eta urian sartu zan barriro.
    Biharamonean, Derbera joan zan Bernabegaz. Uri haretan Barri Ona zabaldu eta, ikasle asko egin ondoren, Listrara, Ikoniora eta Antiokiara bihurtu ziran.
    Bide batez, ikasleen bihotzak sendotzen ebezan, sinismenean irauteko adore emonez. «Larrialdi asko jasan behar dogu –esaten eutsien– Jainkoaren erreinuan sartzeko». Eleiz alkarte bakotxean arduradunak izentatu ebezan eta, otoitz eta barau egin ondoren, Jaunaren eskuetan itzi ebezan, harengan sinistu eben-eta.
    Pisidian zehar, Panfiliara heldu ziran eta, Pergen hitza iragarri ondoren, Ataliara jaitsi ziran. Han ontzia hartu eben Siriako Antiokiara joateko, handik bialdu ebezan-eta burutu barria eben egitekorako, Jainkoaren ardurapean jarri ondoren.
    Heldu ziranean, eleiz alkartea batu eben eta Jainkoak euren bidez egindako guztia azaldu eutsien, baita jentilei federako atea zelan edegi eutsien be. Paulo eta Bernabe bertan gelditu ziran denboraldi baten ikasleekin.

Jaunak esana

 

Erantzun salmoa

Sal 145 [144], 10-11. 12-13b. 21 (R/. ik. 12a)

R/.   Zure adiskideek agertu begie, Jauna,
        zure erregetzaren bikaintasuna.

        Edo: Aleluia.

V/.   Goratu zagiezala, Jauna, zeure sorkari guztiek,
bedeinkatu zeure fededunek;
aitatu begie zure erregetza ospetsua,
berba egin begie zure ahalmenaz. R/.

V/.   Gizakiei agertuz zure egite ahaltsuak,
zure erregetza ospetsuaren bikaintasuna.
Zure erregetza betiko erregetza,
gizaldiz gizaldikoa zure nagusitza. R/.

V/.   Goratu begi nire ahoak Jauna,
eta bedeinkatu begie izaki guztiek
haren izen santua betiren beti. R/.

 

Aleluia

Ik. Lk 24, 46. 26

R/.   Aleluia.

V/.   Beharrezkoa zan Mesiasek sufritzea
        eta hilen artetik biztea;
        holan sartu behar eban bere aintzan. R/.

 

Ebanjelioa

Neure bakea emoten deutsuet.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik

Jn 14, 27-31a

    Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Bakea izten deutsuet, neure bakea emoten; Nik emoten deutsuedan bakea ez da munduarena lakoa. Ez kezkatu, ez bildurrik izan. Entzun dozue esan deutsuedana: “Banoa, baina bihurtuko naz zuokana”. Benetan maite baninduzue, poztuko zintzakeze Aitagana noalako, Aita Ni baino handiagoa da-eta.
    Orain esan deutsuet, gertatu baino lehen, gertatu dadinean sinistu dagizuen. Ez dot behin honezkero luzaro hitz egingo zuekin, ze, badator mundu honetako buruzagia. Horrek ez dauka ahalmenik nire gain; baina munduak jakin behar dau Nik maite dodala Aita eta Aitaren agindua bete egiten dodala».

Jaunak esana

 

Iruzkina

      Ez da hain erreza Jesusen agur berbok ulertzea. Baina bai ulertu daitekela maite-maite dauzala bere ikasleak eta ez dauala nahi bere heriotzeaz bildurtu edo kezkatu daitezanik.

      Hortik gorakoak… neure bakea emoten deutsuet, munduarena langoa ez dana… Zelangoa da Jesusek emoten dauan bakea? Zelangoa da munduarena?

      Jesusena barru-barruko bakea da, eta bete-betekoa; ez dau bildurrarentzako lekurik, oraindixek dago-ta Aitagan. Halan ere, heriotzatik igaro beharra dauka. Halan erakusten deusku ez dala heriotzea azkena, bizitza baino: Aitagango bizitza.

      Jesus maite dauana haren Aitaganatzeaz poztu egiten da, halan ikusten daualako betea maitasun eginkizuna. Eta maite dauanak berak ere beteko dau eginkizun hori mundu honetako Jauntxoaren gainetik.

