martes, 10 de mayo de 2022

Jesusen Bihotza

Pentekoste ondorengo III. barikua

JESUSEN BIHOTZ GUZTIZ SANTUA

Jai Nagusia

A urtean

 

I. Irakurgaia

Atsegin izan zaituelako aukeratu zaitue Jaunak.

Deuteronomioa liburutik

Dt 7, 6-11

    Honan berba egin eutson Moisesek Israel herriari: «Jaunarentzat, zeure Jainkoarentzat, sagaratutako herria zara; berak aukeratu zaitu munduko herri guztien artean beraren herri, beraren jaubetza berezi, izateko.
    Jaunak atsegin izan eta aukeratu bazaitue, ez da beste herriak baino handiago zarielako –txikiena zarie-eta –, zuen asabei eginiko zina bete nahi izan daualako baino; horregaitik, hain zuzen, atara zaitue ahalmen handiz esklabotzatik eta askatu Egiptoko faraoiaren menpetik.
    Autortu egizu, beraz, Jauna zure Jainkoa dala egiazko Jainkoa: Jainko leiala, maite dabenei eta haren aginduak betetzen dabezanei ituna gordetzen eta onginahia mila belaunaldiz agertzen deutsena; gorroto deutsonari, barriz, zuzenean emoten deutso ordaina eta hondatu egiten dau; luzatu barik emoten deutso ordaina.
    Bete, bada, gaur emoten deutsudazan aginduak, legeak eta erabagiak».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 103 [102], 1-2. 3-4. 6-7. 8 eta 10 (R/. 17)

R/.   Jaunaren maitasuna betidanik betidaino
        begirune deutsoenentzat.

V/.   Bedeinkatu begi nire arimak Jauna,
nire barru osoak haren izen santua.
Bedeinkatu begi nire arimak Jauna,
ez bedi ahaztu haren mesedeaz. R/.

V/.   Erru guztiak deutsuz parkatzen,
gatx guztiak osatzen;
zure bizia hilobitik askatzen dau,
maitasunez eta errukiz koroatzen zaitu. R/.

V/.   Jaunak justizia egiten dau,
zapaldu guztien eskubideak defendatzen ditu.
Bere egitasmoak agertu eutsozan Moisesi,
bere egintza handiak israeldarrei. R/.

V/.   Bihozbera eta errukiorra da Jauna,
hasarregatxa eta onginahiz betea.
Ez gaitu erabiltzen gure pekatuek merezi lez,
ez deusku ordaintzen geure erruen arabera. R/.

 

II. Irakurgaia

Jainkoak maite izan gaitu.

San Joan Apostoluaren lehenengo epistolatik

1 Jn 4, 7-16

    Seme-alaba maiteok: Maitatu daigun alkar, maitasuna Jainkoagandik dator-eta; maite dauan guztia Jainkoagandik jaioa da eta ezagutzen dau Jainkoa. Maite ez dauanak ez dau ezagutzen Jainkoa, Jainkoa maitasuna da-eta.
    Jainkoak deuskun maitasuna honetan agertu zan: Jainkoak bere Seme bakarra bialdu ebala lurrera, gu haren bidez bizi gaitezan. Honetan datza maitasuna: ez guk Jainkoa maite izatean, harek gu maite izatean baino, eta bere Semea gure pekatuen parkamen-oparitzat bialdu izatean.
    Seme-alaba maiteok, Jainkoak gu hain maite izan bagaitu, guk be maitatu egin behar dogu alkar. Jainkoa ez dau inork inoiz ikusi. Alkar maite badogu, Jainkoa gugan dago, eta haren maitasuna bere betera heldu da gugan.
    Guk badakigu harengan gagozala eta bera gugan, eta hori, bere Espiritua emon deuskulako. Guk ikusi dogu eta autortzen Aitak bere Semea bialdu ebala munduaren salbatzaile.
    Norbaitek autortzen badau Jesus Jainkoaren Semea dala, Jainkoa harengan dago, eta bera Jainkoagan. Guk ezagutu dogu eta sinistu Jainkoak deuskun maitasuna. Jainkoa maitasuna da; maitasunean dirauana Jainkoagan dago eta Jainkoa beragan.

Jaunak esana.

 

Aleluia

Mt 11, 29ab

R/.   Aleluia.

V/.   Hartu egizue nire buztarria, dino Jaunak,
        eta ikasi Nigandik,
        gozoa eta bihotz-apala naz-eta. R/.

