martes, 10 de mayo de 2022

Hirutasun Santua


Pentekoste ondorengo Domeka

HIRUTASUN GUZTIZ SANTUA

Jai nagusia

A urtean

(Fay Marcos)

I. Irakurgaia

Jauna, Jauna, Jainko bihozbera eta errukitsua.

Urteera liburutik

Ur 34, 4b-6. 8-9

    Egun hareetan, goizean goiz, harrilosa bi harturik, Sinai mendira igon eban Moisesek, Jaunak agindu eutson lez. Orduan, Jainko Jauna laino baten jatsi eta Moisesegaz gelditu zan, eta honek Jaunaren izenari dei egin eutson. Moisesen aurretik igaro zan Jauna, honako hau esanez: «Jauna, Jauna, Jainko bihozbera eta errukitsua, hasarregatxa eta onginahiz eta leialtasunez betea!»
   Bat-batean, lurreraino ahuspeztu zan Moises eta esan eban: «Jauna, gogoko banozu, zatoz, arren, gugaz! Herri hau burugogorra da, bai; baina parkatu Zuk gure gaiztakeriak eta pekatuak, eta hartu gagizuz zeure ondaretzat».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Dn 3, 52. 53. 54. 55. 56 (R/. ik. 52b)

V/.   Bedeinkatua Zu, Jauna, gure asaben Jainkoa:

R/.   Aintza eta gorespen Zuri gizaldietan!

V/.   Bedeinkatua zure izen santua eta ospetsua: R/.

V/.   Bedeinkatua Zu zeure tenplu santu eta ospetsuan: R/.

V/.   Bedeinkatua Zu, errege-tronuan jesarrita zagozana: R/.

V/.   Bedeinkatua Zu, kerubinen gainean jesarririk,
        lezak arakatzen dozuzana: R/.

V/.   Bedeinkatua Zu zeru-sabaian: R/.

 

II. Irakurgaia

Jesu Kristo gure Jaunaren grazia,
Jainkoaren maitasuna
eta Espiritu Santuaren batasuna.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako bigarren epistolatik

2 Ko 13, 11-13

    Senideok: Poztu zaiteze, ahalegindu on-onak izaten eta emon alkarri adore; izan eretxi bereko eta bizi bakean. Eta maitasunaren eta bakearen Jainkoa zuekin izango da.
    Agurtu egizue alkar besarkada santuaz. Fededun guztiek agurtzen zaituee. Jesu Kristo gure Jaunaren grazia, Jainkoaren maitasuna eta Espiritu Santuaren batasuna izan bedi zuekin guztiokin.

Jaunak esana.

 

Aleluia

Ik. Ap 1, 8

R/.   Aleluia.

V/.   Aintza Aitari, eta Semeari,
        eta Espiritu Santuari,
        badan, bazan eta etortzekoa dan Jainkoari! R/.

 

Ebanjelioa

Jainkoak bere Semea bialdu eban mundua salbatzera.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik

Jn 3, 16-18

    Aldi haretan, Jesusek esan eutson Nikodemori: «Hain maite izan eban Jainkoak mundua ze, bere Seme bakarra emon eutson, beragan sinisten dauan inor galdu ez dadin, ezpada ze betiko bizia izan dagian. Izan be, Jainkoak ez eban bere Semea mundura bialdu mundua kondenatzera, beraren bitartez mundua salbatzera baino. Harengan sinisten dauana ez dago kondenatuta; sinisten ez dauana, barriz, kondenatuta dago daborduko, Jainkoaren Seme bakarraren izenean sinistu ez daualako».

Jaunak esana.

 

 

(Fray Marcos)

(.PPTX)

Pentekoste ondorengo Domeka

HIRUTASUN GUZTIZ SANTUA

Jai nagusia

B urtean

I. Irakurgaia

Jauna da Jainkoa, goian zeruan eta behean lurrean;
ez da besterik.