      Jesus haren menpe bizi ez dan lez bizi izango dira Jesus maite dabenak ere, honen helburu ber-bera izango dabelako Aitari esker.

 

 

Pazkoaldiko V. eguaztena

I. Irakurgaia

Jerusalemera igon egiela erabagi eben,
apostoluekin eta arduradunekin auzia argitzera.

Apostoluen Eginak liburutik

Eg 15, 1-6

    Egun hareetan, Judeatik Antiokiara jaitsi ziran batzuk irakaspen hau emoten hasi ziran hango senideei: «Moisesengandiko usadioaren arabera zirkuntzidatzen ez bazarie, ezin zaitekeze salbatu». Hori zala-eta, astrapala sortu zan eta Paulok eta Bernabek eztabaida gogorra izan eben hareekin. Orduan, Paulo, Bernabe eta beste batzuk Jerusalemera igon egiela erabagi eben, apostoluekin eta arduradunekin auzi hori argitzera.
    Antiokiako eleiz alkarteak biderako beharrezkoak emon eutsezan. Fenizian eta Samarian zehar igarotzean, jentilak be konbertitzen ziharduela jakinazoten eutsien senideei, guztiei poz handia emonez. Jerusalemera heldu ziranean, eleiz alkarteak, apostoluek eta arduradunek harrera ona egin eutsien, eta Paulok eta Bernabek euren bidez Jainkoak egindako guztiaren barri emon eutsien.
    Baina sinistedun egindako fariseuen alderdiko batzuek urten eben esanez jentilak be erdaindu egin behar zirala eta Moisesen legea betetzera behartu. Orduan, apostoluak eta arduradunak arazo hau aztertzeko batu ziran.

Jaunak esana

Erantzun salmoa

Sal 122 [121], 1-2. 3. 4-5 (R/. ik. 1b)

R/.   Goazen pozik Jaunaren etxera!

        Edo: Aleluia.

V/.   Ha poza nirea, esan eustenean:
«Goazen Jaunaren etxera!»
Hona orain nire oinak
zure ateetan, Jerusalem. R/.

Jerusalem, uri lez ondo eraikia,
beragan sendo batua! R/.

V/.   Hara igoten dabe leinuek, Jaunaren leinuek,
Israelen lege danez, Jaunaren izena goratzera.
Han dagoz ezarriak auzi-mahaiak,
Daviden jauregiko mahaiak. R/.

 

Aleluia

Jn 15, 4a. 5b

R/.   Aleluia.

V/.   Zagoze Nigan, Ni zuengan lez, dino Jaunak;
        norbait Nigan badago,
        horrek frutu asko emongo dau. R/.

 

Ebanjelioa

Norbait Nigan badago, Ni harengan lez,
harek frutu asko emongo dau.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik

Jn 15, 1-8

    Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Neu naz benetako mahatsondoa, eta nire Aita da nekazaria. Nigan fruturik emoten ez dauan aihena ebagi egiten dau Aitak, eta frutu emoten dauana garbitu eta kimatu, frutu gehiago emon dagian. Zuek, honezkero, garbi zagoze, Nik adierazo deutsuedan hitzari esker. Iraun egizue Nigan, Nik zuengan bezala. Aihenak berez, mahatsondoan ez badago, fruturik emon ezin dauan lez, zuek be ez, Nigan irauten ez badozue.
    Neu naz mahatsondoa eta zuek aihenak. Norbait Nigan badago, Ni harengan bezala, harek frutu asko emongo dau; ze, Ni barik ezin dozue ezer egin. Nigan ez dagoana kanpora botatzen dabe, ebagi eta igartzen dan aihenaren moduan; gero, batu, surtara bota eta erre egiten dabe.
    Nigan bazagoze eta nire berbak zuengan badagoz, eskatu gura dozuena eta izango dozue. Honetan agertzen da nire Aitaren aintza: zuek, nire ikasle izanik, frutu asko emotean».

Jaunak esana

 

IRUZKINA

      Badaki Jesusek mahastiaren balioaz, eta Israel Etxea dala Jainkoaren mahastia. Baina hemen Jesus harago doa. Danek ezagutzen eben irudi hori erabiliz, Jesusek bere burua jarten dau mahasti horretako mahatsondo, eta ikasleak mahatsondo horretako aihen.

