sábado, 24 de mayo de 2025

Jaunaren Igokundea_C

JAUNAREN IGOKUNDEA

C urtean

  (Fray MARCOS)

I. Irakurgaia

Gorantz igon eban Jesusek hareen begi aurrean.

Apostoluen Eginak liburutik

Eg 1, 1-11

    Teofilo maitea: Neure lehenengo liburuan, hasieratik zerura jasoa izan zan egunera arte Jesusek egin eta irakatsi eban guztia idatzi neban. Zerura igon aurretik, Espiritu Santuaren eraginez aginduak emon eutsezan berak aukeratutako apostoluei. Jesus apostoluei agertu jaken bere nekaldiaren ostean eta bizirik egoaneko proba asko emon eutsen, berrogei egunez bere burua ikustera emonez eta Jainkoaren erreinuaz hitz eginez.
    Hareekin bazkaltzen egoan baten, hau agindu eutsen: «Ez alde egin Jerusalemdik. Zagoze han Nik Aitaren partetik egin deutsuedan agintzaria bete zain. Joanek urez bateatu eban; baina zuek Espiritu Santuaz izango zarie bateatuak egun gitxi barru».
    Orduan, baturik egozanek itaundu eutsoen: «Jauna, orain ezarriko dozu barriro Israelgo erreinua?» Jesusek erantzun eutsen: «Aitak bakarrik dau hori erabagitzeko ahalmena, eta ez dago zuen esku zein aldi edo unetan jazoko dan jakitea. Baina zuen gain jaitsiko dan Espiritu Santuaren indarra hartuko dozue, eta nire lekuko izango zarie Jerusalemen, Judea osoan, Samarian eta lurraren azken mugaraino».
    Hori esanik, gorantz igon eban Jesusek hareen begi aurrean, hodei batek begietatik ezkutatu eutsen arte. Oraindino zerura zelan joian begira-begira egozala, zuriz jantzitako gizaseme bi azaldu jakezan ondoan, eta esan eutsien: «Galilearrok, zertan zagoze hor zerura begira? Zuen ondotik zerura igon dauan Jesus hori, zerura joaten ikusi dozuen lez etorriko da barriro».

Jaunak esana

Erantzun salmoa

Sal 47 [46], 2-3. 6-7. 8-9 (R/. ik. 6)


R/.   Oihu alaien artean igon dau Jainkoak,
        turuta-soinuz Jaunak.

        Edo: Aleluia.

V/.   Herri guztiok, jo egizue txalo,
egin pozez oihu eta irrintzi Jainkoari,
izugarria da-eta Jauna, Goi-goikoa,
mundu osoaren errege handia. R/.

V/.   Irrintzi artean igon dau Jainkoak,
turuta-soinuz Jaunak.
Kanta Jainkoari, kanta,
kanta gure erregeari, kanta. R/.

V/.   Jainkoa da mundu osoaren errege,
kanta trebetasunez hari.
Jainkoa nazinoen errege da,
Jainkoa bere tronu santuan dago jesarrita. R/.

 

II. Irakurgaia

Zeruan bertan sartu zan Kristo.

Hebrearrei egindako epistolatik

Heb 9, 24-28; 10, 19-23

    Senideok: Kristo ez zan sartu giza eskuz egindako santutegian –benetakoaren irudi besterik ez zan santutegian–, zeruan bertan baino, orain Jainkoaren aurrean gure alde agertzeko; eta ez zan sartu bere burua behin eta barriro opari eskeintzeko, abade nagusia berea ez dauan odolagaz santutegian urtero sartzen dan lez; bestela, hil be askotan hil behar izango eban, munduaren hasieratik. Baina ez, Kristo behin bakarrik agertu da orain, azkenak diran sasoi honeetan, bere buruaren opariaz pekatua ezerezteko.
    Eta gizon-emakumeek behin bakarrik hil behar dabela eta gero auzia izango dala erabagita dagoan lez, halantxe Kristo be: behin bakarrik izan zan opari eskeinia guztien pekatuak kentzeko, eta gero bigarrenez agertuko da, pekatuagaz zerikusirik barik, beraren zain dagozanak salbatzera.
    Senideok: Badogu konfiantza Jesusen odolari esker santutegian sartzeko, Jesusek bide barria eta bizia edegi deusku-eta errezelean zehar, hau da, bere gorputzean zehar. Eta Jesus abade gorena Jainkoaren etxeko buru dogunez, hurreratu gaitezan bihotz zintzoz eta fede osoz, barrua pekatu-kontzientzia guztitik garbiturik eta gorputza ur garbiz txukundurik.
    Iraun dagigun sendo itxaropena autortzen, berbakoa da-eta agintzaria egin dauana.

