miércoles, 8 de junio de 2022

Pazko domeka

 (Fray MARCOS)


Pazko-eguneko Meza

A B C urteetan

I. Irakurgaia

Hilen artetik biztu ondoren, haregaz jan eta edan dogu.

Apostoluen Eginak liburutik

Eg 10, 34a. 37-43

    Egun hareetan, honan berba egin eban Pedrok: «Badakizue zer jazo zan, Galileatik hasi eta Judea osoan, Joanek iragarri eban bateoaren ondoren: hau da, Nazareteko Jesusena; Jainkoak Espiritu Santuaren indarraz igurtzi eban, eta harek on egiten eta deabruak hartutako guztiak osatzen igaro eban bizitza, Jainkoa beragaz eban-eta.
    Eta geu gara harek judeguen lurraldean eta Jerusalemen egindako guztien testigu. Jesus hau habe batetik dingilizka hil eben; baina Jainkoak biztu egin eban hirugarren egunean eta agertzeko ahalmena emon eutson; ez, ostera, herri guztiari, Jainkoak aurrez testigutzat aukeratutakoei baino: geuri, hain zuzen be, ha hilen artetik biztu ondoren haregaz jan eta edan dogunoi.
    Jesusek berak agindu euskun herriari predikatzeko eta autortzeko, bera dala Jainkoak bizien eta hilen epaile ipini dauana. Profeta guztiek autormen hau egiten dabe haretaz: harengan sinistu dagien guztiek pekatuen parkamena hartuko dabela, haren izenean».

Jaunak esana

 

Erantzun salmoa

Sal 118 [117], 1-2. 15c-16a eta 17. 22-23 (R/. ik. 24)

R/.   Hau da Jaunak egin dauan eguna,
        gu pozteko eta alaitzeko eguna.

        Edo: Aleluia.

V/.   Eskerrak Jaunari, ona da-eta,
haren maitasuna betikoa da-eta.
Esan begie israeldarrek:
haren maitasuna betikoa. R/.

V/.    «Jaunaren eskumak indarrez jokatu dau,
Jaunaren eskuma guztiz garaia da».
Ez naz hilko, ez, bizi baino,
Jaunaren egintzak kontatzeko. R/.

V/.   Etxegileek baztertutako harria
giltzarri bihurtu da.
Jaunak egin dau hori,
gure begien harrigarri. R/.

 

II. Irakurgaia

Bilatu egizuez zeruko gauzak,
han dago-eta Kristo.

San Paulo Apostoluak Kolosarrei egindako epistolatik

Kol 3, 1-4

    Senideok: Kristogaz berbiztu zarien ezkero, bilatu egizuez zeruko gauzak, han dago-eta Kristo, Jainkoaren eskumaldean jesarrita. Izan egizuez aurrean goiko gauzak, eta ez lurrekoak, hilik zagoze-eta, eta zuen bizia Kristogaz dago Jainkoagan gordeta. Kristo, zuen bizia, agertuko danean, zuek be aintzatsu agertuko zarie beragaz batera.

Jaunak esana

 

          Edo aukeran:

Baztertu egizue legamina zaharra,
eta izan ore barri.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo epistolatik

1 Ko 5, 7b-8

    Senideok: Kristo gure Pazko Bildotsa opari eskeinia izan da. Ospatu dagigun, beraz, Pazko-jaia, ez legamina zaharragaz, pekatuzko eta gaiztakeriazko legaminagaz, legamina bako pazko-ogiekin baino, hau da, bihotz-garbitasunez eta egiaz.

Jaunak esana

 

Neurtitza

          Egun honetan esan beharrezkoa da neurtitza; zortziurreneko egunetan, nahi bada.

 

Hil eben Pazko Bildotsa
goratu, bai, kristauok.
Pekatuan gengozanok
Kristo errubakoak
baketu ginduzan Aitagaz.
Heriotzak eta biziak
burruka latz gogorra:
hilik be, Kristo bizirik da.

Esaizu, Maria:
Zer dozu ikusia?

 «Berbiztuaren hobia,
bizirik dan Kristoren argia.
Aingeru autorle, hil-oihal ta jantziak.
Biztu da Kristo, itxaron!
Aurretik dozue Galilean».

Badakigu biztu dana hilengandik egiaz:
Erruki zakiguz, gure Errege!

 

Aleluia

Ik. 1 Ko 5, 7b-8a

R/.   Aleluia.

V/.   Kristo gure Pazko Bildotsa
        opari eskeinia izan da;
        ospatu dagigun Pazko-jaia. R/.
 

Ebanjelioa

Jesusek hilen artetik biztu behar eban.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik

Jn 20, 1-9

    Astearen lehen-egunean, Maria Magdalena hilobira joan zan goizean goiz, oraindik ilun egoala, eta harria hilobitik kenduta ikusi eban. Orduan, Simon Pedrogana eta Jesusek maite eban beste ikasleagana bihurtu zan lasterka, eta esan eutsen: «Eroan egin dabe Jauna hilobitik, eta ez dakigu non jarri daben».
    Urten eben, orduan, Pedrok eta beste ikasleak, eta hilobirantz abiatu ziran. Biak batera joiazan lasterka, baina beste ikaslea Pedro baino arinago joian, eta lehenago heldu zan hilobira. Barrura begiratzeko makurturik, oihal-zerrendak lurrean ikusi zituan, baina ez zan sartu.
    Heldu zan haren atzetik Simon Pedro be eta hilobian sartu zan. Oihal-zerrendak lurrean ikusi zituan, baita Jesusen burua batzen egondako zapia be; hau, ostera, ez egoan oihal-zerrendekin batera jarrita, beste leku baten batuta baino. Orduan, sartu zan beste ikaslea be, hilobira lehenengo heldu zana. Ikusi eta sinistu egin eban. Izan be, ordura arte ez eben ikasleek ulertu Liburu Santuak dinoana, Jesusek hilen artetik biztu behar ebala.

Jaunak esana

 

Ebanjelio honen ordez, Pazko Gaubelako Ebanjelioa iragarri leiteke.
     Mezea arratsaldean emotekoa bada, beste Ebanjelio hau be iragarri leiteke: Lk 24, 13-35.