Deuteronomioa liburutik

Dt 4, 32-34. 39-40

    Moisesek honan berba egin eutson herriari: «Itaundu antxinako sasoiei, zu baino lehenago izandakoei, Jaunak gizakia munduan sortu ebanetik hasita; itaundu ea inoiz holakorik jazo edo entzun izan dan munduaren ertz batetik besteraino. Ba ete da herririk, zuk lez Jainkoa suaren erditik berbetan entzun eta bizirik gelditu danik? Izan ete da inoiz jainkorik, herri bat beste herri baten menpetik atara eta beretzat hartzen ahalegindu danik? Ba, horixe egin eban Jaunak, zuen Jainkoak, zuen begi-bistan Egipton; ezaugarri, mirari eta egintza harrigarriz, burrukaren bidez, ahalmen handiz, esku indartsuz eta ikara zabalduz askatu zinduezan.
    Autortu, beraz, gaur, eta izan beti gogoan Jauna dala Jainkoa, goian zeruan eta behean lurrean; ez da besterik. Bete gaur emoten deutsudazan legeak eta aginduak, zoriontsu izan zaitezen zeu eta zure ondorengo seme-alabak, eta luzaro bizi, Jaunak, zeure Jainkoak, betiko emongo deutsun lurraldean».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 33 [32], 4-5. 6 eta 9. 18-19. 20 eta 22 (R/. ik. 12b)



R/.
   Bai dohatsu
        Jaunak bere oinorde aukeratu dauan herria.

V/.   Zuzena da Jaunaren hitza,
fidagarria harek egin dauan guztia.
Justizia eta zuzenbidea dau maite,
Jaunaren maitasunaz dago lurra betea. R/.

V/.   Jaunak bere hitzaz egin dau ortzia,
bere aho-arnasaz astro guztiak.
Izan be, harek esan, eta dana egin zan;
harek agindu, eta izaten dau jarraitzen. R/.

V/.   Jauna arduratzen da begirune deutsoenez,
haren maitasunean itxaroten dabenez,
hareek heriotzatik libratzeko
eta gosetean bizirik gordetzeko. R/.

V/.   Guk Jaunagan dogu esperantza,
bera dogu laguntzaile eta babesle.
Betor gugaz, Jauna, zure maitasuna,
Zugan dogu-eta jarria itxaropena. R/.      

 

II. Irakurgaia

Seme-alaba egiten zaituen Espiritua hartu dozue,
eta Espirituaren bidez «Abba!», hau da, «Aita!»
dei egiten deutsagu Jainkoari.

San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako epistolatik

Erm 8, 14-17

    Senideok: Jainkoaren Espirituak gidatzen dituanak, horreetxek dira Jainkoaren seme-alaba. Zuek ez dozue hartu esklabo egiten zaituen espiritua, barriro be bildurrez bizitzera eroango zaituena; zuek seme-alaba egiten zaituen Espiritua hartu dozue, eta Espirituaren bidez «Abba!», hau da, «Aita!», dei egiten deutsagu Jainkoari.
    Espiritu honek berak, gure espirituagaz bat eginez, Jainkoaren seme-alaba garala autortzen dau; eta, seme-alaba bagara, baita oinordeko be, Jainkoaren oinordeko eta Kristoren oinordekide; izan be, nekeetan Kristoren kideko bagara, aintzan be haren kideko izango gara-eta.

Jaunak esana.

 

Aleluia

Ik. Ap 1, 8

R/.   Aleluia.

V/.   Aintza Aitari, eta Semeari,
        eta Espiritu Santuari,
        badan, bazan eta etortzekoa dan Jainkoari! R/.

 

Ebanjelioa

Bateatu ikasleak
Aitaren, eta Semearen, eta Espiritu Santuaren izenean.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 28, 16-20

    Aldi haretan, Hamaika ikasleak Galileara joan ziran, Jesusek iragarri eutsen mendira. Ikusi ebenean, gurtu egin eben; batzuk, ostera, zalantzan egozan.
    Jesusek, hurreraturik, honan egin eutsen berba: «Aginpide osoa emon deust Jainkoak zeru-lurretan. Zoaze, bada, eta egin herri guztiak nire ikasle, Aitaren, eta Semearen, eta Espiritu Santuaren izenean bateatuz, eta Nik agindu deutsuedan guztia betetzen irakatsiz. Eta Ni zeuekin izango nozue egunero munduaren azkenera arte».

Jaunak esana.