      Balio barria emoten deutso, ba, israeldarren artean hain ezaguna dan irudiari. Aita da Nekazaria: berea da mahastia. Mahasti horretan Jesus da mahatsondo preziatua. Eta honen ikasleak dira mahatsondo horretako aihenak.

      Eta horra: aihenak berez, mahatsondotik bereiztuta fruturik emon ezin dauanez, bardin ikasleek ere: Jesusengan txertatuak ezik, ezin daikee fruturik emon. Eta mahastizainaren guraria —Jainkoarena hain zuzen— frutu ugari emon daiela da.

      Aparteko frutua, ugaria eta gozoa itxaroten dau Aitak bere Semearen mahatsondotik. Aitak berak garbitzen eta inausten ditu haren aihenak, emon daien frutua ugaria izan daiten, eta ez orri hutsa.

      Ez gara surtarako aihen igarrak, frutu ugari emoteko garbituak baino. Eta hori, Jesusengan txertatuak egonik baino ezin izango dogu.

 

 

Pazkoaldiko V. eguena

I. Irakurgaia

Nire eretxiz, ez jake alperreko oztoporik ezarri behar
Jainkoagana bihurtzen diran jentilei.

Apostoluen Eginak liburutik

Eg 15, 7-21

    Egun hareetan, eztabaida luzearen ondoren, zutundu zan Pedro eta esan eutsen apostoluei eta arduradunei: «Anaiok, dakizuenez, aspaldi aukeratu ninduan Jainkoak, jentilek nire ahotik Barri Onaren hitza entzun egien eta sinistu. Eta bihotz-barrua ezagutzen dauan Jainkoak hareen alde autormen egin eban, hareei be guri lez Espiritu Santua emonez. Hareen eta gure artean ezelako bereizkuntzarik egin barik, garbitu egin ditu hareen bihotzak fedearen bidez.
    Holan, bada, zergaitik tentatzen dozue orain Jainkoa, ez gure gurasoek ezta geuk be ezin eroan izan dogun buztarria ikasle horreei leporatzen ahaleginduz? Guk uste dogu Jesus Jaunaren graziari esker salbatzen gaituala Jainkoak, bai geu, bai jentilak».
    Isildu zan Batzar osoa Bernaberi eta Paulori entzuteko, eta honeek euren bitartez jentilen artean Jainkoak egindako ezaugarriak eta mirariak kontatu ebezan. Amaitu ebenean, Santiagok hitza hartu eta esan eutsen: «Entzun, anaiok! Simonek azaldu deusku zelan hasiera-hasieratik Jainkoak jentilen artetik herri bat aukeratu nahi izan dauan beretzat. Bat dator hau profeten esanekin, Liburu Santuak dinoan lez: 

"Ondoren, bihurtuko naz
eta Daviden txabola jausia berreraikiko dot;
haren horma hondatuak berreraikiko ditut,
eta zutunik ipiniko dot barriro,
gainerako gizakiek
eta nire izenari sagaratuak dagozan nazino guztiek
Jauna bilatu dagien.
Halan dino Jaunak, hori aspalditik jakinazo dauanak".

    Beraz, nire eretxiz, ez jake alperreko oztoporik ezarri behar Jainkoagana bihurtzen diran jentilei. Nahikoa da hauxe eskatuz idaztea: ez dagiela jan sasijainkoei eskeinitako haragirik, itzi dagiezala legearen kontrako haragi-hartuemonak eta ez dagiela jan odolustu bako abererik, ezta odolik be. Izan be, judeguek aspalditik irakurtzen eta azaltzen dabe Moisesen legea zapatuero herri guztietako sinagogetan».

Jaunak esana

 

Erantzun salmoa

Sal 96 [95], 1-2a. 2b-3. 10 (R/. ik. 3)

R/.   Zabaldu Jaunaren mirariak herri guztietan.

        Edo: Aleluia.

V/.   Kanta Jaunari kantu barria,
kanta Jaunari, lur osoa,
kanta Jaunari, bedeinkatu haren izena! R/.