 

Ebanjelioa

Gozoa eta bihotz-apala naz.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 11, 25-30

    Aldi haretan, Jesusek esan eban: «Bedeinkatua Zu, Aita, zeru-lurren Jauna, gauza honeek jakintsuei eta burutsuei gorde eta jente txikiari agertu deutsazuzalako. Bai, Aita, halan izan dozu gogoko.
    Nire Aitak dana emon deust, eta ez dau inork Semea ezagutzen, Aitak baino; ezta Aita be, Semeak baino, eta Semeak agertu gura deutsonak baino.
    Zatoze Neugana nekatu eta lanpetu guztiok, eta Neuk arinduko zaituet. Hartu egizue nire buztarria eta ikasi Neugandik, ze gozoa eta bihotz-apala naz, eta aurkituko dozue zeuen arimentzako atsedena. Izan be, Nire buztarria leuna da, eta nire zama arina».

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

     Jesus apala da. Jainkoagan dau uste on osoa jarrita. Horrexegaitik dago lasai, ez dau ezerk estutzen. Eta Aitagaz konfiantza osoaz egiten dau hitz.

     Haren otoitza esker oneko otoitza da. Eta horrexek daroa bere burua besteen laguntzan emotera, konplexu barik; ez dalako bera, Aita baino, babes emoten dauana.

     Horixe agertzen dau zatoze neugana, nekatuok, lanpetuok… dinonean.

     Bere oina Jainkoagan jarten ez dauana, nekatu egiten da. Bere burua besteen onerako emoten ez dauana, alperreko lanetan galtzen da.

     Jesusek bere buztarria eskeintzen deusku. Ez da legelari eta farisearrek besteen gain ezarten daben buztarri eroanezina (Legea), bere berbearen argitasuna eta bera aurretik joatearen ziurtasuna eta adorea emoten deuskuz Jesusek.

     Ez dogu jarraibide hoberik aurkituko.

 

 

 


Pentekoste ondorengo III. barikua

JESUSEN BIHOTZ GUZTIZ SANTUA

Jai Nagusia

B urtean

I. Irakurgaia

Ikaraz jartzen jat bihotza.

Oseasen Profezia liburutik

Os 11, 1. 3-4. 8c-9

    Honan berba egiten dau Jaunak:
«Israel ume zala, maite izan neban;
eta Egiptotik dei egin neutsan neure semeari.
Neuk erakutsi neutsan oinez ibiltzen Efraimi,
besoetan eroan neban;
halan be, ez ziran ohartu Neuk nituala zaintzen.
Amodio-lokarriz erakartzen nebazan, maitasun-loturaz:
umetxua aurpegiraino jasotzen dauana lez nintzan hareentzat;
makurtu eta jaten emoten neutsen.

Ikaraz jartzen jat bihotza, dardaraz erraiak.
Ez deutsat hasarreari bizten itziko;
ez dot Efraim barriro hondatuko,
Jainkoa naz-eta Ni, ez gizakia,
santua Ni zuen artean,
eta ez nator hasarre-suminez».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Is 12, 2. 3 eta 4bcd. 5-6 (R/. 3)


R/.
   Atarako dozue ura pozik
        salbamenaren iturrietatik.

V/.   Bai, Jainkoa dot salbatzaile!
Badot uste on eta ez naz bildur,
Jauna dot-eta indar eta kemen,
bera neure salbazino. R/.

V/.   Atarako dozue ura pozik
salbazinoaren iturrietatik.
«Eskerrak Jaunari, dei egin haren izenari,
iragarri haren egintzak herriei,
aldarrikatu zein bikaina dan haren izena. R/.

V/.   Kanta Jaunari, bikain jokatu dau-eta,
jakin begie honen barri mundu osoan.
Egin poz-irrintzi eta oihu, Siongo bizilagunok,
handikiro dihardu-eta zuen alde Israelgo Santuak». R/.

 

 

II. Irakurgaia

Ezagutuko dozue
jakintza guztien gainetik dagoan Kristoren maitasuna.