 

 


Pentekoste ondorengo Domeka

HIRUTASUN GUZTIZ SANTUA

Jai nagusia

(Fray Marcos)

C urtean

I. Irakurgaia

Lurra izan baino lehenagotik
sortua izan da Jakituria.

Esaera Zaharrak liburutik

Es 8, 22-31

    Honan berba egin dau Jainkoaren Jakituriak:
«Bere jardueraren hasieran sortu ninduan Jaunak,
bere lehenengo egintzen aurretik.
Betidanik eratua naz hasiera-hasieratik,
lurra izan baino lehenagotik.

Ur-lezarik ez zanean izan nintzan sortua,
iturbururik be ez egoanean.
Mendiak landatuak izan aurretik,
tontorrak baino lehen izan nintzan sortua;
artean ez ebazan Jainkoak mundu hau eta kanpokoak eginak,
ezta unibertsoaren lehengaiak be.

Zerua ezarri ebanean, han nintzan ni,
ur-lezearen gainetik zeru-sabaia jarri ebanean;
hodeiak goian finkatu
eta lezako iturriak sendo ezarri ebazanean,
itsasoari mugak jarri
–urek muga horreetatik urten ez egien–
eta lurrari oinarriak sendotu eutsozanean,
haren ondoan nengoan ni, obra-maisu lez;
haren gozamena nintzan egunero,
haren aurrean jolastuz aldi oro;
ludiagaz jolasten nintzan
eta gizakiekin neban gozamena».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 8, 4-5. 6-7. 8-9 (R/. 2ab)

R/.   Jauna, gure Jauna,
        bai miragarria zure izena lurbira osoan!

V/.   Zure eskuen lana dan ortzia
eta sortu dozuzan iretargi-izarrak ikusita,
zer da gizakia, Zu haretaz gogoratzeko?,
zer gizasemea, Zu haretaz arduratzeko? R/.

V/.   Ia jainko baten pareko egin dozu,
aintzaz eta distiraz koroatu;
zeure eskulan guztien buru ipini dozu,
danak haren menpe jarri dozuz: R/.

V/.   ardi eta behi-taldeak,
baita basapiztiak be,
zeruko hegaztiak eta itsasoko arrainak,
itsasoan dabiltzan guztiak. R/.

 

II. Irakurgaia

Jainkoagana goaz Kristori esker,
Espiritu Santuaren bitartez isuri deuskun maitasunean.

San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako epistolatik

Erm 5, 1-5

    Senideok: Jainkoak fedeagaitik zuzentzat hartu gaituan ezkero, bakean gagoz haregaz, Jesu Kristo gure Jaunari esker. Honi esker, sinismenagaitik emon deusku Jainkoak grazia egoera honetan bizitzea, eta harro gagoz Jainkoaren aintza lortuko dogun itxaropenez.
    Eta ez hori bakarrik; harro gagoz atsekabeez be, jakinik atsekabeak eroapena dauala ondorio, eroapenak probaldia gainditzeko gaitasuna eta probaldia gainditzeak itxaropena. Itxaropenak ez dau huts egiten, Jainkoak bere maitasuna isuri deusku-eta bihotzera, emon deuskun Espiritu Santuaren bitartez.

Jaunak esana.

       

Aleluia

Ik. Ap 1, 8

R/.   Aleluia.

V/.   Aintza Aitari, eta Semeari,
        eta Espiritu Santuari,
        badan eta bazan
        eta etortzekoa dan Jainkoari! R/.

 

Ebanjelioa

Aitak daukan guztia neurea da;
Espirituak niretik hartuko dau adierazoko deutsuena.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik

Jn 16, 12-15

    Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Gauza asko dot oraindino zuei esateko, baina oraingoz ez zarie gauza ulertzeko. Halanda guzti, egiaren Espiritua etortzean, harek gidatuko zaitue egia osoraino. Ez dau berak beragandik berba egingo, ezpada ze, entzungo dauana esango deutsue eta etorkizuna iragarriko. Harek nire aintza azalduko dau, ze adierazoko deutsuena niretik hartuko dau.
    Aitak daukan guztia neurea da; horregaitik esan deutsuet Espirituak niretik hartuko dauala adierazoko deutsuena».

Jaunak esana.