V/.   Iragarri egunez egun salbatzaile dala.
Zabaldu haren ospea nazinoetan,
haren mirariak herri guztietan. R/.

V/.   Esaizue nazinoetan: «Errege da Jauna.
Sendo ezarria dago mundua, ez da kili-kolo egongo;
herriak zuzenbidez ditu epaitzen». R/.

 

Aleluia

Jn 10, 27

R/.   Aleluia.

V/.   Nire ardiek entzuten dabe nire ahotsa, dino Jaunak;
        Nik ezagutzen ditut,
        eta hareek jarraitu egiten deuste. R/

 

Ebanjelioa

Iraun nire maitasunean,
zuen poza bete-betea izan dadin.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik

Jn 15, 9-11

    Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Aitak Ni maite izan nauan moduan, halantxe maite izan zaituet Neuk be zuek; iraun tinko nire maitasunean. Nire aginduak betetzen badozuez, nire maitasunean iraungo dozue, Neuk be, Aitaren aginduak bete dodazanez, haren maitasunean irauten dodan moduan.
    Hau esan deutsuet nire poza zeuongan izan dagizuen, eta zuon poza bete-betea izan dadin».

Jaunak esana

 

IRUZKINA

      Danok ezagutzen dogu Jesusen agindua: maite eizue alkar… Baina mailak dagoz maitatze horretan: …neuk maite izan zaituedan lez, izango litzateke maila bat. baina badago beste bat ere: … Aitak ni maite nauan lez. Gorengo mailako maitasun horretara eroan gura gaitu Jesusek, eta horretarako bidea bere aginduak betetea da.

      Zelan hartzen doguz aginduak? Aspergarri edo astun lez, behar bada: gure askatasuna  murriztuko balebe lez; ez jakuz erakargarri egiten. Gainera, atsekabean sartu geinkeez, ikusten dogulako huts egiten dogula behin baino sarriagotan.

      Behin eta barriro entzun behar doguz, ba, Jesusen berbok taupada-doinua balira lez: eurek eroango gaitue gero eta errezago eta pozago Jesusek egin dauana barruratzen, norberetzen…, eta eurek gauzatuko leukeez —eta ez geure ahaleginek— gugandik itxaroten dauzan frutuak.

      Maitasunak egintzak eskatzen ditu, frutuak. Eta honeik ez dira gure ahaleginen ondorio, Jesusen aginduak norberetuta izatearenak baino.

 

 

Pazkoaldiko V. barikua

 

I. Irakurgaia

Espiritu Santuak eta guk erabagi dogu
zuei kargarik ez ezartzea,
behar-beharrezko diranak izan ezik.

Apostoluen Eginak liburutik

Eg 15, 22-31

    Egun hareetan, apostoluek eta arduradunek, eleiz alkarte osoagaz batera, euren arteko batzuk aukeratu eta Paulo eta Bernabegaz Antiokiara bialtzea erabagi eben. Barsaba deituriko Judas eta Silas aukeratu ebezan, senideen artean ospe handiko gizonak biak, eta gutun hau emon eutsien eroateko:

     «Anaia apostoluek eta arduradunek Antiokia, Siria eta Ziliziako jentil-herrietako senideoi, agur! Jakin dogu gure arteko batzuek, guk agindu barik, euren hitzez kezkatu eta nahastu zaitueela. Horregaitik, ordezkari batzuk aukeratzea erabagi dogu aho batez eta zuengana bialtzea, Bernabe eta Paulo geure senide maiteekin, euren burua Jesu Kristo gure Jaunaren zerbitzuan emon daben horreekin. Hor bialtzen deutsueguz, bada, Judas eta Silas, hau bera ahoz jakinazo deizueen. Espiritu Santuak eta geuk erabagi dogu zuei kargarik ez ezartzea, behar-beharrezko diran honeek izan ezik: ez dagizuela jan sasijainkoei eskeinitako haragirik, ez odolik, ez odolustu bako abererik, eta itzi dagizuezala legearen kontrako haragi-hartuemonak. Ondo egingo dozue holakoetatik alde egiten badozue. Izan ondo».