Jaunak esana

 

Aleluia

Mt 28, l9a. 20b

R/.   Aleluia.

V/.   Zoaze eta egin herri guztiak nire ikasle, dino Jaunak,
        eta Ni zeuekin izango nozue egunero
        munduaren azkenera arte. R/.

 

Ebanjelioa

Bedeinkatzen ebazan bitartean,
zerura eroan eben.

Jesu Kristoren Ebanjelioaren amaiera San Lukasen liburutik

Lk 24, 46-53

    Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Liburu Santuan idatzita egoan, Mesiasek sufridu egin behar ebala eta hirugarren egunean hilen artetik biztu, eta, Jerusalemdik hasita, bihotz-barritzea iragarri behar jakela haren izenean herri guztiei, pekatuak parkatu dakiezan. Zeuok zarie gauza honeen testigu».
    Nire Aitak agindutako dohaia, Espiritu Santua, bialduko deutsuet Nik. Zuek zagoze urian, Jainkoagandiko indarrez jantzi zaitezen arte».
    Gero, Betania aldera atara zituan Jesusek ikasleak eta, eskuak jasorik, bedeinkatu egin zituan. Bedeinkatzen zituan bitartean, aldendu egin zan eurekandik, eta zerura eroan eben. Hareek, Jesus ahuspez gurtu ondoren, Jerusalemera bihurtu ziran pozez beterik. Eta eten barik tenpluan egoten ziran Jainkoa goratzen.

Jaunak esana

 

(HOMILIA)

 

 

 

 

miércoles, 8 de junio de 2022

Pazko domeka

Pazko-eguneko Meza

A B C urteetan

I. Irakurgaia

Hilen artetik biztu ondoren, haregaz jan eta edan dogu.

Apostoluen Eginak liburutik

Eg 10, 34a. 37-43

    Egun hareetan, honan berba egin eban Pedrok: «Badakizue zer jazo zan, Galileatik hasi eta Judea osoan, Joanek iragarri eban bateoaren ondoren: hau da, Nazareteko Jesusena; Jainkoak Espiritu Santuaren indarraz igurtzi eban, eta harek on egiten eta deabruak hartutako guztiak osatzen igaro eban bizitza, Jainkoa beragaz eban-eta.
    Eta geu gara harek judeguen lurraldean eta Jerusalemen egindako guztien testigu. Jesus hau habe batetik dingilizka hil eben; baina Jainkoak biztu egin eban hirugarren egunean eta agertzeko ahalmena emon eutson; ez, ostera, herri guztiari, Jainkoak aurrez testigutzat aukeratutakoei baino: geuri, hain zuzen be, ha hilen artetik biztu ondoren haregaz jan eta edan dogunoi.
    Jesusek berak agindu euskun herriari predikatzeko eta autortzeko, bera dala Jainkoak bizien eta hilen epaile ipini dauana. Profeta guztiek autormen hau egiten dabe haretaz: harengan sinistu dagien guztiek pekatuen parkamena hartuko dabela, haren izenean».

Jaunak esana

 

Erantzun salmoa

Sal 118 [117], 1-2. 15c-16a eta 17. 22-23 (R/. ik. 24)

R/.   Hau da Jaunak egin dauan eguna,
        gu pozteko eta alaitzeko eguna.

        Edo: Aleluia.

V/.   Eskerrak Jaunari, ona da-eta,
haren maitasuna betikoa da-eta.
Esan begie israeldarrek:
haren maitasuna betikoa. R/.

V/.    «Jaunaren eskumak indarrez jokatu dau,
Jaunaren eskuma guztiz garaia da».
Ez naz hilko, ez, bizi baino,
Jaunaren egintzak kontatzeko. R/.

V/.   Etxegileek baztertutako harria
giltzarri bihurtu da.
Jaunak egin dau hori,
gure begien harrigarri. R/.

 

II. Irakurgaia

Bilatu egizuez zeruko gauzak,
han dago-eta Kristo.