San Paulo Apostoluak Efesoarrei egindako epistolatik

Ef 3, 8-12. 14-19

    Senideok: Niri, fededun guztien artean txikiena nazan honi, dohai hau emon deust Jainkoak: Kristoren neurribako aberastasuna jentilei iragartzea, eta guztiei argi adierazotea zelan diharduan betetzen, Jainkoagan, gauza guztien egileagan, betidanik gordeta egoan asmo ezkutua. Holan, agirian jartzen jake orain, Eleizearen bitartez, zeruetako aginte eta ahalmenei Jainkoaren era askotako jakituria, Berak betidanik eban, eta Kristo Jesus gure Jaunagan burutu dauan asmoaren jakituria. Kristori esker eta beronengan dogun sinismenaren bitartez ausartzen gara konfiantza osoz Jainkoagana hurreratzen.
    Horregaitik, belauniko jartzen naz Aitaren aurrean, bai zeruan eta bai lurrean familia guztien sorburu danaren aurrean, eta hau eskatzen deutsat: bere aintzaren aberastasunari dagokionez, sendotu zagiezala bere Espirituaren indarrez, barrutik bizi zaitezen; bizi dadila Kristo zuen bihotzean sinismenagaitik eta izan dadila maitasuna zuen bizitzaren erro eta oinarri. Holan ulertu ahal izango dozue, fededun guztiekin batera, zein zabal eta luze, zein garai eta sakon dan Kristoren maitasuna; ezagutuko dozue jakintza guztien gainetik dagoan maitasun hori, eta, holan, Jainkoaren betetasunaz beteko zarie.

Jaunak esana.

       

Aleluia

Mt 11, 29ab

R/.   Aleluia.

V/.   Hartu egizue nire buztarria, dino Jaunak,
        eta ikasi Nigandik,
        gozoa eta bihotz-apala naz-eta. R/.

        Edo:     

1 Jn 4, 10b

V/.   Jainkoak gu maite izan gaitu,
        eta bere Semea
        gure pekatuen parkamen-oparitzat bialdu dau. R/.

 

Ebanjelioa

Saihetsa zulatu eutson,
eta odolak eta urak urten eben.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik

Jn 19, 31-37

    Pazko-jairako prestaketa-eguna zan, eta judeguek ez eben gura zapatuan gorpuak kurutzean gelditzerik, ze, zapatu ha oso jaiegun handia zan. Horregaitik, kurutzeratuei berna-hazurrak apurtu eta handik kentzeko eskatu eutsoen Pilatori. Joan ziran, bada, gudariak eta berna-hazurrak hausi eutsiezan Jesusegaz kurutzean jositako biei; baina, Jesusengana heldu ziranean, ordurako hilda egoala ikusirik, ez eutsoen berna-hazurrik hausi, ezpada ze, gudari batek lantzaz saihetsa zulatu eutson, eta bat-batean odolak eta urak urten eben.
    Ikusi ebanak berak autortzen dau eta egiazkoa da haren autormena. Harek badaki egia dinoana, zuok be sinistu dagizuen. Liburu Santuak dinoana bete zedin gertatu zan hau: «Ez deutsoe hazurrik hausiko». Eta beste pasarte baten hauxe dino: «Zulatu ebenari begiratuko deutsoe».

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Handia da Joan ebanjelariaren ardurea, kurutzean hilten dana aurretiaz esandakoaren betekizuna dala. Ez da edonor berak autortzen dauana. Haren aldeko autorra aurretiaz egina dago, Idaztietan aurkitzen da; eta berak baieztatu baino ez dau egiten; autorkuntza horregaz beste batzuk ere sinismenera eta autortzara heldu daitezan.

Autorkuntza honetan, Idaztien beteteaz gain, beste gauza bat ere aurkitu daiteke; Liturgiak egun honetarako eskeintzen dauan detaile bat: gudariak saihetsa zulatu eutson eta handik odolak eta urak urten eben.

Hilda dagoala ere, oraindino gehiago atara gura jako kurutzean hil dabenari. Ez da nahikoa izan harek bere bizitzan zehar egin, esan eta emon dauana, guganako bere maitasuna erakutsiz. Oraindino gehiago eskatzen jako, hilda dagoala ere. Eta harek ez dau ukatzen: oraindino emotekorik ezer geratzen bajako, haxe ere emongo dau.

Hainbesteraino maite gaitu!

Horixe dogu bidea haren jarraitzaileok: Jainkoa geure senideagan maitatzea; honen alde dana emotea, Jesusen urratsak jarraituz.

 

 

Pentekoste ondorengo III. barikua

JESUSEN BIHOTZ GUZTIZ SANTUA

Jai Nagusia

C urtean

I. Irakurgaia

Nik Neuk larratuko ditut ardiak
eta Neuk hartuarazoko deutset atseden.