    Bialduak, beraz, Antiokiara jaitsi ziran eta, alkartea baturik, gutuna emon eutsien. Irakurri ebenean, pozez bete ziran hitz kontsolagarri hareekin.

Jaunak esana

 

Erantzun salmoa

Sal 57 [56], 8-9. 10-12 (R/. 10a)

R/.   Goratuko zaitut, Jauna, herrien artean.

        Edo: Aleluia.

V/.   Adoretsu dot bihotza, ene Jainko, adoretsu,
kantatuko deutsut eta soinua joko.
Iratzartu zaitez, nire barrua,
izartu, harpa eta zitara;
iratzartu dagidan egunsentia. R/.

V/.   Goratuko zaitut, Jauna, herrien artean,
kantatuko deutsut nazinoen artean,
zerua baino handiagoa da-eta zure maitasuna,
hodeietarainokoa zure leialtasuna.
Zerua baino garaiago zara, ene Jainko,
zure ospea mundu osoaren gain! R/.

 

Aleluia

Jn 15, 15b

R/.   Aleluia.

V/.   Zuei adiskide deitzen deutsuet, dino Jaunak,
       
neure Aitak jakinazo deustan guztia adierazo deutsuet-eta. R/.

 

Ebanjelioa

Hauxe agintzen deutsuet:
maitatu dagizuela alkar.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik

Jn 15, 12-17

    Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Hauxe da nire agindua: maitatu dagizuela alkar, Nik maite izan zaituedan lez. Ez dauka inork maitasun handiagorik, bere bizia lagunen alde emoten dauanak baino.
   
Zuek nire adiskide izango zarie, Nik agindua betetzen badozue. Aurrerantzean ez deutsuet morroi deituko, ze, morroiak ez dau jakiten nagusiak zer egiten dauan; zuoi adiskide deitzen deutsuet, neure Aitagandik entzun dodan guztia jakinazo deutsuedalako.
    Ez ninduzuen zuek aukeratu Ni, Neuk aukeratu zinduedazan zuek, eta jarri zaituet joan zaitezen eta frutua emon dagizuen eta zuen frutuak iraun dagian edonon; holan, Aitari nire izenean eskatuko deutsazuen guztia emongo deutsue. Hauxe agintzen deutsuet: maitatu dagizuela alkar».

Jaunak esana

 

IRUZKINA

      Jesusen azken ardurea bere ikasleak dira, eta, honeengan, alkar-maitasuna eta alkartasuna. Ez da agertzen inondik-inora ere bakotxak bere arima salbatzen jardun beharrik. Euren arteko hartu-emona da Jesusen kezkea eta ardurea, eta bere burua jarten deutse jarraibide, agindu lez, gainera.

      Neuk maite izan zaituedan lez… Zelango eskakizun maila jarten deutsen! Ez deutse eskatzen maitasun neurtua, bete-betekoa baino, oso-osokoa, besteen alde norbere bizitza emoterainokoa. Makala!

      Aitagandik hartu dodan guztia jakinazo deutsuet… Ez dauka Jesusek isilpekorik edo ezer gorde beharrik: ageri-agerikoa da, laua, apala, beretzat ezer gordeten ez dauana, dana besteentzat daukana.

      Ez ninduzuen zuek aukeratu Ni… Jesusek berak deitzen eta aukeratzen dau. Eta berak egiten/emoten dauana bere ikasle/aukeratuek ere egin/emon daien aukeratu dauz. Hauxe da, eta ez beste ezer, Jainkoari atsegin jakona.

      Hauxe da, ba, Jesusengan sinistea: berak aukeratu gaitula, eta harek gugan egina geuk ere besteengan egin daigula: maitasuna gauzatu.

 

 

Pazkoaldiko V. zapatua

 

I. Irakurgaia

Zatoz Mazedoniara eta lagundu egiguzu.

