JAUNAREN IGOKUNDEA
C urtean
I. Irakurgaia
Gorantz igon eban Jesusek hareen begi aurrean.
Apostoluen Eginak liburutik
Eg 1, 1-11
Teofilo maitea: Neure lehenengo liburuan,
hasieratik zerura jasoa izan zan egunera arte Jesusek egin eta irakatsi eban
guztia idatzi neban. Zerura igon aurretik, Espiritu Santuaren eraginez aginduak
emon eutsezan berak aukeratutako apostoluei. Jesus apostoluei agertu jaken bere
nekaldiaren ostean eta bizirik egoaneko proba asko emon eutsen, berrogei egunez
bere burua ikustera emonez eta Jainkoaren erreinuaz hitz eginez.
Hareekin bazkaltzen egoan baten, hau agindu
eutsen: «Ez alde egin Jerusalemdik. Zagoze han Nik Aitaren partetik egin
deutsuedan agintzaria bete zain. Joanek urez bateatu eban; baina zuek Espiritu
Santuaz izango zarie bateatuak egun gitxi barru».
Orduan, baturik egozanek itaundu eutsoen:
«Jauna, orain ezarriko dozu barriro Israelgo erreinua?» Jesusek erantzun
eutsen: «Aitak bakarrik dau hori erabagitzeko ahalmena, eta ez dago zuen esku
zein aldi edo unetan jazoko dan jakitea. Baina zuen gain jaitsiko dan Espiritu
Santuaren indarra hartuko dozue, eta nire lekuko izango zarie Jerusalemen,
Judea osoan, Samarian eta lurraren azken mugaraino».
Hori esanik, gorantz igon eban Jesusek
hareen begi aurrean, hodei batek begietatik ezkutatu eutsen arte. Oraindino
zerura zelan joian begira-begira egozala, zuriz jantzitako gizaseme bi azaldu
jakezan ondoan, eta esan eutsien: «Galilearrok, zertan zagoze hor zerura
begira? Zuen ondotik zerura igon dauan Jesus hori, zerura joaten ikusi dozuen
lez etorriko da barriro».
Jaunak esana
Erantzun salmoa
Sal 47 [46], 2-3. 6-7. 8-9 (R/. ik. 6)
R/. Oihu alaien artean igon dau Jainkoak,
turuta-soinuz Jaunak.
Edo: Aleluia.
V/. Herri guztiok, jo egizue txalo,
egin
pozez oihu eta irrintzi Jainkoari,
izugarria
da-eta Jauna, Goi-goikoa,
mundu
osoaren errege handia. R/.
V/. Irrintzi artean igon dau Jainkoak,
turuta-soinuz
Jaunak.
Kanta
Jainkoari, kanta,
kanta
gure erregeari, kanta. R/.
V/. Jainkoa da mundu osoaren errege,
kanta
trebetasunez hari.
Jainkoa
nazinoen errege da,
Jainkoa
bere tronu santuan dago jesarrita. R/.
II. Irakurgaia
Zeruan bertan sartu zan Kristo.
Hebrearrei egindako epistolatik
Heb 9, 24-28; 10, 19-23
Senideok: Kristo ez zan sartu giza eskuz
egindako santutegian –benetakoaren irudi besterik ez zan santutegian–, zeruan
bertan baino, orain Jainkoaren aurrean gure alde agertzeko; eta ez zan sartu
bere burua behin eta barriro opari eskeintzeko, abade nagusia berea ez dauan
odolagaz santutegian urtero sartzen dan lez; bestela, hil be askotan hil behar
izango eban, munduaren hasieratik. Baina ez, Kristo behin bakarrik agertu da
orain, azkenak diran sasoi honeetan, bere buruaren opariaz pekatua ezerezteko.
Eta gizon-emakumeek behin bakarrik hil behar
dabela eta gero auzia izango dala erabagita dagoan lez, halantxe Kristo be:
behin bakarrik izan zan opari eskeinia guztien pekatuak kentzeko, eta gero
bigarrenez agertuko da, pekatuagaz zerikusirik barik, beraren zain dagozanak
salbatzera.
Senideok: Badogu konfiantza Jesusen odolari
esker santutegian sartzeko, Jesusek bide barria eta bizia edegi deusku-eta
errezelean zehar, hau da, bere gorputzean zehar. Eta Jesus abade gorena
Jainkoaren etxeko buru dogunez, hurreratu gaitezan bihotz zintzoz eta fede
osoz, barrua pekatu-kontzientzia guztitik garbiturik eta gorputza ur garbiz
txukundurik.
Iraun dagigun sendo itxaropena autortzen,
berbakoa da-eta agintzaria egin dauana.
Jaunak esana
Aleluia
Mt 28, l9a. 20b
R/. Aleluia.
V/. Zoaze eta egin herri guztiak nire ikasle, dino
Jaunak,
eta
Ni zeuekin izango nozue egunero
munduaren
azkenera arte. R/.
Ebanjelioa
Bedeinkatzen
ebazan bitartean,
zerura eroan
eben.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioaren amaiera San Lukasen liburutik
Lk 24, 46-53
Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei:
«Liburu Santuan idatzita egoan, Mesiasek sufridu egin behar ebala eta
hirugarren egunean hilen artetik biztu, eta, Jerusalemdik hasita, bihotz-barritzea
iragarri behar jakela haren izenean herri guztiei, pekatuak parkatu dakiezan.
Zeuok zarie gauza honeen testigu».
Nire Aitak agindutako dohaia, Espiritu
Santua, bialduko deutsuet Nik. Zuek zagoze urian, Jainkoagandiko indarrez
jantzi zaitezen arte».
Gero, Betania aldera atara zituan Jesusek
ikasleak eta, eskuak jasorik, bedeinkatu egin zituan. Bedeinkatzen zituan
bitartean, aldendu egin zan eurekandik, eta zerura eroan eben. Hareek, Jesus
ahuspez gurtu ondoren, Jerusalemera bihurtu ziran pozez beterik. Eta eten barik
tenpluan egoten ziran Jainkoa goratzen.
Jaunak esana
(HOMILIA)