Ezekielen Profezia liburutik

Ez 34, 11-16

    Hau dino Jainko Jaunak: «Ni Neu egingo naz artaldearen kargu, Neu arduratuko haretaz. Artzaina, artaldea sakabanatu jakonean, ardiekin arduratzen dan lez, halantxe arduratuko naz Ni neure ardiekin; egun lainotsu eta ilunean sakabanaturiko toki guztietatik atarako ditut.
    Herri eta lurralde arrotzetatik atarako ditut eta batuko, eta euren lurraldera eroango; Israelgo mendietan larratuko ditut, ibar heze eta lurraldeko herritxu guztietan. Larre oparotan janarituko ditut eta Israelgo mendi garaietan izango dabez arditegiak; barruti ederretan hartuko dabe atseden eta larre oparotan janarituko dira Israelgo mendietan.
    Nik Neuk larratuko ditut ardiak eta Neuk hartuarazoko deutset atseden –dino Jainko Jaunak–. Ardi galduaren bila joango naz, desbideratua artaldera batuko dot, hanka hausia lotuko, gaixoa indartuko; gizenak eta indartsuak zainduko ditut. Behar dan lez larratuko ditut ardiak».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 23 [22], 1-3. 4. 5. 6 (R/. 1)

R/.   Jauna dot artzain, ez naz ezeren beharrean.

V/.   Jauna dot artzain, ez naz ezeren beharrean;
larre gurietan etzunarazoten nau,
ur-bazter nasaira eroaten
eta indarrak deustaz barritzen;
bide segurutik naroa,
bere izenari ohore eginez. R/.

V/.   Ibar baltz ilunean banabil be,
ez naz gatxaren bildur,
Zu nigaz zagoz-eta;
zure artzain-makilak nasaitzen nau. R/.

V/.   Mahaia atontzen deustazu
arerioen begi-bistan;
orioz igurzten deustazu burua,
gainezka dot edontzia. R/.

V/.   Zoriona eta maitasuna ditut lagun,
bizitzako egun guztietan,
eta Jaunaren etxean biziko naz
amaibako egunetan. R/.

 

II. Irakurgaia

Honan erakusten dau Jainkoak
guri deuskun maitasuna.

San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako epistolatik

Erm 5, 5b-11

    Senideok: Jainkoak bere maitasuna isuri deusku bihotzera, emon deuskun Espiritu Santuaren bitartez. Izan be, oraindino pekatupean indar barik gengozala, Kristo, Jainkoak erabagitako sasoian, gaiztoen alde hil zan. Nekez onartuko leuke norbaitek pertsona zuzen baten alde hiltzea; halan be, pertsona on baten alde baleiteke norbait hiltzeko prest egotea.
    Baina Kristo, oraindino gu pekatari ginala, hil zan gure alde; honan erakusten dau Jainkoak guri deuskun maitasuna.
    Orain Jainkoak Kristoren odolaz zintzotzat hartu gaituala, zenbatez gehiago ez ete gaitu salbatuko zigorretik beraren bitartez!
    Arerio ginala, Jainkoak beragaz adiskidetu baginduzan bere Semearen heriotzari esker, zenbatez gehiago, behin adiskidetuta gero, ez ete gaitu salbatuko haren biziari esker! Gehiago oraindino, harrotu be egiten gara Jainkoaz Jesu Kristo gure Jaunari esker, honen bitartez Jainkoagaz adiskidetzea lortu dogu-eta honezkero.

Jaunak esana.

 

Aleluia

Mt 11, 29ab

R/.   Aleluia.

V/.   Hartu egizue nire buztarria, dino Jaunak,
        eta ikasi Nigandik,
        gozoa eta bihotz-apala naz-eta. R/.

          Edo:

Jn 10, 14

V/.   Neu naz artzain ona, dino Jaunak;
        ezagutzen ditut neure ardiak,
        eta neureek ezagutzen nabe Ni. R/.

 

Ebanjelioa

Poztu zaiteze nigaz,
aurkitu dot-eta galdutako ardia.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 15, 3-7

    Aldi haretan, parabola hau esan eutsen Jesusek fariseuei eta lege-maisuei: «Zuetako bat, ehun ardi izan eta bat galtzen bajako, ez ete da beste laurogeta hemeretziak larrean itzirik, galdutakoaren bila joaten aurkitu arte? Eta, aurkitzean, lepoan hartzen dau poz-pozik eta, etxera heltzean, lagunak eta auzokoak batu eta esaten deutse: “Poztu zaiteze nigaz, galdutako ardia aurkitu dot-eta”.
    Ba, egia esan: «Jainkoak be poz handiagoa hartzen dau bihotz-barritzen dan pekatari bategaitik bihotz-barritu beharrik ez daben laurogeta hemeretzi zintzoakaitik baino.

Jaunak esana.