San Paulo Apostoluak Kolosarrei egindako epistolatik

Kol 3, 1-4

    Senideok: Kristogaz berbiztu zarien ezkero, bilatu egizuez zeruko gauzak, han dago-eta Kristo, Jainkoaren eskumaldean jesarrita. Izan egizuez aurrean goiko gauzak, eta ez lurrekoak, hilik zagoze-eta, eta zuen bizia Kristogaz dago Jainkoagan gordeta. Kristo, zuen bizia, agertuko danean, zuek be aintzatsu agertuko zarie beragaz batera.

Jaunak esana

 

          Edo aukeran:

Baztertu egizue legamina zaharra,
eta izan ore barri.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo epistolatik

1 Ko 5, 7b-8

    Senideok: Kristo gure Pazko Bildotsa opari eskeinia izan da. Ospatu dagigun, beraz, Pazko-jaia, ez legamina zaharragaz, pekatuzko eta gaiztakeriazko legaminagaz, legamina bako pazko-ogiekin baino, hau da, bihotz-garbitasunez eta egiaz.

Jaunak esana

 

Neurtitza

          Egun honetan esan beharrezkoa da neurtitza; zortziurreneko egunetan, nahi bada.

 

Hil eben Pazko Bildotsa
goratu, bai, kristauok.
Pekatuan gengozanok
Kristo errubakoak
baketu ginduzan Aitagaz.
Heriotzak eta biziak
burruka latz gogorra:
hilik be, Kristo bizirik da.

Esaizu, Maria:
Zer dozu ikusia?

 «Berbiztuaren hobia,
bizirik dan Kristoren argia.
Aingeru autorle, hil-oihal ta jantziak.
Biztu da Kristo, itxaron!
Aurretik dozue Galilean».

Badakigu biztu dana hilengandik egiaz:
Erruki zakiguz, gure Errege!

 

Aleluia

Ik. 1 Ko 5, 7b-8a

R/.   Aleluia.

V/.   Kristo gure Pazko Bildotsa
        opari eskeinia izan da;
        ospatu dagigun Pazko-jaia. R/.
 

Ebanjelioa

Jesusek hilen artetik biztu behar eban.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik

Jn 20, 1-9

    Astearen lehen-egunean, Maria Magdalena hilobira joan zan goizean goiz, oraindik ilun egoala, eta harria hilobitik kenduta ikusi eban. Orduan, Simon Pedrogana eta Jesusek maite eban beste ikasleagana bihurtu zan lasterka, eta esan eutsen: «Eroan egin dabe Jauna hilobitik, eta ez dakigu non jarri daben».
    Urten eben, orduan, Pedrok eta beste ikasleak, eta hilobirantz abiatu ziran. Biak batera joiazan lasterka, baina beste ikaslea Pedro baino arinago joian, eta lehenago heldu zan hilobira. Barrura begiratzeko makurturik, oihal-zerrendak lurrean ikusi zituan, baina ez zan sartu.
    Heldu zan haren atzetik Simon Pedro be eta hilobian sartu zan. Oihal-zerrendak lurrean ikusi zituan, baita Jesusen burua batzen egondako zapia be; hau, ostera, ez egoan oihal-zerrendekin batera jarrita, beste leku baten batuta baino. Orduan, sartu zan beste ikaslea be, hilobira lehenengo heldu zana. Ikusi eta sinistu egin eban. Izan be, ordura arte ez eben ikasleek ulertu Liburu Santuak dinoana, Jesusek hilen artetik biztu behar ebala.

Jaunak esana

 

Ebanjelio honen ordez, Pazko Gaubelako Ebanjelioa iragarri leiteke.
     Mezea arratsaldean emotekoa bada, beste Ebanjelio hau be iragarri leiteke: Lk 24, 13-35.

 

 

 

 

martes, 7 de junio de 2022

Jesu Kristoren Abade Nagusitza

3. JESU KRISTO GURE JAUNA,
BETIEREKO ABADE NAGUSIA

I. Irakurgaia Itun Zaharretik

          Irakurgai hau pazkoalditik kanpo baino ez da erabiliko

          Gure pekatuakaitik zulatu eben.