Apostoluen Eginak liburutik

Eg 16, 1-10

    Egun hareetan, Derbera joan zan Paulo eta, gero, Listrara. Han Timoteo izeneko ikasle bat aurkitu eban; ama judegua eban eta kristaua; aita, barriz, greziarra. Timoteok izen ona eban Listrako eta Ikonioko senideen artean. Paulok beragaz eroan nahi izan eban, eta erdaindu egin eban inguru hareetako judeguakaitik, danek ekien-eta aita greziarra ebana.
    Igarotzen ziran urietan, Jerusalemgo apostolu eta arduradunen erabagiak emoten eutsiezan jakitera, bete egiezan. Eleiz alkarteak fedean sendotzen eta egunetik egunera jentez ugaritzen joiazan.
    Paulo eta Silas Frigia eta Galazia eskualdeetan zehar joan ziran, Espiritu Santuak galarazo egin eutsen-eta Asia probintzian hitza zabaltzea. Misiako mugara heldu ziranean, Bitiniarantz jo nahi izan eben, baina Jesusen Espirituak ez eutsen itzi. Orduan, Misia alde batera itziz, Troadera jaitsi ziran.
    Gauean Paulok ikuskaria izan eban: Mazedoniako gizon bat azaldu jakon, zutunik, erreguka: «Zatoz Mazedoniara eta lagundu egiguzu». Paulok ikuskari hau izan baizen laster, Mazedoniara joaten ahalegindu ginan, ziur gengozan-eta Jainkoak dei egiten euskula, hareei Barri Ona emotera.

Jaunak esana

 

Erantzun salmoa

Sal 100 [99], 2. 3. 5 (R/. 2a)

R/.   Lurtar guztiok, egin irrintzi Jaunari.

        Edo: Aleluia.

V/.   Lurtar guztiok, egin irrintzi Jaunari,
zerbidu egizue Jauna pozaren pozez,
sartu zaiteze oihu alaiz haren aurrera. R/.

V/.   Jakizue Jauna dala Jainkoa,
harek egin gaitu, harenak gara,
beraren herri eta beraren larreko artalde. R/.

V/.    «Ona da-eta Jauna,
haren maitasuna betikoa,
haren leialtasuna gizaldiz gizaldikoa». R/.

 

Aleluia

Kol 3, 1

R/.   Aleluia.

V/.   Kristogaz biztu zarien ezkero,
        bilatu egizuez zeruko gauzak,
        han dago-eta Kristo
        Jainkoaren eskumaldean jesarrita. R/.

 

Ebanjelioa

Zuek ez zarie mundukoak,
Nik aukeratu eta mundutik atara zaituedanez.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik

Jn 15, 18-21

    Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Munduak gorroto badeutsue, jakizue zuei baino lehen Neuri izan deustala gorroto. Mundukoak bazinie, munduak maiteko zindukiez, nork berea maite dauan lez; baina Nik aukeratu eta mundutik atara zinduedazanez, munduak gorroto deutsue, mundukoak ez zarielako.
    Gogoratu esan neutsuena: morroia ez da nagusia baino handiago. Ni pertsegidu banabe, zeuek be pertsegiduko zaituee; nire berbea hartu badabe, hartuko dabe zuena be. Nire izenagaitik egingo deutsuee hori guztia, bialdu nauana ezagutzen ez dabelako».

Jaunak esana

 

IRUZKINA

      Hauxe da Jesusen lehenengo ikasleen esperientzia: judeguek aurrean darabilezala, batez ere agintariek deutse gorroto. Honeik bildur ziran euren jarraitzaileak besteon atzetik joango ete ziran eta euren onurak galduko ete zituen.

      Gaur egun ere, han-hor-hemen, badira kristauak aurrean erabiliak, herrialde batzuk euren erlijinoaren arerio ikusten dabezalako.

      Baita geure artean ere —euskaldun fededun esaten zan lurralde honetan ere— eleizea, eleizgizonak eta eleiztarrak ere, aurrean erabiliak ez badira be, badira mespretxuz begiratuak; eta umeen artean batez ere, umeren batzuk baztertuak izatea katekesira doazelako, Jaunartzea egingo dabelako edo eleizara doazelako.

      Zer pentsa emon behar deusku honek. Ziurrenik, ez gaitue mespresatzen alkar maite dogulako, edo besteen arduraz bizi garalako. Eleizearen historian begitu behar, ea agintepean hartu ez dauzan herritarrak; edo ekandu txarrak emon ez ete deutsezan…

      Mundutik askatuak lez baztertuko baginduez, ez hain txarto; baina bestela…