Isaias Profetaren liburutik

Is 52, 13–53, 12

Hara, nire zerbitzariak arrakasta lortuko dau;
goratua, gorengo mailara jasoa izango da.
Asko eta asko ikaratu ziran haretaz,
hain eban-eta giza itxura be galdua
eta gizakia zanik be ez zirudian;
era berean, herri asko harrituko dira,
erregeak haren aurrean mutu geldituko,
inoiz kontatu ez jakena ikusiko dabe-eta,
inoiz entzun ez ebena adituko.
Nork sinistu dau gure mezua?
Nori agertu jako Jaunaren ahalmena?

Sustraiak lur lehorrean dituan kimua lez
hazi zan Jaunaren zerbitzaria haren aurrean;
ez eban duintasunik, ez edertasunik,
ez gure begientzat itxura erakargarririk;
mespretxatua eta jenteak baztertua,
oinaze-gizona, sufritzen ikasia;
ez ikusiarena egiten jakona lez,
mespretxatu egin genduan eta aintzakotzat hartu ez.

Baina gure gatxak bere gain hartu ebazan harek
eta gure oinazeak eroan.
Guk, barriz, zigortutzat geunkan,
Jainkoak zauritu eta atsekabetutzat.
Gure pekatuakaitik zulatu eben,
gure erruakaitik zanpatu.
Haren gainera jausi zan guretzat salbagarri dan zigorra:
haren zauriek osatu gaitue.
Ardiak lez genbiltzan galduta, bakotxa geure bidetik,
eta Jaunak haren gainera bota eban gu guztion errua.
Txarto erabili eben,
baina ha apaldu egin zan, ahorik zabaldu barik.
Hiltzera daroen bildotsak lez,
ule-moztaileen aurrean isilik dagoan ardiak lez,
ez eban ahorik zabaldu.

Gogor eta zuzentasun barik eroan eben;
baina haren zoria nori ardura?
Bizidunen lurretik jaurti eben,
nire herriaren pekatuagaitik jota.
Gaiztoen artean lur emon eutsoen,
gaizkileekin batera hilobiratu,
nahiz eta harek bidebakokeriarik ez egin
eta haren ahoan maltzurkeriarik ez izan.

Jaunak oinazez josi nahi izan eban.
Pekatuen ordainetan bizia emon ebala,
izango ditu ondorengoak eta bizitza luzea,
eta haren bitartez Jaunaren nahia burutuko da.
Hainbat neke jasan ondoren,
argia ikusiko dau eta asea izango da.
Ikasi dauanaren bidez,
nire zerbitzari zuzenak asko egingo ditu zuzen,
hareen gaiztakeriak bere gain hartu ebazan-eta.

Horregaitik, jentetza ugaria emongo deutsat ordainetan,
gizataldeak izango ditu garaipen-sari,
bere burua heriotzara emon ebalako
eta pekatarien kidetzat hartu ebelako.
Danen pekatuak bere gain hartu ebazan
eta pekatarien alde erregutu eban.

Jaunak esana.

I. Irakurgaia Itun Barritik

          Pazkoaldian irakurgai hauxe erabiliko da

Jesus abade handia Jainkoaren etxeko buru dogu.

Hebrearrei egindako epistolatik

Heb 10, 11-18

    Senideok: Kristo, pekatuakaitik opari bat bakarra eskeini ondoren, Jainkoaren eskumaldean jesarri zan behin betiko. Eta, orain, Jainkoak arerioak oin-aulkitzat noiz jarriko deutsozan itxaroten dago. Izan be, opari bakar baten bidez euren betera eroan ditu Jainkoarentzat behin betiko sagaratuak diranak.
    Autorpen bera egiten deusku Espiritu Santuak be, hau esatean:

«Hona hemen etorkizunean
hareekin egingo dodan ituna –dino Jaunak–.
Bihotzean ezarriko deutsedaz neure legeak
eta buruan idatziko.
Eta hareen pekatuaz eta gaiztakeriaz
ez naz gehiago gogoratuko».

    Holan ba, pekatuak parkaturik dagozanean, ez dago pekatuen parkamenerako opari beharrik.
    Beraz, senideok, badogu konfiantza Jesusen odolari esker santutegian sartzeko, Jesusek bide barri eta bizia edegi deusku-eta gortinan zehar, hau da, bere gorputzean zehar. Eta Jesus abade handia Jainkoaren etxeko buru dogunez, hurreratu gakiozan bihotz zintzoz eta fede osoz, barrua pekatu-kontzientzia guztitik garbiturik eta gorputza ur garbiz txukundurik.
    Iraun dagigun sendo itxaropena autortzen, berbakoa da-eta agintzaria egin dauana.

Jaunak esana.

 

Erantzun-salmoa

Sal 40 [39], 6. 7-8a. 8b-9. 10. 11 (R/. ik. 8a. 9a)


R/.
   Hemen nozu, Jauna, zure nahia egin dagidan.

V/.   Jauna, ene Jainko, bai mirari ugari egin dozula,
        eta zenbat egitasmo gure alde!
        Ez da inor Zu adinakorik!
        Iragarri nahi neukez eta zabaldu,
        baina konta ahala baino gehiago dira. R/.  

V/.   Zuk ez dozu sakrifiziorik eta eskeintzarik nahi izan,
        ez erre-oparirik eta pekatuen parkamen-oparirik eskatu;
        baina belarriak edegi deustazuz.
        Horregaitik dinot: «Hemen nozu». R/.

V/.   Hau dago nitaz liburuan idatzita:
        egin dagidala zure nahia.
        Atsegin dot, ene Jainko,
        barru-muinetan dot zure legea. R/.

V/.   Iragarri dot batzar nagusian zure justizia,
        ez ditut ezpanak itxi, ondo dakizu, Jauna. R/.

V/.   Ez dot neure kolkorako gorde zure justizia,
        zure leialtasunaren eta salbazinoaren barri emon dot,
        ez ditut isildu zure maitasuna eta egia
        batzar nagusian. R/.

Aleluia eta Ebanjelio aurreko txatala

Is 42, 1

R/.   Aleluia

V/.   Hona nire zerbitzaria, Nik eusten deutsadana,
        nire aukeratua, atsegin dodana.
        Honengan ipini dot neure espiritua:
        zuzenbidea ekarriko deutse herriei. (R/.)

 

Ebanjelioa

          Hau nire Gorputza da.
Edalontzi hau itun barria da, neure Odolaz ezarria.

 Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk  22, 14-20

    Ordua etorri zanean, Jesus mahaian jarri zan apostoluekin eta esan eutsen: «Baneukan gogoa, sufridu aurretik pazko-afari hau zuekaz egiteko. Hara zer dinotsuedan: ez dot gehiago Pazkoa ospatuko, berau Jainkoaren erreinuan bere betera heldu arte».
    Eta edalontzi bat hartu, esker oneko otoitza egin eta esan eban: «Hartu egizue eta banatu zeuon artean. Hara zer dinotsuedan: ez dot gaurtik gehiago ardao honetatik edango, Jainkoaren erreinua heldu arte».
    Gero, ogia hartu eta, esker oneko otoitza eginez, zatitu eta emon eutsen, esanez: «Hau neure Gorputza da, zuentzat emongo dana. Egizue hau neure oroigarri».
    Afal ondoan gauza berbera egin eban edalontziarekin, esanez: «Edalontzi hau itun barria da, zuentzat isuriko dan neure Odolaz ezarria.

Jaunak esana.

 

Iruzkina

     Zelan ulertu izan ete dogu pasarte hau, zelan ulertzen ete dogu, eta zelan ulertu behar izango ete geuken dira burura jatortazan itaunak.

     Jesusentzat garrantzi handiko keinua zanaren aurrean jarten gaitue ebanjelariek, Joanek beste era batera emoten badeusku ere. Eta, behar bada horrexegaitik, sortu daitekez itaunok, edo lagundu leigu erantzuna emoten, edo Jesusen asmoa ulertzen eta norberetzen.

     Alde batetik Tradizino baten aurrean jarten gaitu pasarteak: Jesusek Pazkoa ospatu gura dau ikasleekaz.  Eta, bestetik, Jesusentzat ez da izango Pazko tradizionala; Pazko hari eta erabilten diran keinuei esangura barri bat emongo deutse.

     Ez da Itsaso Gorria igarotea, Aitagana bere igarotea baino. Ez doa heriotzara, Aitaren aintzara baino. Ez deutsoe bizia kentzen, berak emoten dau besteen bizigarri.

     Eta hori alkarregaz gogoratu eta gauzatu behar dabe ikasleek: horixe itxaroten dau hareekandik. Eta horixe da ogi-ardauei emoten deutsen esangurea: emoten dan bizitzaren ezaugarri dira.

     Gu… ezaugarrian ez ete gara geratu, emoten dan bizitzaren ezaugarri izan behar dauala gureak ulertu barik?...

 

 

 (Testua jatsi)